Desertuko aztarna zaharren ezustea
2002/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Asiako desertu handien aztarna zaharrak aurkitu dituzte Txinako Qinan arroko bi aztarnategitan. Aztarnak garai haietako loess-geruzak dira, haizeak desertutik garraiatutako materialen pilaketak. Arroko loess horiek aztertuta, orain dela 22 milioi urte jada desertua zegoela baieztatu da. Beraz, uste zena baino 14 milioi urte zaharragoak dira Asiako desertuak.
Hain zaharrak diren desertu-aztarnak aurkitzeak esan nahi du Himalaiako mendiak ere sortuak zirela ordurako, desertuak mendikatearen ondorio zuzena baitira: Himalaia mendikateak itsasotik datozen euri-lainoen bidea oztopatzen du. Mendiekin topo egitean, lainoak hustu eta euri-ur dena mendien malda horretan geratzen da. Horrela, mendi osteko lurrak lehortu eta azkenean desertu bilakatzen dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia