}

COVID-19a eta nikotina

2020/09/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zientzian oso ohiko da “Ikerketa baten emaitzen arabera…” esaldia, eta horren atzetik esaten dugun edozer gauzak badu egi absolutua izateko itxura. Baina askotan ez da. Ikerketa batean emaitza bat izateak ez du beti bermatzen egiaren puska bat eskuratu dugunik. Koronabirusaren kasuan horren adibide asko dago. Jakin egin nahi dugu eta ahalik eta azkarren konpartitu nahi ditugu emaitzak, ikerketa berriak ahalik eta azkarren egin daitezen. Eta hori ez da beti ideia ona. 

 
covid-19a-eta-nikotina
Arg. Tomasz Sienicki CC BY-SA 3.0

Adibide deigarri bat izan zen apirilean. Parisko talde batek egindako “Ikerketa baten emaitzen arabera…” litekeena da nikotinak COVID-19aren aurkako prebentzioa eragitea eta, hala bada, erretzaileentzat oso kontu garrantzitsua izango zen. Baina, bi arazo zeuden horrekin. Bata, nikotinaren prebentzio-ahalmena ez zela ikerketaren emaitza; lortutako datuetatik abiatuta planteatzen zuten hipotesi bat baizik. Izan ere, Parisko ikertzaileek argitaratu zuten idatziaren izenburua zen: “A nicotinic hypothesis for Covid-19 with preventive and therapeutic implications”. Alegia, nikotinaren inguruko hipotesi huts bat. Bigarren arazoa zen, artikulua ez zela behin betiko emaitza zientifiko bat, preprint bat zen. Zirriborro moduko bat, beste zientzialariek azkar ezagutu dezaten argitaratzen den behin-behineko emaitza. Baina zientzialarien komunitateak ez du ontzat ematen emaitzarik ez badu gainditu egileak ez diren beste zientzialari batzuen berrazterketa. Hori oso garrantzitsua da.

Nik artikulu bat idatz dezaket esanez ilargia gaztaz eginda dagoela, baina orduan beste zientzialari batzuk saiatuko dira egin dudana baieztatzen eta ikerketa nola egin dudan aztertzen. Segituan konturatuko dira zerbait gaizki egin dudala eta nire emaitza ez dela fidagarria. Ez dute ontzat hartuko. Noski, azkarragoa da nik esandakoa hasieratik onartzea eta beste ikerketa batzuk planteatzea gaztaren ideia ontzat hartuta. Baina emaitza okerra da. Beraz, kontuz. Koronabirusaren kasuan, hori gertatu da. Sekulako presioa dago ikerketak egiteko, eta emaitza asko ontzat hartu dira berrazterketa egin baino lehen. Zerrenda izugarri luze bat dago atzera botatako preprint askorekin. Larria da. 

Orduan, nikotinarena zer da, egia edo gezurra? Bada, ez dakit. Ez nik eta dirudienez, ez beste inork ere ez. Parisko taldearen artikulua apirilean argitaratu zen. Maiatzean, gai berari buruzko ikerketa asko agertu ziren. Batzuek esaten zuten ospitaleratutako erretzaileen kopurua espero zitekeena baino txikiagoa zela. Beste batzuek, hain zuzen ere, kontrakoa esaten zuten. Nolanahi ere, zientzialari askok gogoratu nahi izan zuten erretzea hilgarria dela, eta, izatekotan, beste nolabait erabili beharko litzatekeela nikotina. Kontua da nikotinaren eraginez, ACE2 izeneko proteina gutxiago ekoizten duela gorputzak, eta ACE2 proteina, hain zuzen, koronabirus honek erabiltzen du gure zelulei heltzeko. Beraz, agian..., badirudi..., litekeena da... nikotina molekulak efekturen bat izatea birusaren infekzioaren aurka. Baina kontrakoa ere izan liteke.  

Nolanahi ere, ez da egon nikotina eta COVID-19ari buruzko ikerketen berri askorik ekainean, uztailean eta abuztuan. Batzuk bai, baina gutxi. Eta nik topatu izan ditudanetan, gehiago ikertu behar delako ideia nabarmentzen zuten. Auskalo zein den azkenean efektua.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia