Diru-sarrera handiak dituztenek dute aztarna energetiko handiena
2024/08/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ekopol ikerketa-taldeak Espainan egindako ikerketa batek agerian utzi du zer faktorek duten eraginik handiena norbanakoen aztarna energetikoan. Zehazki, diru-sarrerak, etxebizitzako biztanle-kopurua eta jatorria dira gehien eragiten duten faktoreak. Hala, diru-sarrera altuko etxebizitzetan, 63,3 MWh-rainoko aztarna energetikoak neurtu dituzte pertsonako eta urteko; estatuko batezbestekoa baino % 75 handiagoak, hain zuzen. Era berean, bakarrik bizi diren pertsonen aztarna energetikoa batezbestekoarena baino % 41,4 handiagoa dela ikusi dute. Kontrara, jatorri migrantea duten etxebizitzetan, aztarna energetikoa 24,7 MWh-koa da pertsonako eta urteko, batezbestekoa baino % 31,8 baxuagoa.
Erkidegoei dagoekienez, Nafarroa eta EAE dira energia-aztarna handiena dutenak: Nafarroarena Espainaiko batezbestekoa baino % 17,6 handiagoa da, eta EAErena % 15,4 handiagoa.
Emaitza horietara iristeko, ikertzaileek Espainiko autonomia-erkidegoen kontsumoa aztertu dute, segmentu sozioekonomikoen arabera (diru-sarrera, nazionalitatea, etxebizitzako biztanle-kopurua, adina, udalerriaren neurria eta generoa), eta kontuan hartu dituzte ezkutuko energia fluxuak, alegia, inportatutako zerbitzuetan eta produktuetan txertatutako energia. Izan ere, Estitxu Villamor Lomas Ekopoleko ikertzaileak gogorarazi duenez, jasangarritasunaz hitz egitean, maiz produktuak esportatzen dituzten herrialdeetan jartzen da fokua, hala nola Indian eta Txinan. Alabaina,Villamorren esanean, garrantzitsua da herrialde aberastuen ardura kontuan hartzea, horiek deslokalizatu baitute industria arestian aipatutako herrialdeetara.
Ikerketaren arabera, aztarna energetikoaren zatirik handiena zeharkakoa da, alegia, produtuetan eta zerbitzuetan txertatuta dagoena, guztizkoaren % 74,9-koa izatera iristen baita. Berriz, ere, AEA eta Nafarroa agertzen dira buruan, 32.9 eta 32,6 MWh-ekin pertsonako eta urteko, hurrenez hurren. Ikerketa osoa eskura jarri dute, irekian, Cleaner Environmental Systems aldizkarian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia