DIPC10: biharko medikuntza, gaur
2010/09/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Kursaaleko areto nagusia gainezka zegoen atzo arratsaldean. Izan ere, DIPCren 10. urteurreneko ospakizunen hasiera zen. Atzo ziren Passion for Knowledge (ezagutzarekiko irrika) izeneko hitzaldi-sortako lehenengo biak, eta jende asko bildu zen haiek entzutera. Asko eta askotarikoak: ikasleak, irakasleak, ikertzaileak, gazteak eta adindunak, denetik zegoen bertaratutakoen artean. Izar gonbidatuak, berriz, Robert Langer MITeko bioingeniaria eta Aaron Ciechanover kimikako Nobel sariduna ziren.
Haien hitzaldien aurretik, inaugurazio ofiziala izan zen Pedro Miguel Etxenike DIPCren zuzendariaren eta Isabel Zelaa Hezkuntza-sailburuaren eskutik. Biek azpimarratu zuten oinarrizko zientzian inbertitzeko beharra, eta gazteengan jarri zuten zientzia garatzeko itxaropena eta ardura.
Ondoren, Robert Langer ri eman zioten hitza. Langerrek bere ibilbidearen errepaso bat egin zuen. Ingeniaritza ikasi zuen, baina, ikaskideek ez bezala, ez zuen petrolio-enpresa batean lan egin nahi, medikuntzatik jo nahi izan zuen. Baita lortu ere. Hain zuzen ere, bioteknologia eta materialen zientzia uztartuta lan egin du geroztik, eta aurrerapauso garrantzitsuak lortu ditu arlo horretan.
Robert Langerren hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)
Hitzaldian horietako batzuk aipatu zituen, hastapenetatik hasita. Hala, angiogenesiaren inhibitzaileak behar diren tokian, unean eta kantitatean askatzeko sistema nola diseinatu zuten gogoratu zuen. Sendagaiak askatzeko sistema berrien garapenean nanoteknologiak izango duen lekua ere azaldu zuen. Hain zuzen ere, minbiziaren aurkakoak ez ezik, intsulina, hazkuntza-faktoreak, gene-terapiarako molekulak eta txertoak emateko ere sistema aproposak garatzeko lanean ari dira orain haren laborategian.
Horrez gain, MITeko laborategian diseinatutako biomaterial berrien adibide ikusgarriak erakutsi zituen; besteak beste, erredura larriak izandako haur txiki bat nola sendatu zen laborategian egindako ehun bati esker. Euskarri polimeriko baten gainean zelulak ereinda hazitako protesiak ere erakutsi zituen (giza sudurra zuen untxi bat, belarrian giza belarri bat zuen beste untxi bat), eta atzeko hankak mugitu ezin zituzten saguak eta tximinoak txertatutako protesiei esker nola ibiltzen ziren azaldu zuen. Irudi adierazgarriak, etorkizun hurbil baten iragarleak.
Hirugarren iraultza
Medikuntzaren etorkizun hurbilaz aritu zen Aaron Ciechanover ere. Hain juxtu, medikuntzaren hirugarren iraultzaren atarian gaudela esan zuen. Horren aurretik, baina, ohartarazi zuen ezinezkoa dela egia bihurtzea beti gazte irauteko eta gaixotasun guztiak sendatzeko ametsa.
Aaron Ciechanoverren hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)
Medikuntzak lorpen handiak egin omen ditu, hala ere. Azaldu zuenez, lehenengo iraultza ustekabeko aurkikuntzei esker gertatu zen, eta aspirinaren eta penizilinaren adibideak eman zituen. Bigarren iraultza konposatu kimikoen screening masiboaren ahalmenean oinarritzen da. Horrela aurkitu dira, esaterako, kolesterolaren aurkako estatinak.
Orain hirugarren iraultzaren atarian gaudela iragarri zuen Ciechanoverrek. Hala, XXI. mendeko medikuntza lau P-dun medikuntza izango dela adierazi zuen: " personalized, predictive, preventive and participatory ", hau da, pertsona bakoitzari egokitua, iragar daitekeena, prebentiboa eta parte-hartzailea.
Norberari egokitutako medikuntza zer zen azaldu zuen Ciechanoverrek. Pertsonalizatuak ez baitu esan nahi paziente bakoitzarentzako botika bat asmatuko denik, baizik eta pazientearen profil molekularrari edo genetikoari dagokion tratamendua ezarriko dela. Dagoeneko erabiltzen da metodologia hori, esaterako, bular-minbizian. Hala, gaur egun ez da esaten bular-minbizia minbizi-mota bat dela, minbizi-talde bat dela baizik.
Pertsona batek gaixotasun jakin bat garatzeko zer aukera duen kalkulatzeko modua ere egongo dela esan zuen. Alabaina, informazio hori kudeatzeak arazoak ekar ditzakeela ohartarazi zuen. Haren iritziz, psikologoek, soziologoek eta beste arlo batzuetako adituek ere aztertu behar dute auzia. Azken finean, beharrezkotzat jo zuen diziplinen arteko elkarlana.
Zientzialariei ohar bat eginez amaitu zuen hitzaldia, haien ardura baita, Ciechanoverren esanean, alde onak eta politak ez ezik arazoak ere erakutsiz komunikatzea zientzia jendeari. Atzo behintzat ondo bete zuten ardura hori, bai Langerrek, bai Ciechanoverrek berak ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia