}

Dinosauroengatik, bai ala ez

2007/08/05 Txintxurreta Agirre, Arantxa - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Dinosauroek zerikusirik izan zuten ugaztunen ugaritzean, bai ala ez? Batzuen ustez bai, eta beste batzuen ustez ez. Arrokei begiratzen dietenek baietz diote, ugaztunak dinosauroak desagertu zirelako ugaritu zirela; molekulei begiratzen dietenek ezetz, ugaztunei bost axola ziela dinosauroak hil ala bizi.
Gaur egungo animaliek ere iraganaren berri ematen dute DNAren bidez.

Gauza asko dakigu ugaztunei buruz (ugatzak, ilea, ornoak eta odol beroa dituztela, esaterako), baina ez dakigu noiz eta non sortu ziren, ezta dinosauroek zerikusirik izan ote zuten haien ugaritzean ere. Orain arte onartu izan da ugaztunak izugarri ugaritu zirela dinosauroak desagertu zirenean, piztia handi haiek utzitako lekua hartu nahi izan zutelako. Ugaztunek boom bat izan zutela esaten da.

Bi ikerketa kontrajarri

Nature aldizkari ospetsuaren martxoko alean, ikerketa baten berri eman zuten: fosiletan zein gaur egungo ugaztunen DNA-molekuletan oinarrituta inoiz egin den ikerketarik zabalenak ezeztatu egiten zuen ordura arte pentsatzen zena. Emaitza haien arabera, dinosauroek ez zuten zerikusirik izan ugaztunen boomarekin, eta benetako booma dinosauroak desagertu eta 15 milioi urte ingurura gertatu zen. Gainera, gaur egun bizirik dauden ugaztunen arbasoak duela 100-85 milioi urte inguru sortu zirela esan zuten; dinosauroak suntsitu baino 20 milioi urte lehenago, alegia!

Urtxintxa honek izango du al dinosauroen berri?
P. Myers, Michigan Unibertsitatea

Handik hiru hilabetera, beste ikerketa baten berri eman zuten Nature -n bertan: fosiletan oinarrituta inoiz egin den ikerketarik zabalenak baieztatu egin zuen ordura arte pentsatzen zena, alegia, dinosauroak suntsitu eta berehala plazentadun ugaztunak ugaritu egin zirela. Gainera, ikerketa berak zioen orduantxe, eta ez lehenago, sortu zirela gaur egun bizirik dauden ugaztun gehienak.

Hau da hau saltsa! Hiru hilabeteko tartean bi azalpen horren desberdin. Zer esan behar zaie orain Natur Zientziatako klaseetan ikasleei?

Arrokak vs molekulak

Lehen, fosilek eta arrokek bakarrik ematen ziguten iraganaren berri. Harri bihurtutako animalia horien itxurari begiratuz, eta batzuk besteekin konparatuz, zein antzekotasun zituzten begiratu, eta animalia-taldeen arteko erlazioaren berri jakin zitekeen. Baina duela 15 bat urte DNA sartu zen, indartsu. Arrokek bezalaxe, DNA-molekulek iraganaren berri ematen dute. Denboraren grabagailuak dira, horiek aztertuz zer gertatu zen jakin daiteke. Bizi diren espezieetan aztertzen da DNA, fosildutako animaliek ez baitute DNArik gordetzen.

Fosildutako animaliek iraganaren berri ematen dute.
Rochester Unibertsitatea

Baina fosilek eta molekulek esaten dutena ez datoz bat beti; argi geratu da hori ugaztunen auzi honetan ere. Ez da lehenengo aldia. Adibidez, fosilek diote duela 475 milioi urtetik daudela landareak Lurrean; molekulek, aldiz, duela 700 milioi urte ere bazeudela diote. Desadostasuna dagoenean, molekulek, beti, zaharragotzat jotzen dituzte gertaerak fosilek baino.

Ez metodo bat eta ez bestea ez dira perfektuak, hutsuneak dituzte: fosilik ez aurkitzeak, adibidez, ez du esan nahi fosilik ez dagoenik, eta, DNA aztertzeko metodologiak, berriz, datuak handitzera jo ohi du. Arazoak arazo, zientzialariak lanean ari dira bi metodoen arteko desberdintasuna geroz eta txikiagoa izan dadin, haien ustez hor baitago emaitza bateratua emateko gakoa. Ea bada noiz argitzen diguten ugaztunok aprobetxategi batzuk izan ginen, ala guri bost axola zigun dinosauroak desagertzeak!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia