}

Disenteriaren aurkako txertoa

1999/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Shigella bakterioak dira hesteetan sartu eta disenteria sorrarazten dutenak. Garbitasuna da gaixotasunaren aurkako txertorik egokiena eta tratamendua berriz, antibiotikoak. Hirugarren Munduko Herrialdeentzat, hauek baitira nagusiki disenteria pairatzen dutenak, zaila da lehenengoa eta oso garestia, berriz, bigarrena. Paris-eko Pasteur Institutuko ikertzaileek ordea, Shigellia flexeri bakterioaren kontrako txertoa lortu dute. Bakterioek zeluletan sartzeko erabiltzen duten genea identifikatu eta eraldatu egin dute txertoa osatzen duten espezimenetan.

Horrela, bakterioek ezin dute zelula batetik bestera igaro ez eta bizirik iraun ere. Txertoa Ameriketako Estatu Batuetan probatu da pertsona boluntarioekin eta inork ere ez du gaixotasuna harrapatu txertatuak izan ondoren infekzioa injektatu zaienean. Txertoaren abantailak: dosi bakarrean hartzen da ahotik eta unitateko dolar erdia baino gutxiago balio du. Gaur egun infekzio-guneetan ari dira probak egiten, baina oraindik Shigella-ren beste bi formen aurkako babesa aurkitzeke dago. Helburua hiru bakterioentzat txerto bakarra lortzea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia