CIMA-SIMA: ikerketa eta teknologia nekazaritzaren arnasbide
1997/07/01 Bengoa Ansa, Aitor Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zetiaz-Elhuyar : Nola egituratzan dira ikerketa-zentro hauek?
J oaquín Salazar : Ikerketak Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren barruan dauden hiru zentroetan burutzen dira batez ere. Alde batetik, AZTI dugu eta bertan arrantza, ozeanografia, ingurugiroa eta elikagaien teknologia jorratzen dira; bestetik, Arkauteko CIMA eta Derioko SIMA daude eta horietan nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruko ikerketak egiten dira.
Z-E : Zein da zehazki CIMA eta SIMAren eginkizuna?
J.S .: Arkauteko CIMAren eginkizun nagusia ikerketak egitea da. Landare eta abereen ekoizpena eta landareen osasuna lantzen ditugu. SIMAk, berriz, bi betebehar nagusi ditu: batetik, ikerketa, hau da, abereen patologia eta baliabide naturalen inguruko gaiak aztertzea eta, bestetik, zerbitzuak eskaintzea bertako laborategietan. Zerbitzu hauek abeltzain eta albaitariei eskaintzen zaizkie eta, adibidez, abereekin arazoren bat duen edonork bidal ditzake laginak laborategira eta bertan diagnostikoa egiten zaio. Lagin hauek estatu osotik iristen zaizkigu eta gure iritziz, zerbitzuek duten maila onaren seinale da hori.
Z-E : Zenbat ikertzaile eta langile daude zentroetan?
J.S : Bi eratako langileak ari gara lanean zentroetan; iraunkorrak edo finkoak eta proiektu zehatz batzuk egitera etortzen direnak, hala nola, bekadunak edo tesia burutzen ari diren ikertzaileak. Azken hauen kopurua aldatu egiten da urtez urte. Une honetan CIMAn guztira, ikertzaile, bekadun, administrazio eta mantenimenduko langileak kontuan hartuta, 48 lagun ari gara eta SIMAn 54. CIMA-SIMAn une honetan 60 bat proiektu ditugu martxan.
Z-E : Zein izaten da proiektu hauetarako diru-iturria?
J.S. : Zentroen aurrekontu osoa (langileak, mantenimendua, azpiegiturak, etab.) Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailak jartzen du, baina proiektuek hiru diru-iturri nagusi izaten dituzte: Europa, Estatua eta Eusko Jaurlaritza.
Z-E : Zein urratsetan gauzatzen da proiektu bat; nork finkatzen ditu ikerketen lehentasunak eta jarraitu beharreko metodologia?
J.S .: Lehendabizi Euskal Baserrialdeko Plangintza Orokorrean antolatzen diren lan-taldeek, helburu batzuk finkatzen dituzte. Helburu horiek aurrera eramateko mahai sektorialak eta mahai teknikoak osatzen dira. Mahai sektorialean ekoizleak, banatzaileak, transformatzaileak, zerbitzuak eta administrazioko arduradunak egoten dira. Mahai teknikoetan, berriz, ikerketa-zentroetako teknikariek hartzen dute parte. Gero bi mahaietatik etorritako proposamenak uztartuz, sektore desberdinen eskaerei jarraitzen eta proiektuak diseinatzen saiatzen gara. Edonola ere, oinarrizko ikerketa beharrezkoa dela uste dugu, ondoren aplikazio praktikoago bat izango duten beste proiektu batzuetan txertatzeko funtsezkoa baita.
Z-E : Badira urte batzuk bi zentro hauek lanean ari direla; zein izan da orain arte eginiko ikerketen balorazioa?
J.S. : Kontuan hartu behar dugu bi zentroak 1981. urtean transferitu zitzaizkiola Eusko Jaurlaritzari eta ordura arte eginiko lana oso bestelakoa izan zela. Gaur egungo SIMA garai hartan abereen osasunaz arduratzen zen laborategia zen eta CIMA Patataren Hobekuntzarako Estazioa. Eusko Jaurlaritzaren esku gelditu zirenean, ordea, azpiegiturak berritu eta ikertzaile eta langile asko kontratatu ziren eta, ondorioz, ikerketa-eremuak asko zabaldu ziren. 1981. urtetik hona eginiko ikerketak nabarmentzekotan patata-barietate berriak lortzeko eginiko saioak, Pinus radiata edo intsinis pinuaren hobekuntza bultzatu dutenak edo abereen gaixotasun kutsakorren inguruan landutako ikerketak azpimarra genitzake.
Z-E : Gaur egun zeintzuk dira zetroetan garatzen diren ikerketa-lerro garrantzitsuenak?
J.S. : Horrenbeste proiekturen artean gutxi batzuk aipatzea oso zaila egiten zait; izan ere, askotan diru eta baliabide asko behar izan dituzten egitasmoak ezerezean gelditzen dira arrazoi desberdinak direla medio. Hurrena, berriz, proiektu xumeagoek emaitza apartak lortzen dituzte. Dena den, lan asko egiten ari gara, esate baterako, hainbat barazkik tokian tokiko ezaugarri genetiko eta bereizgarriak gorde ditzaten, hala nola, Tolosako babarruna, Gernikako piperra, Ibarrako pipermina, etab. Patatarekin ere antzeko zerbait egiten ari da, patata ereiten den eskualde desberdinetarako barietate egokienak lortzearren. Bestetik, ardi latxaren hobekuntza genetikoa ere lantzen ari gara eta dagoeneko emaitza ikusgarriak lortu ditugu, ardiko esne-produkzioa asko emendatu baitugu.
Z-E : Emaitza hauek nola plazaratzen dira? Dibulgazio-lanik egiten al da?
J.S. : Bai noski! Gure eginbehar nagusia ikerketa bada ere, emaitzak argitaratzen ditugu. Horrez gain, hainbat elkarte profesionalen ekimenez nagusiki, hitzaldiak eta ikastaroak ere eskaintzen ditugu eta, bide batez, horri esker nekazari eta abeltzainengana hurbiltzen gara.
Z-E : Etorkizunari begira, nolako proiektuak dituzue eskuartean?
J.S. : Azken urte hauetan hartu dugun bidea zuzena eta egokia dela iruditzen zaigu eta, aurrerantzean proiektu berriak egingo diren arren, ahalegin berezia egingo dugu hasita dauden proiektu nagusi horiek sendotzeko; ardi latxaren hobekuntza genetikoa, patata-barietate berriak entsaiatu, intsinis pinuaren hobekuntza, etab. Izan ere, kontuan hartu behar da proiektu batzuek oso epe luzera ematen dituztela lehen emaitzak; adibidez, basogintzan garatzen ari diren zenbait proiektuk ez du emaitzik emango zuhaitzak kozkortu arte eta, beraz, kasu horretan 20-25 urteko proiektua izango da. Horrexegatik da hain garrantzitsua hasieratik bideak ongi finkatzea.
Z-E : Patatak historikoki berebiziko garrantzia izan du Arkauteko laborategietan; sektorearen egoera, ordea, ez da, nahi bezain ona. Nola uztartzen dituzue sektoreen gora-behera ekonomikoak eta ikerketen lehentasunak?
J.S. : Egia da lan asko dagoela egina patataren inguruan; orain, berriz, sektorea krisian dagoenez, ez du inork eskatzen horren inguruko ikerketarik. Baina horrek ez du esan nahi, guk patata albo batera utzi behar dugunik eta diodana ulertzeko hainbat arrazoi aipa daitezke; batetik, gaur egungo egoeraren atzetik oinarri sendoko ikerketak daude eta horri etekina atera behar zaio; bestetik, estatu espainolean ez du inork patata ikertzen eta, beraz, guk lan hori utziz gero, ez luke beste inork hartuko; eta azkenik, sektorea ez da beti krisian egongo.
Z-E : Zein iritzi duzu hainbeste zeresan eman duten landare transgenikoei buruz?
J.S. : Ez naiz aldekoa, baina ez dira nahastu behar landare transgenikoak eta bioteknologia. Landare transgenikoak bioteknologiari esker lortzen badira ere, horrek ez du esan nahi bioteknologia kaltegarria denik. Bioteknologia oso baliagarria da guretzat, esate baterako, gaitzen aurrean erresistenteak diren patata-barietateak lortzeko.
Oso bestelako kontua da, adibidez, soiarekin gertatu dena: landare transgeniko hauek herbizida baten aurrean erresistenteak dira eta herbizida horrek, soia transgenikoa ezik, gainerako belar eta landare guztiak akabatzen ditu; ondorioz, etekinak izugarriak dira. Guri ez zaigu interesatzen hektareako ahalik eta gehien ekoiztea, gure lurralde menditsua ez baita egokia horretarako. Gure helburua ingurugiroari ahalik eta kalterik txikiena eraginez kalitatezko produktuak ekoiztea da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia