Deshidratazioa, sakoneko lurrikaren gakoa
2002/11/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Nonbait, plaka kontinentalak ozeanikoak baino lodiagoak dira, eta plaka ozeanikoak, aldiz, trinkoagoak. Gainera, sakonera handian dauden presio eta tenperatura altuetan, plaka kontinentala urtuta egoten da. Horregatik, talka egitean, plaka ozeanikoa kontinentalaren azpira sartzen da. Plaka hondoratu ahala, etengabeko lurrikarak izaten dira 600 km-ko sakoneran. Hona hemen arazoa: lurrikarak arrokak hausten direlako gertatzen dira; alabaina, 50 km-tik behera, tenperatura eta presioa hain handiak direnez, arrokek ezaugarri plastikoak dituzte eta ez dira hausten. Nolanahi ere, lurrikara horiek gertatu, gertatzen dira; galdetu bestela AEBetako Oregongo eta Washingtongo kostako sismologoei, edo Txileko edo Japoniako kostakoei, adibidez. Nola, ordea?
Galdera horri erantzun nahian, Londresko Unibertsitateko eta Alemaniako Bayreuth-eko Unibertsitateko geofisikariek elkarrekin egin dute lan. Lurraren barneko geruzan, mantuan, ohikoa da serpentina arroka, eta serpentinak tenperatura eta presio altuetan duen jokabidea aztertu dute. Hala, egoera horretan gertatzen diren erreakzio kimikoen ondorioz, ikusi dute serpentinak bere baitan duen ura kanporatu egiten dela. Erreakzioek aurrera egin ahala, ura arrokaren kanpoaldeko poroetan pilatzen da, eta, azkenean, urak arroka hausten du. Beraz, arrokak deshidratatu eta hausten direnean gertatzen da lurrikara.
Ikertzaileen ustez, esperimentu horrek lur azpian gertatzen dena azaltzen du. Beste batzuen esanean, ordea, hori betetzeko, ezinbestekoa da serpentina ugari egotea, eta hori horrela den ala ez ikusteko, lan gehiago egin beharko dela uste dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia