Danbor-soinua basamortuan
2006/09/03 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Marko Polok Txinara egin zuen bidaian, Zetaren Bideari jarraitu zion Asian eta Gobi basamortua zeharkatu zuen. Eta Gobiren baitako Lop basamortuari buruzidatzi zuen besteak beste Marko Poloren bidaiak ( Il Milione ) izenez argitaratu zen liburuan. “Gauean, norbait karabanatik urruntzen bada lotarako edo beste behar baterako, berriz bidaia-kideekin biltzeko ahaleginetan dabilela, ahotsak entzuten ditu, bidaia-kideen ahotsak bere izenez deitzen dutela. Ondorioz, are galduagotzen da bidaiaria, zeharo galtzen den arte. Era hartan galdu eta hil izan dira bidaiari asko. Egunez ere entzuten dira espirituen ahotsak eta tresna arrotzak, danborrak, hala nola”.
Misterioaren atzetik
Soinuak eta ahotsak basamortuan. Kontu misteriotsua da, ezbairik gabe; gizakiaren jakin-mina pizteko modukoa. Gertaeraren azalpena ezagutu nahi izatera, kondairak misterioaren argibidea ematen du, basamortuko espirituen bidez. Gaur egungo pentsaeraren ikuspegitik, ordea, ezin da kondairaren azalpena onartu, eta zientzia-ikerketa zorrotz bat eskatzen du. Izan ere, basamortuko soinuak ez dira kondaira hutsa, benetako gertaerak dira.
Danbor-soinuak edo antzekoak behinik behin nahiko ohikoak omen dira basamortu batzuetan. Hondar-dunaz osatutako basamortuetan gertatzen da fenomeno hori, hain zuzen ere. Basamortu guztiak ez daude hondarrez osatuta; are gehiago, basamortu askotan egitura bat baino gehiago agertzen dira: dunazko guneak, hartxintxarrez estalitako lautadak, mendiak... Baina soinu misteriotsu horiek dunak dauden lekuetan bakarrik entzuten dira.
Orain arte jakin dutenaren arabera, hondar-dunak erortzean sortzen da soinu hori. Duna baten hondarra erortzen denean ( hondar-jausia gertatzen denean), 105 dezibel arteko indarrez irteten omen da soinua, eta hamar kilometrora irits daiteke.
Bada, azken ikerketen arabera, hondar-aleen mugimenduaren sinkronizazioaren ondorioz sortzen dira soinu berezi horiek. Beraz, gertaera ez dago dunarekin berarekin lotuta , hondarrarekin bakarrik. Erortzen ari den hondar-geruzako aleek elkar jotzen dute eta erresonantzia-uhinak sortzen dituzte, uhin horiek hondar-geruzari bibrarazi egiten diote, eta bibrazio horren erresonantzia da basamortuko soinuen azalpen fisikoa.
Ikertzaileek bi lekutan egin dute lan hondar-aleen portaera ondo aztertzeko: laborategian eta Marokoko duna batzuetan. Ikerketa amaituta, hainbat datu argitaratu dituzte. Esate baterako, erresonantzia gerta dadin, nahikoa omen da bizpahiru zentimetroko geruza bat –beraz, ez da oso hondar-geruza handia behar–; abiadurari dagokionez, berriz, hondar-aleek 0,45 metro segundoko edo azkarrago mugitu behar omen dute; eta hondar hezeak ez omen du erresonantziarik sortzen.
Honenbestez, basamortuko danbor-soinuen misterioa argitua da; Marko Polok XIII. mendean jaso zuen azalpena gainditua da, behinik behin.
7K-n argitaratua.