Elhuyar zientziaren komunikazioa

DIPC10en ospakizunak bukatzeko, objektuak ikusezin bihurtzea, erribosomak eta antibiotikoak, eta zientziarekiko grina

2010/10/03 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

John Pendry, zientziari egindako ekarpenengatik sir titulua duen fisikaria, Ada Yonath, iazko kimikako Nobel sariduna eta Heinrich Rohrer, fisikako Nobel sariduna. Hiru ikertzaile handi horiek aritu ziren ostiralean DIPCren hamargarren urteurrena ospatzeko egindako hitzaldi-sortaren azkeneko egunean.

Metamaterialak diseinatu dituen lehenengo gizona da sir John Pendry. Hau da, naturan aurkitzen ez diren propietateak dituzten material artifizialak diseinatu ditu. Materialak sortzeko orduan, elementu kimikoek muga bat dutela esan zuen. Material horietako batzuei egitura fisiko jakin bat emanda, eta egitura horretako hainbat osagai erabilita, berriz, propietate desberdinetako materialak sor daitezke. Materialak sortzeko aukerak, hala, mugarik gabe ugaritzen dira.

Material berezi horietako batzuen berezitasuna argia modu berezian islatzea eta desbideratzea dela azaldu zuen. Adibidez, argiak objektu baten gainetik pasatzean izaten duen desbideratzea aldatzeko gai diren metamaterialak diseinatu dituzte, eta argiari bide zuzena eginarazten diote. Hala, material horrekin egindako geruza batez objektu jakin bat estaliz gero, objektua ikusezin bihurtzen dute. "Oso ongi ari gara pasatzen material horiekin optikaren arloan", esanez bukatu zuen Pendryk hitzaldia.


Sir John Pendry-ren hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)

Erribosomei lotuta egindako ikerketen berri eman zuen Ada Yonathek bere hitzaldian. Proteinak fabrikatzen dituzten makinatxoak dira erribosomak. 30 urtez egindako ikerketen emaitzak erakutsi zituen, hau da, makinatxo horien egitura zehatza zein zen eta proteinak nola fabrikatzen diren. Horrekin batera, azaldu zuen antibiotiko askok bakterio patogenoen erribosomak kaltetzen dituztela. Hortaz, oso garrantzitsua da jakitea non eta nola eragiten duten antibiotikoek, horrek eman baitezake bidea antibiotiko eraginkorragoak sortzeko.

Emaitza horietara guztietara iristeko bidea zaila izan zela kontatu zuen. Everest igotzea bezain gogortzat jo zuen emandako aurrerapauso bakoitza. Erribosomak kristalizatzea ezinbestekoa zuten egitura aztertzeko, eta ezinezkotzat jotzen zuten garai hartan, 1980ko hamarkadaren hasieran, horrelakorik egitea. Hartz polarrek eman zioten orduan aurrera egiteko bultzada, irakurri baitzuen erribosomak modu ordenatuan paketatzen dituztela zeluletan hibernazioa egiteko.


Ada Yonath-en hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)

Azkenik, zientziarekiko grinaz eta liluraz aritu zen Heinrich Rohrer. Hitzaldiaren une askotan zientzialari gazteei hitz egin zien. Izan ere, zientzian aritzeko lilura, zaletasuna eta grina izan behar direla uste du, baina azken hamarkadetan espiritu hori galdu egin dela esan zuen. Pizgarri ekonomikoek, emaitzak lortuko direla hitz emateak, lehiakortasunak, handinahikeriak eta abarrek behar baino leku handiagoa dute zientzian gaur egun, Rohrerren ustez.

Zientziaren betiko balioak berreskuratu behar dituztela esan zien gazteei. Eta, horretarako, inpartzialak izatea, nork bere uste sendoak defendatzeko ausardia izatea, eremu ezezagunetan sartzera ausartzea, ikerketa-gaiak eta lankideak aukeratzeko abilezia izatea eskatu zien, besteak beste.


Heinrich Rohrer--en hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia