}

Denbora neurtzen duten garuneko eskualdeak identifikatu dira

2001/02/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Denbora ongi kalkulatzea funtsezkoa da giza jardunean. 300 milisegundotik 10 segundoko tartean erabaki asko hartzen ditugu, semaforoa gorria dagoelako frenatzen noiz hasi behar dugun kalkulatu, esaterako. Egun, denbora-tarte laburrak kalkulatzeko garunean kronometro moduko sistema bat dugula onartzen da, nahiz eta sistema hori zein den eta non dagoen identifikatzea zaila eta polemikoa den.

Estatu Batuetako Milwake-ko eta Alburquerque-ko Medikuntza Fakultateetan erresonantzia magnetikoan oinarrituriko teknika berri bat erabili dute denbora kalkulatzeko erabiltzen ditugun garuneko eskualdeak identifikatzeko, eta kronometroa uste ez zen lekuetan kokatua dagoela ondorioztatu dute. Urtetan, denboraren pertzepzioa zerebeloaren baitan zegoela onartu bada ere, badirudi gongoil basalak eta eskuinaldeko lobulu parietalak arautzen dutela denboraren pertzepzioa. Ikerketa egiteko 17 boluntario osasuntsuri bi soinuen arteko denbora-tartea neurtzeko eskatzen zitzaien eta garuneko zein eskualde aktibatzen ziren begiratzen zuten. Ezbairik gabe, gongoil basalak erabili zituzten denbora kalkulatzeko.

Nature Neuroscience aldizkariaren martxoko zenbakian eman dute ikerketaren berri eta esan dutenez, hainbat nahasmendu neurologiko argitzeko bidea izan daiteke. Parkinson-en gaitza, Huntington-ena zein aditasunaren galera-sindromea hiperaktibitatearekin izenekoa dutenek, denboraren pertzepzioarekin arazoak izaten dituzte. Gaixotasun horiek gongoil basalen disfuntzioekin zerikusia dute, beraz, litekeena da guztia erlazionatuta egotea. Orain arte eginiko atariko probek erakutsi dute hiru gaitz horietan dopamina neurotransmisoreak garrantzia handia duela. Parkinson-en gaitzaren kasuan, esaterako, garuneko dopamina-maila igota denboraren pertzepzioa hobetzea lortzen da.

Kronometroa non dagoen argituta, nola funtzionatzen duen jakitea falta da, baina hori denborak esango du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia