Diabetesa tratatzeko beste farmako bat obesitatearen aurka

Probatzen ari diren farmakoa pilulatan hartzen da, ez injektatuta. - AEBko Osasun Institutua


Semaglutida (Ozempic), tirzetapida (Mounjaro)…) eta antzeko farmakoak diabetesa tratatzeko garatu ziren lehenengo, baina, gerora, arrakasta handia izaten ari dira obesitateari aurre egiteko. Osasunaren Mundu Erakundearen oniritzia ere jaso dute, eta, klinikan, lehen aukera bihurtzen ari dira, zenbait kasutan. Hala ere, nahi gabeko albo-ondorioak ere badituzte. Orain, beste itu bat duen farmako bat probatzen ari dira, helburu berarekin, baina haien albo-ondoriorik gabe. Saio klinikoen II fasean dago, eta Cell aldizkarian argitaratu dituzte lehen fasearen emaitzak.

«muskulu eskeletikoaren jarduera metabolikoa areagotzen dute, eta, horrekin batera, glukosa-maila ere erregulatzen dute»

Hasieran aipatutako farmakoek hesteetako hormona batzuetan eragiten dute (GLP-1 hartzailea eta antzekoak); hormona horiek gosearen eta odoleko glukosa-mailaren kontrolarekin lotuta daude, eta horren bidez lortzen da efektu terapeutikoa. Orain probatzen ari diren konposatuak beta2 agonistak dira, eta oso bestelako mekanismo batean eragiten dute: muskulu eskeletikoaren jarduera metabolikoan. Hain zuzen, jarduera hori areagotzen dute, eta, horrekin batera, glukosa-maila ere erregulatzen dute. Eta ez dituzte besteek dituzten albo-ondorio kaltegarriak. Gainera, pilulatan hartzen dira, eta horrek ere abantaila ematen die, besteak injektatu egiten baitira.

Lehen fase horretan 48 boluntario osasuntsuk eta 2 motako diabetesa zuten 25 pertsonak parte hartu dute, eta emaitza onak lortu dituzte. Hortaz, bigarren fasera igaro da orain.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali