}

CERN erakundearen laborategiko lanak

1990/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Genevan CERN erakundeak Partikula Azpiatomikoen Laborategi Europarra martxan jarri eta hilabetez lan egin ondoren, emaitzak jasotzen hasiak dira. Z° izeneko hamaika mila partikula azpiatomiko lortu ahal izan dituzte azeleragailuan. Partikula-mota hau CERN erakundeak SPS azeleragailuan 1983.ean detektatu zuen.

Z° partikula, indar nuklear ahularen naturako funtsezko lau indar-motako baten bitartekoa da, eta hamaika mila lortu ahal izan dira nazioarteko lau saiakuntzaren (Aleph, Delphi, Opal eta L3 izenekoen) bitartez.

Esperimentu guzti horiek medio, Z° partikularen masa 91,10 x 0,06 GeV-ekoa dela zehaztu ahal izan dute. Partikula hau guztiz ezegonkorra eta batezbesteko bizitza 1,35 x 10-24 segundokoa du.

Saiakuntza hauen bitartez argitu ahal izan den beste arazo bat, neutrino-familien kopuruarena da. %95eko probabilitateaz hiru neutrino-familia bakarrik daudela esan daiteke eta ez gehiago, astrofisikariek Unibertsoko masa ezkutua esplikatu nahian iradoki bezala.

Europako azeleragailu honetan aurrerantzean ere emaitza onak lortuko direla espero da. Partikula azpiatomikoen oraingo eredu standardaren baliagarritasuna, Higgs-en bosoiaren existentzia eta abar bertan frogatu ahal izango dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia