DNA baseak zergatik dira direnak?
2002/09/18 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Gorputzak ondo funtziona dezan, kode genetikoa zuzen erreplikatzea ezinbestekoa da, eta, hori ongi egin dadin, nahitaezkoa da akatsik gabeko baseak izatea. Zientzialariaren ustez, baseek duten konposaketa kimikoak kode genetikoan akats gutxiago agertzen laguntzen du.
Hori frogatzeko, informatikan erabiltzen den kode-sistemarekin ( 0 eta 1, alegia ) alderatu ditu baseen ezaugarri kimikoak. Baina lehenik eta behin gogora ditzagun baseen ezaugarriak zein diren: Adenina (A) eta guanina (G) purina izeneko molekula-talde baten barruan sartzen dira. Timina (T) eta Zitosina (C), berriz, pirimidinen taldekoak dira. DNA katea osatzeko, purina bakoitza pirimidina batekin bakarrik lotzen da, A-T eta G-C hain zuzen, eta base-pareen arteko loturak hidrogenozkoak dira.
Zientzialariak datu horiek guztiak lengoaia informatikora itzuli ditu eta, horrela, molekula bakoitzak bere ezaugarrien araberako kodea du. Har dezagun G adibide bezala. G C-rekin lotzen da hidrogeno-loturen bidez. Bi baseen arteko loturaren barne-egitura aztertuta G-ri 011 kodea dagokio.(Ikus irudia)
Horretaz gain, purina diren baseei 0 balioa ematen zaie eta pirimidinei 1. Horrela, G-ren kodea 011,0 izango da. C-ren kodea, berriz, 100,1 da. Argi ikus daitekeenez, bi baseen kodeak guztiz bateragarriak dira. A eta T-rekin gauza bera gertatzen da.
Lau baseen kodeek ezaugarri oso berezi bat dute: informatikarien hizkuntzan esanda, parietate bikoitiak eratzen dituzte, hau da, kode bakoitzean aurki daitekeen 1 kopurua beti bikoitia da.
Base akastun baten kodea ateraz gero, 1en kopurua aldatu egiten dela ikusiko dugu, eta kopuru osoa bikoitia izan beharrean bakoiti bilakatuko da. Horrek asko errazten du akastun baseak detektatzea eta, ondorioz, horiek konpontzea.
Ezaugarri hori dela eta, Mac Dónaill-en arabera, geneak osatzen dituzten baseak lau horiek izatea ez da kasualitate hutsa, aukeraketa selektibo luze baten ondorioa baizik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia