Mugikorra erabiltzen dugun aldiro, whatsapp bat bidaltzeko, Interneten zerbait bilatzeko, Youtube ikusteko, eta, zer esanik ez, Chat GPTri galdetzeko, datuak erabiltzen ari gara. Daturik gabeko mundu bat irudikatzea ezinezkoa da dagoeneko. Eta datuak hodeian daudela esaten diguten arren, eta horrela irudikatzen ditugun arren, lurrean daude, makinaz eta kablez osatutako datu-zentroak dira.
Munduan 10.000tik gora dira, eta izugarri ari dira ugaritzen, sekulako abiadan. Adimen artifizial sortzailearen eztandak zerikusi zuzena du horretan. Izan ere, adimen artifizialak konputazio-ahalmen handia behar du, eta, horri erantzuteko, datu-zentro erraldoiak ari dira eraikitzen han eta hemen. Leku askotan arazoak sortu dituzte ingurumenean eta bertako biztanleengan; esaterako, akuiferoak agortu dituztelako. Izan ere, energia eta ura erruz behar dute erraldoi horiek; eta, gainera, asko kutsatzen dute, zarata handia sortzen dute eta ingurua berotzen dute.
Nazio Batuen Erakundeko uraren eta saneamenduaren errelatore bereziak aztertu du gaia, eta txostenean nabarmentzen du adimen artifizialari lotuta hain azkar ugaritzen ari diren datu-zentroak “ur-eskari kezkagarria eta elektrizitate-kontsumoaren igoera dramatikoa” ari direla eragiten. “Joera horrek arrisku larriak dakartza ur-ekosistementzat, eta ez da jasangarria etorkizunera begira”, dio txostenak. Gainera, ondorioztatzen du ur- eta energia-eskari horrek asko ahultzen dituela klima-aldaketa arintzeko adostutako planak, eta arriskuan jartzen dituela oinarrizko eskubide batzuk; zehazki, “edateko ura eskuratzeko eta saneamendurako eskubidea, eta oinarrizko beharrak betetzeko elektrizitatea izatekoa”.
“Energia-eskariaren hazkunde esponentziala presio handia ari da eragiten presa hidroelektriko handiak eraikitzeko, bai eta zentral termiko eta nuklearrak martxan jartzeko ere, nahiz eta horrela klima-aldaketa bizkortu eta ura kutsatzeko arriskuak areagotzen diren”, ohartarazten du. “Hain zuzen ere, Amazon, Google, Meta eta Microsoft korporazioak aliantza estrategikoak eratzen ari dira hidrokarburoen industriarekin, eta zentral nuklearrak eraikitzeko planak egiten ari dira, beren energia-eskari izugarria asetzeko”.
«Lehenengo arazoa da ezin dugula jakin benetan zenbat ur eta energia xahutzen duten»
Hala, denbora batez datu-zentroak eraikitzeari uzteko eskatzen du errelatoreak: “Estatuek eta nazioarteko erakundeek luzamendu bat sustatu behar dute, eta informazio argia eman haien ur- eta energia-kontsumoari buruz eta klima-aldaketan, uretako ekosistemen jasangarritasunean, populazio pobretuen giza eskubideetan eta ekoizpen-sektore zaurgarrien biziraupenean dituzten arriskuei buruz. Zentro horien ur- eta energia-eskariak arautzeko, lehentasunak finkatu behar dira, gardentasunean eta informazio egokian oinarrituta, jasangarritasun- eta ekitate-printzipioei jarraikiz, eta giza eskubideak betetzen direla bermatuta”.
Gardentasun falta
“Errelatoretza hori guk eskatu genuen”, dio Aurora Gómez Delgadok. Tu Nube Seca Mi Río kolektiboaren fundatzaileetako bat da Gómez. “Ez genuen uste kasurik egingo zigutenik, baina Pedro Arrojo errelatoreak lan horri ekitea erabaki zuen, eta nola gainera, ze sakontasun-mailarekin”, goraipatu du Gómezek. Errelatoretza horretarako Arrojok antolatutako bileretan parte hartu zuten kolektiboko kideek, beste herrialde batzuetako eta arlo askotako jendearekin batera. “Ikusi genuen denok berdin geundela: datu-zentroekin oso haserre, gardentasun faltagatik”.
Aurora Gómez Delgado, Tu Nube Seca Mi Río kolektiboaren fundatzailea.
Izan ere, argi dagoen arren datu-zentroen arazo nagusietako bat ur- eta energia-eskaria dela, “lehenengo arazoa da ezin dugula jakin benetan zenbatekoa den”, salatu du Gómezek. “Aragoin, alegazio batzuk egiten ari ginela, topatu genuen ikuskapenik gabeko putzuak eskatzen ari zirela”, azaldu du. “Ez dakigu benetan zenbat ur xahutzen duten”. The Guardianek argitaratutako artikulu batek agerian uzten du Amazonen estrategiaren parte dela ur-kontsumoa ezkutatzea, eta, egunkari bereko beste artikulu baten arabera, datu-zentroek aitortzen duten baino zazpi aldiz CO2 gehiago isurtzen dute.
Patterns aldizkarian argitaratutako ikerketa batean kalkulatu zutenez, 2025ean adimen artifizialerako datu-zentroek mundu osoan botilaratutakoa adina ur kontsumitu zuten. “Batzuetan ibaietatik kentzen dute ura, baina gehienetan akuiferoetatik”, azaldu du Gómezek. Horrek ekosistemetan eragiten du, jakina; baina, gainera, inguruko biztanleei ere ura kentzen die. “Leku askotan ikusi dugu edateko urik gabe gelditu direla. Gainera, askotan, ura kutsatu ere egiten da. Eta kontuan hartu behar da datu-zentroen atzean dagoen kate guztian zehar ere ura xahutzen eta kutsatzen dela, mineralak erauztetik hasita”.
Gure ordenagailuek bezala, datu-zentroetako makinek bero handia sortzen dute, eta etengabe hoztea behar dute. Hozte-sistema horietarako erabiltzen dute ura, eta horretan xahutzen dute energia gehiena ere. Mundu osoan kontsumitzen den energiaren % 3-5 kontsumitzen dute datu-zentroek. Baina ez daude homogeneoki banatuta. Irlandan, esaterako, 2023an, martxan zeuden 82 datu-zentroek herrialdeko elektrizitatearen % 21 kontsumitu zuten; etxe guztiek baino gehiago. Energiaren Nazioarteko Agentziaren kalkuluen arabera, 2026an % 32ra iritsiko da kopuru hori. Aragoin, berriz, aurreikusita dauden datu-zentroek eskualdeko egungo kontsumoa halako bost ere eskatuko lukete.
Berriztagarrien itzalean
Kasu askotan, Europan batez ere, ziurtatzen dute energia berriztagarria erabiliko dutela. “Ez da bideragarria”, dio Gómezek. “Hori esaten dute, baina azken urteetan egiten ari direna da gasa ustiatzeko kontzesioa berriak lortu (Italian eta Alemanian), ixtera zihoazen ikatzezko zentral termikoak irekita mantendu (Polonian, adibidez), energia nuklearra erosi, eta, azkenaldian ikusten ari garen bezala, herrialdeak inbaditu, adimen artifiziala elikatu ahal izateko petrolioa lapurtzeko”.
Datu-zentro handiek berriztagarriekin sortutako energiaren parte handi bat hartuko dute, eta, ondorioz, trantsizio energetikoa zailagoa izango da. ARG.: Fahroni/Shutterstock.com.
Bestalde, energia berriztagarria erabilita ere, arazoa ez da konpontzen. Datu-zentro handiek duten eskaria kontuan hartuta, berriztagarriekin sortutako energiaren parte handi bat hartuko dute. Horixe gertatu da Irlandan, esaterako: 2017 eta 2023 artean, sortutako energia eoliko gehigarri guztia datu-zentroek xurgatu zuten. Horrek esan nahi du gainerako jardueratarako erregai fosilak erabiltzen jarraitu beharko dela, eta deskarbonizaziorako aukerak murrizten direla. “Trantsizio energetikoa guztiz zapuzten ari dira, horretarako beharko litzatekeen energia kentzen ari direlako”, dio Gómezek.
Uraren kasuan ere, gero eta gehiago agintzen dituzte ur oso gutxi behar duten hozte-sistema berriak. “Hori beste greenwashing-mota bat da, eta bluewashing deitzen zaio”, azaldu du Gómezek. “Beti esaten dute gutxiago gastatuko dutela, baina badakigu, ikusi dugu, hori gezurra dela. Herritarrei hori esaten diete, baina, eraiki ondoren, ez dago gardentasunik zenbat ur kontsumitzen duten jakiteko. Gezurra esaten dute”.
«Trantsizio energetikoa zapuzten ari dira, horretarako beharko litzatekeen energia kentzen ari direlako»
Ur asko behar duten arren, asko eta asko eskualde oso idorretan eraikitzen dituzte. Izan ere, horiek izaten dira lurrik merkeenak eta jendegabetuenak. “Oso leku pobretuak dira, eta gelditzen den jendea zaurgarriagoa izaten da, eta aukera gutxiago izaten dute defendatzeko, adibidez, desjabetze bati aurre egiteko”, azaldu du Gómezek. “Gainera, haien lurrek ez dute batere balio. Lurraren balioa puntu garrantzitsua da, datu-zentro handiek sekulako azalera hartzen baitute. Eta, bestetik, Iruñera edo Donostiara bazoaz datu-zentro bat ireki nahian, agintariek agian ezezkoa emango dizute, beste aukera batzuk badituztelako. Baina zoaz Talavera de la Reinara, Espainiako laugarren hiri jendegabetuenera; hango udalak besoak zabalik hartuko du aurrerapenaren izenean datorren horrelako proiektu bat”. Talavera de la Reinan (Toledo), abian da Metaren datu-zentro erraldoi bat eraikitzeko prozesua.
Araban eta Nafarroan
Euskal Herrira ere hasi dira iristen datu-zentro handiak. Nafarroan, Campus Data Navarra eraikitzeko proiektua dago, Gazolatzen. Baina proiektu gehienak Arabarako dira. Dagoeneko eraikitzen ari dira Bilbao-Arasur Data Center, Ribabellosan. Puntu estrategikoa da, han elkartzen baitira AEBtik Bilbora eta Santanderrera iristen diren urpeko hiru kableak. Arasurrekoaz gain, beste zenbait proiektu ere iragarrita daude Arabarako. Erdiak egingo balira, Arabako argindar-kontsumoa hirukoiztu egin liteke.
«Datu-zentro handiez ari gara, eta ñabardura hori oso garrantzitsua da, arazoa horietan baitago bereziki»
“Datu-zentro handiez ari gara, eta ñabardura hori oso garrantzitsua da, arazoa horietan baitago bereziki”, adierazi du Gorka Julio Hurtado informatikari eta teknologian adituak. “Datu-zentroak beharko ditugu, baina kontuan hartu behar da nolakoak diren, noren esku dauden, nola hedatzen diren, eta zer arazo sortzen dituzten”.
Gorka Julio Hurtado. Teknologoa, garatzailea eta irakaslea. Teknologia sozial eta burujabean aditua
Euskal Herrian egingo dituztenak energia berriztagarriekin elikatuko dira, eta oso ur gutxi beharko dute. Edo hori diote, behintzat. “Informazio argirik ez dute ematen, soilik prentsa-oharrak eta greenwashinga diruditen komunikatuak”, salatu du Juliok. “Efizientzia, optimizazioa eta halako hitzak azpimarratzen dituzte, baina gardentasun falta izugarria dago. Gainera, ez dute kontsumoak publikatzeko beharrik, eta, beraz, ezin dugu jakin benetan zenbat kontsumituko duten ere”.
“Eta greenwashingaz gain, badago beste espektatiba superfaltsu bat, beti erabiltzen dutena eta inoiz betetzen ez dutena: lana sortuko duten kontu hori”, gehitu du Juliok. “Milaka lanpostu iragartzen dituzte, inoiz iristen ez direnak, dena baitago guztiz digitalizatua eta eraginkortasunera bideratua”.
«Datu-zentroak zenbat eta gertuago izan, hobe. Ez dute zertan makro izan»
“Gainera, kasu askotan gertatzen ari dena da inbertsio publikoak egiten direla (elektrizitate-sarea egokitzeko eta abarrerako) gero esku pribatu gutxi batzuetan gelditzeko; eta hori ez da zilegi”, azaldu du Juliok. Datuek ere lau enpresa pribaturen eskuetan bukatuko dute. “Datu-kolonialismo batean gaude, eta herritarroi zuzenean eragiten digu: desjabetuak gara gure datuetatik, esplotatuak, eta datifikatuak (etorkizunean ere ustiatua izango den datu-sorta bat bihurtzen gara). Alegia, datuen kontrola galtzen dugu”.
Burujabetza digitala
Horregatik, burujabetza gakoa da, Julioren ustez. “Datu-zentroak zenbat eta gertuago izan, hobe. Ez dute zertan makro izan. Izan daitezke eskala anitzekoak. Ez dugu beti joan beharrik Estatu Batuetako zerbitzari batera, hemen egin badezakegu; eta gure herrian edo gure ordenagailuan bertan egin badezakegu, are hobeto. Zergatik ez dizkigute ematen udalek, adibidez, herritarrei gure datuak biltegiratzeko azpiegiturak; esaterako, industrialdeetan?”.
ARG.: KM Stock/Shutterstock.com.
Adimen artifizialari dagokionean ere, gauzak egin litezke beste modu batera. “Hemen lan handia ari da egiten guretzat egokitutako beste eredu batzuk garatzen. Hor daude Hitz Zentroak garatutako Latxa eta Oraik garatutako Kimu proiektuak, adibidez. Eredu txikiagoak dira, eta ez dute behar hainbesteko konputazio-ahalmenik. Oso bide interesgarria da hori”.
“Eta eskala handiagokoak behar direnean, pentsa dezagun denon artean nola egin nahi dugun, baina ingurumen-inpaktuak eta sozialak oso kontuan hartuta, kontrol demokratikoarekin, eta, irabaziak baldin badaude, lekuko biztanleei itzulita”.
«Ez daukagu burua teknologia burujabetzan jarrita, inondik inora»
Parte-hartze eta eztabaida horren falta sumatzen du Juliok: “Azpiegitura horiek beharrezkoak ditugu, eta izango ditugu. Nola egingo dugun pentsatzen hasi beharko genuke, eta hor hutsune handiak ikusten ditut. Ez daukagu burua teknologia-burujabetzan jarrita, inondik inora. Eta leku askotan alfonbra gorria ari gara jartzen enpresa pribatuei beren negozioa egiteko”.
Izan ere, askotan abantaila nabarmenak ematen zaizkie datu-zentro handiei. Adibidez, interes bereziko proiektu izendatzen dira, eta ez dute zergarik ordaindu behar izaten. Gainera, energia eta ura hartzeko lehentasuna eta prezio hobeak izaten dituzte. “Gentrifikazio energetikoa eragiten dute”, azaldu du Gómezek. “Ez dute zergarik ordaintzen, sare elektrikoa egokitu behar diegu, elektrizitate-enpresek egiten dieten beherapena herritarrok ordaintzen dugu, eta, gainera, etxetresnak hondatzen hasten zaizkigu. San Mateo del Gállegon, justu Amazonen Villanueva del Gállegoko zentroaren ondoan etxetresnak hondatzen hasi zitzaizkien, argindar-etenen ondorioz. Konpainiak erantzun zien arabazozoek eragiten zituztela etenak. Arabazozoak!”.
Amazonen Villanueva del Gállegoko datu-zentroaren ondoko etxeetan etxe-tresnak hondatzen hasi zitzaizkien, argi-etenen ondorioz. Arabazozoei bota zieten errua. ARG.: Cami Johnson/Shutterstock.com.
Irtenbideak
Etorkizunera begira, datu-zentroen industriak hainbat konponbide iragartzen ditu, hala nola datu-zentroak itsaspean, Artikoan edo espazioan eraikitzea, urik gabeko hozte-sistemak erabiltzea, sortzen duten beroa berrerabiltzea etxeak edo haztegiak berotzeko, eta abar. Gómezek, ordea, argi du: “Matxismoa edo arrazakeria deseraiki behar ditugun bezalaxe, teknoptimismoa ere deseraiki beharra dago. Horrela, gutxiago sinetsiko ditugu industriaren propaganda-mezuak, eta garbiago ikusiko dugu zer teknologia nahi ditugun”.
“Guk argi dugu arazoa soziala dela, eta bide bakarra desazkunde digitala dela”, jarraitu du Gómezek. “Badago teknologia erabiltzeko beste modu bat: sare sozial ez-pribatiboak erabiltzea, software librea, eta abar. Burujabeak eta gureak izateaz gain, gutxiago gastatzen dute; izan ere, gure datuak xurgatzen ari den kapitalaren geruza hori kentzean, Internetek askoz gutxiago kontsumitzen du”. Bestetik, Gómezek uste du adimen artifiziala oso erabilera zehatzetara mugatu beharko litzatekeela, hala nola ikerketara. “Horrela, ez genituzke datu-zentro erraldoi horiek beharko, eta, agian, ez genuke klima-aldaketa geldituko, baina, gutxienez, ez genuke hamar aldiz areagotuko”.
«Matxismoa edo arrazakeria bezalaxe, teknoptimismoa ere deseraiki beharra dago»
Desazkunde digitalarena ideia interesgarria eta beharrezko iruditzen zaio Juliori ere. Baina, horretan bakarrik arreta jarriz gero, errealitatetik urruntzeko arriskua ikusten du. “Niretzat, gakoak dira azpiegituren burujabetza ahalik eta handiena eskuratzea, eta, ahal dela, kontrol demokratikoa; beharrezkoak diren azterketak egitea energia- eta ur-kontsumoari dagokionez, eta inpaktu soziala eta ingurumenekoa serio hartzea; gardentasunez jardutea; eta multieskalaren ideia lantzea”.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



