Diabetea sendatzeko bidean? Saguetan behintzat lortu da
2002/05/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Orain, Journal of Clinical Investigation aldizkari espezializatuan argitaratutako lanaren arabera, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaile-talde batek diabetea zuten sagu batzuk behin betiko sendatu ditu. Ikerketan erabilitako saguak transgenikoak baziren ere, garatu duten terapiak bestelako sagu diabetikoak ere sendatzeko balio omen du.
Zehazki, 1 motako diabetea duten saguetan IGF-I izeneko proteinaren eragina ikertu dute. Izan ere, in vitro egoeran intsulina ekoizten duten beta zelulak ugaltzea lortu da proteina horren bidez. Gainera, zelula horien apoptosia edo suizidio programatua galarazten du. Eragin hori in vivo ikusteko, arearen zelulak proteina hori ekoizteko gai izan zitezen genetikoki eraldatu zituzten saguak.
Emaitza hobezina izan da: IGF-I proteina kodifikatzen duen genea aktibatuta zuten sagu transgeniko horien odoleko glukosa-maila neurri normalera itzuli zen, hau da, guztiz sendatu ziren.
Hurrengo pausoa IGF-I proteina kodifikatzen duen genea sagu ez-transgenikoei sartu eta haietan zein eragin duen ikustea izango da. Genea sartzeko bektore moduan birusak erabilita eta zuzenean arean injektatuta, sagu transgenikoekin izandako arrakasta bera lortzea espero dute ikertzaileek. Teknika hori gizakietan aplikatzerako ikerketa asko egin beharko direla onartu badute ere, diabetea sendatzeko bidean urrats garrantzitsua egin delakoan daude.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia