David Southwood: “AEBetan NASA interes nazionalarekin lotzen dute. ESArekin ez da hori gertatzen”
2001/05/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Magnetosfera ikertzea ohikoa ez zen garaian hura ikertzen ibili zinen. Zer du berezia Lurra eta Eguzkiaren arteko eskualde horrek?
Magnetosfera kanpo-espazioak eta Lurrak bat egiten duten lekua da eta, han, Eguzkia, Lurra eta Lurraren atmosferaren arteko elkarrekintzak beha daitezke.
Magnetosfera ikertzea helburu duen Cluster II misioa lanean ari da. Zein da misio horren garrantzia? Zeren bila ari da? Zer espero da misio horretatik?
Magnetosfera ikusezina da ia-ia eta hura detektatzeko modu bakarra magnetosfera zeharkatzen ari garela neurketak egitea da. Informazioa puntuz puntu jasotzen da eta ondoren zientzialariek irudimena erabili behar dute informazio horrekin espazioan gertatzen denaren hiru dimentsioko irudia osatzeko. Cluster II misioak magnetosferaren hiru dimentsioko irudia egiaztatzeko prestatu den lehen misioa da. Neurketak hiru dimentsiotan egiten ditu, neurketa puntu batean bakarrik eginez gero, ezin baitaitezke mugitu ahala espazioan eta denboran gertatzen diren aldaketak bereizi. Cluster II denboraren eta espazioaren ziurgabetasuna saihesteko diseinatu da.
Esaten duzunez, orain 30 urte ez zenuen imajinatu ere egiten noizbait Baikonur-ko jaurtiketa-gunean egongo zinenik eta, are gutxiago, Cluster II misioaren espazioratzea gertatuko zenik. ESAko zientzia-zuzendari izango zinela inoiz pasa al zitzaizun burutik?
Mutiko nintzelarik, espazioarekin egiten nuen amets, baina ez nuen inoiz imajinatu espazioa ikertzeaz arduratuko nintzenik eta are gutxiago Europak espazioa ikertzeko duen erakunde nagusiaren arduradun izango nintzenik. Inork mutiko hari etorkizunean gertatuko zitzaiona iragarri izan balio, zur eta lur utziko zukeen. Izan ere, zientzian egin nituen lehen urratsak zorizkoak izan ziren hein handi batean, nahiz eta azken urteetan ESAko zientzia-zuzendari izatea posible zirudien.
ESAk misio-programa zabal eta mamitsua du hurrengo urteetarako. Zein dira izarrak?
Europa hain da handia, ezen zientzia-sektore guztiak landu behar badira ere, guztiak aldi berean egitea ezinezkoa den. Horregatik, programa oso zabala da eta 10 urteko epean, demagun, zientzia-esparru askotan aurrerapenak ekarriko ditu. Dena dela, izarrak denborarekin aldatu egiten dira. Aktoreek bezala, espazioratzen direnean sartzen dira misioak agertokian, baina geroago iristen dira agertokiaren erdigunera, zientzia-gaietan berrikuntzak ekartzeko gaitasun osoa martxan dutenean, alegia. Une hauetan, esaterako, ikaragarrizkoak iruditzen zaizkigu duela bost urte espazioratutako SOHO behatokiak Eguzkiari buruz erakutsitakoak. Batetik, Eguzkiaren azalean gertatzen diren gertakari bortitzak zehaztasunez ikertzeko aukera eman du SOHO k, eta, bestetik, helioseismologiaz baliatuz, Eguzkiaren bihotza behatu ahal izan da, haren barne-egitura ezagutzeko. Cluster II misioak ere potentzial osoa laster erakutsiko duela espero dut. Bestalde, duela urtebete jaurtitako XMM-Newton behatokia X izpiak erabiltzen ari da unibertsoaren mugetan gertatzen direnak erakusteko.
Besteak beste, Galileo proiektua martxan jarriko duzue, Estatu Batuetako GPS sarearen pareko sare europarra. Estatu Batuekiko mendekotasuna gainditzea omen da helburua. Ez al da erabaki zientifikoa baino gehiago erabaki politikoa?
Egia esan proiektu hori ez dago nire ardurapean, Claudio Mastracci ESAko aplikazioetarako zuzendariaren esku baizik. Eta hark kudeatutako guztiak bezala, Galileo ez da eduki zientifiko handiko proiektua, aplikazio praktikoetara bideratutako proiektua da, eta halabeharrezkoa du osagai politikoa. Une hauetan, satelite bidezko nabigazioa, GPS sistemarekin, Estatu Batuetako militarren esku dago erabat. Europak independente izateko martxan jarritako sistema propioak, hortaz, erabaki politikoa izan behar du nahitaez.
Hain zuzen, duela hilabete batzuk “Europako Batasunarentzat Espazio Agentziarantz” txostena plazaratu zen. Bertan, ESAren jarduera zientifikoaren eta Europako interes politiko, estrategiko eta ekonomikoaren arteko lotura sendotu beharra azpimarratu zuten. Zer deritzozu horri?
Erabat ados nago txostenean esandakoekin. Europako nazioak, batera jardunda, askoz indartsuagoak dira bakoitza bere aldetik arituta baino. Zientziak egungo gizarte garatu modernoen oinarrietan dauden sormenari eta osasunari eusten dio.
ESAri Europako interes politiko eta ekonomikoekin gehiago engaiatzea eskatzen zaio, baina, Europako herrialdeak behar adina engaiatzen al dira ESAren proiektuetan?
Bai. Nazionalismoak osasuntsuak eta naturalak dira hein batean, baina Europako programekiko konpromisoa nahitaezkoa da Europako Espazio Agentzian parte hartzen duten guztien aldetik. Banakortasunaren eta taldearen arteko oreka behar-beharrezkoa da.
Bestalde, ESAz hitz egiten den bakoitzean, ezinbestean alderatzen da NASArekin. Zer behar du ESAk NASAren mamua uxatzeko? Uxatzea beharrezkoa izatekotan. Zein dira bien arteko berdintasunak eta desberdintasunak?
Desberdintasun handienetako bat aurrekontua da. Kalkulatzeko moduaren arabera, hainbat konparaketa egin daitezke, baina analisi guztietan ondorioztatzen da Estatu Batuek Europak baino 5-7 bider gehiago gastatzen dutela espazioan. Eta hori datu objektiboa da. Hala ere, badira beste desberdintasun batzuk. Estatubatuarrek NASA interes nazionalarekin identifikatzen dute ezbairik gabe. ESArekin, ordea, ez da hori gertatzen. Nahiz eta Europako herriek elkarrekin nola lan egin dezaketen erakusten duen adibide bikaina izan eta nazioek eurek bakarrik lor ezin ditzaketen helburuak batera lortu ditzaketela berresten duen, Europako hiritarrak ez dira oraindik Europarekin identifikatzen eta, beraz, ezta ESArekin ere.
ESAri gizakiak tripulatutako misioak ez bultzatzea leporatzen zaio baita ere. Satelite komertzialen alorrean indartsua izan arren, espazioaren eta planeta berrien esplorazioan ahulezia nabaria omen da hori.
ESA Nazioarteko Espazio Estazioaren partaide da eta, beraz, tripulatutako proiektuetan parte hartzen du, nahiz eta egia den ESAn ez daukagula tripulatutako bidaien alorrean gurea bakarrik den programarik. Beharbada, Estatu Batuen nagusitasun ekonomikoak mende honetan zehar behera egiten badu, Europak bere astronautak espaziora bidaltzeko programa propioa izateko beharra sentituko du.
Ilargia ere apur bat bazterrean utzita dute espazio-agentzia nagusiek epe motz eta ertaineko planetan. Ez al litzateke ESA gehiago engaiatu behar Ilargian base iraunkor bat eraikitzeko?
Horrelako ideia bat aurrera eramateko, Europak espaziora begira dituen asmoak modu askoz zabalagoan landu beharko lituzke.
Martera joatea eta Ilargira itzultzea kontrajarriak al daude?
Ez, ez daude kontrajarriak.
Orduan, zergatik ahaztu dugu Ilargia?
Robotikaren ikuspuntutik Marte oso helburu garrantzitsua delako pizten du hainbeste interes. Hala ere, Ilargira itzultzea merezi du. Epe luzera garatu nahi den bidaia tripulatuen estrategiari begira, Martera bidaia tripulatu bat egiteko erdibideko oso pauso aproposa da Ilargira itzultzea.
Bukatzeko, beste galdera politiko bat. Europako Batasunaren ekialderako zabalkuntzan, aurki errusiarren mugetaraino iritsiko da erakunde europarra. Epe ertain edo luzera pentsa al liteke Errusiako Espazio Agentzia ESAn integratzea? Ez al litzateke erabaki estrategiko bat izango NASAren indarra orekatzeko?
Argi dago datozen urteetan ESA Europako ekialdeko herrialdeetara zabal daitekeela. Errusiaren kasua, ordea, desberdina da, euren programa baitaukate. Horregatik, ez dut uste Errusia izango denik ESArekin bat egiten duen Ekialdeko Europako lehen nazioa. Hala ere, ESAk Errusiarekin batera lan egiten du. Hurrengo urtean, adibidez, INTEGRAL behatokia jaurtiko dugu Baikonurretik, errusiarren jaurtiketa-zentrotik. Behatokiak gamma izpiak neurtuko ditu eta unibertsoko gertakari energetikoenak aztertuko ditu.
ESArentzat oso lagungarria da beste espazio-agentziekin lankidetza independenteak garatzea, ez bakarrik Errusiarekin, Baita Japonia eta beste batzuekin ere. Horrela, NASAren nagusitasuna oreka baitezakegu, neurri batean behintzat.
ESAren proiektu nagusiak
SOHO espazioko behatokia: 1995ean espazioratu zuten eta Eguzkia ikertzen ari da geroztik. NASArekin batera egindako proiektua da. Harri esker, Eguzkiari buruz inoiz baino gehiago jakin da.
XMM-Newton espazioko behatokia: 1999an espazioratu zuten. Espazioko X izpien iturriak ikertzen ditu eta zulo beltzen eta galaxien arteko materiari buruz argibide asko lortu ditu.
Cluster II: 2000n espazioratu zituzten Tango, Sanba, Rumba eta Salsa sateliteak Lurraren magnetosfera ikertzen ari dira.
Rossetta: 2003an jaurtiko dute espazio-ontzi hau eta Jupiter inguruan dagoen 46P/Wirtanen kometa ikertuko du. 2011n egingo du topo kometarekin eta bi urtez ikertuko du.
Herschel-First espazioko behatokia: 2007an espazioratuko da. Unibertsoan sortu ziren lehen galaxiek utzitako zaborrak behatzeko gai izango da, orain ezinezkoa dena.
Mars Express: 2003ko ekainean abiatuko da Marterantz, 2003ko abenduan iritsiko da eta Beagle 2 robota utziko du Marten. Gero, Marteren inguruan orbitatuko du.
BepiColombo: Merkurio planeta ikertuko du espazio-ontzi honek eta 2009an jaurtiko dute. Japoniarekin batera egingo da proiektua.
GAIA espazioko behatokia: 2012an espazioratuko da eta gure galaxiaren konposizioa, eraketa eta eboluzioa ikertuko ditu.
LISA espazioko behatokia: Grabitazio-uhinak aztertuko dituen lehen behatokia izango da. NASArekin batera prestatu da proiektua eta oraindik ez da jaurtiketa-data zehaztu.
NGST , hurrengo belaunaldiko espazio-teleskopioa: 2009an jaurtiko da. Hubble-ren ordezkoa izango da eta FIRSTekin batera unibertsoko galaxiarik zaharrenak ikertuko ditu. NASArekin lankidetzan egingo da.
Solar Orbiter:
SOHOren ordezkoa izango da eta Eguzkia ikertzen segituko du. Jaurtiketa-data ez da zehaztu.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia