Dislexia berriz definitu nahian
2005/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dislexia duten haurrek irakurtzeko arazoak izaten dituzte; izan ere, dislexia —definizioz— “hitzak, silabak edo letrak nahastean edo ezin irakurtzean datza”. Baina gaixotasuna hobeto definitu behar omen da; izan ere, orain arte zuzenean ikusmenarekin lotu da, eta, aditu batzuen esanean, ikusmenean ez baizik eskemak egitean egon daiteke arazoa.
Nolabait esateko, haur hauei asko kostatzen zaie irudia bera inguruko 'zaratatik' bereiztea, garrantzizkoa dena ez denetik bereiztea kostatzen zaielako, eta hori, antza, kategoria pertzeptualak (hautemandakoaren kategoriak) egiteko zailtasunagatik da.
Aditu horiek ikertu nahi dute ikusmenarekin ez ezik entzumenarekin ere arazo bera ote daukaten, hau da, soinuak zaratatik bereizteko zailtasunik izaten duten.