Diderot, Denis
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1713-1784)
Entziklopedista frantses hau Langres-en (Marne Garaian) jaio zen 1713.eko azaroaren 5ean. 1723.etik 1728. urtera bitartean jesuiten ikastetxe batean ikasi zuen eta 1729an Parisko Unibertsitatean aritu zen 1732an arteetan doktoratu zen arte. Hurrengo hamar urteetan egin zuenaren berri zehatzik ez bada ere, gai ezberdin asko jorratu zuela uste da.
1743an Antoinette Champion-ekin ezkondu zen isilpean. 1746an, Pensées Philosophiques (Pentsamendu Filosofikoak) bere lehen obra idatzi zuen, baina Parisko Parlamentuak gaitzetsi egin zuen argitaratu eta hilabetera. Urte hartan bertan, d'Alembert matematikariarekin batera, Cyclopaedia de Chambers izeneko entziklopedia ingelesa frantsesera itzultzeko kontratua sinatu zuen. 1748. urtean bere lehenengo elaberria argitaratu zen; Bitxi Indiskretuak deitutakoa, hain zuzen ere. Horrekin batera, matematikoko gai ezberdinei buruzko txostena argitaratu zuen. Hurrengo urtean gartzelaratu egin zuten, bere saiakera batean eboluzioa aukera natural bat izan zitekeela aipatu zuelako. Halo eta guztiz ere, kontratua sinatu zuenetik ez zion entziklopedia itzultzeko lanari utzi eta ondorioz, 1751.ean lehen alea argitaratu zen. Baina agintariek lan hura gaitzetsi egin zuten, bertan absolutismo monarkikoak eta ortodoxia erlijiosoak onartzen zituzten teorien aurkako iritzi asko zegoelako. Horregatik 1759an entziklopediaren argitarapen-prozesua gelditu egin zen. Hala ere, Diderotek ezkutuan entziklopedia itzultzen segitu zuen. Beste lankideek (d'Alembert barne),gartzela-arriskua ikusita, utzi egin zioten. 1772an bukatu zen entziklopedia argitaratzeko prozesua. Entziklopedia handietan lehena izan zen, mende hartako iritzi zientifiko guztiak jendearen esku jarri baitzituen.
Urte horietan zehar beste lan asko ere idatzi zuen. 1757an Le Fils Naturel (Seme Naturala) eta 1758an Le Pére de Famille (Familiako Aita) obra dramatikoak argitaratu zituen eta horien ondoren bi idazki teoriko: Entretiens avec Dorval (Dorval-ekin Solasaldiak) eta Discours sur la Poésie Dramatique (Poesia Dramatikoari buruzko Hitzaldiak). Horietan "drama burgesarekiko" bere ikusmoldea azaltzen zuen. Geroago antzerki bat, Est-il bon? Est-it méchant? (Ona al da? Txarra al da?) eta beste obra teoriko bat, Le Paradoxe sur le Comédien (Komedianteari buruzko Paradoxa) idatzi zituen, nahiz eta antzerkiaren behin-behineko bertsioa 1834. urterarte argitaratu ez. 1759an bere lehen Salón-a idatziko zuen Correspondance Littéraire-n, eta horren ondoren beste zortzi idatzi zituen. 1760. urtean, 1796an argitaratu zen La religieuse (Erlijiosa) elaberria idazten hasi zen.
Diderotek bere bizitzako hasierako urtetan diru asko izan ez bazuen ere, gero bildu zuen zerbait, entziklopedia itzultzeko kontratuagatik eta bere liburutegia saldu zuelako. Dideroten liburutegia Errusiako Katalina II.a enperatrizak erosi zion eta horrek bere bibliotekari izan zedin ere eskatu zion. Entziklopediaren itzulpena bukatu ondoren, zenbait obra politiko idatzi zuen. Besteak beste, Galianiren Apologia, merkataritza libreari buruz, Katalina II.arentzat Gogoetak (1773), Subiranoen Politikaren Printzipioak, Prusiako Federiko II.aren eta despotismoaren aurka (1774), etab. 1773 eta 1774. urteetan Errusian egon zen Katalina 1l.ak eskatuta. Bere bizitzako azken urteetan, Klaudio eta Neronen agintaldiari buruzko saiakera (1778) eta Raynal-en apologia (1781) idatzi zituen.
Diderot Parisen hil zen 1784ko uztailaren 31n. Diderotek tradizio eskolastikoari aurre eginez eta gogoeta asko egin ondoren, "natura ez dela jainkoa eta gizona ez dela makina" ondoriora heldu zen. Bera izan zen XVIII. mendean ondokoa zioen filosofo bakarra: alegia, mundu materiala betierekoa dela eta beti mugimenduan dagoela; gizakia, izaki arrazoiduna eta soziala, naturako parte dela eta beraz, horren determinismoari lotua dagoela, nahiz eta lanaren eta gogoeta-ren bidez determinismo hori menperatu eta bere historia propioa sor dezakeen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia