CD-ROMak berridazteko aukera
1997/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Informatikaren munduan aurrerapenak sekulako abiadan gertatzen direla badakigu. Oraingoan CD-RW berriaz hitz egin behar dugu; berridatz edo berriro graba daitekeen CD-ROMaz, hain zuzen. Duela gutxi Alemaniako Hannover hirian aurkeztu zen CD honek mota askotako datu digitalak irakurri eta graba ditzake: PCaren artxiboko segurtasun kopiak, hi-fi soinua edota bideoa. Diskoa ezabatu eta berriz erabil daiteke.
CD-RW diskoetan datuak idazteko grabagailu berezia behar da, baina disko hauek irakurtzeko belaunaldi berriko CD-ROM aparatuak erabil daitezke, daramaten Multiread zirkuituari esker.
Orain arteko CD-ROMak plastikoz eginak ziren, laser-argiaren bidez grabatzen zirelarik. Informazioa grabatu ondoren, ordea, ezin zen gainean berriz idatzi. CD-RW berriak zilar, indio, antomonio eta teluriozko aleazio batez eginak daude. Aleazio hori kristalinoa da eta argiaren islatzaile bikaina ere bai. Horrek, diskoan berriz idazteko aukera ematen du. Ordenadore-enpresa nagusiak sistema berri hau merkaturatzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Oraingoz nahiko garestiak dira CD-RWak, baina laster merkatuko direla diote adituek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia