}

Camille: Euskal Herriko azken hartza baino gehiago

1999/08/01 Elosegi Irurtia, Migel M.

Ugaztun bikain hauen biziraupena Pirinioetan arras zaila bihurtu da eta Camille izenez ezaguna den hartza, espezie honen azkena izan liteke gure lurraldean. Baina, desagertzeko arrisku larrian dagoen animalia izanik...

... zergatik harrapatu nahi dute Camille?

1998 urte gogorra izan zen Erronkariko haranean. Azken urte askotako gogorrena. Izan ere, haran honetan finkatu ondoren, Camillek behin eta berriz eraso zien bertako artaldeei, artzainen artean hartzaren kontrako jarrera sutsua eraginez. Ez ziren aski Gobernuak artzainei eskaintzen zizkien kalte--ordainak hauek lasaitzeko. Abeltzainek ez zuten hartzik onartzen euren inguruan eta garbi asko utzi zuten haien ustez hiltzea zela irtenbiderik egokiena.

Nafarroako Ingurugiro Saileko arduradunek eta basozainek buruhauste izugarriak zituzten Camilleren agerraldiekin eta irtenbide bat aurkitu nahian, hartza harrapatzen saiatuko zirela, eta hala eginez gero transmisoredun lepoko bat jarriko ziotela agindu zieten artzainei. Lepoko berezi honek seinale bat igorriko zuen etengabe, eta teknikariek une oro izanen zuten hartzaren berri. Zein lekutan zegoen jakinik, ez zirudien hain zaila inguru hartan zebiltzan artaldeak zaintzea eta erasoak ekiditea. Dena den, Camillek sekulako abilezia erakutsi du teknikariek jarritako tranpa guztietatik ihes egiteko, eta oraingoz, ez dira harrapatzeko gai izan.

Zergatik erasotzen du Camillek?

Camille hartz arre bat da, eta ugaztun hauen elikaduraren hiru laurdena landare jatorriko elikagaiez osatzen den arren, animalia--jatorriko jakiak ere behar dituzte. Adituek egindako ikerketen arabera, aziendek Pirinioetako hartzaren dietaren % 6--8a osatzen dute. Edozein modutan, galarazitako 200 ardiekin, marka guztiak hautsi zituen Camillek 1998an. Zergatik ordea, hainbeste eraso?

Erantzun zaileko galdera da eta ziurrenik, erantzun bakarra ez duena. Dena den, bada argi utzi beharreko punturik. Gure arbasoek artzantzan ikasi zutenetik basapiztiek artalde erasoei izan zieten eta hartzen eta gizakien arteko erlazioa istilutsua baldin bazen ere, gizakiak ederki ikasi zuen hartzen (eta otsoen) erasoei aurre hartzen. Honela, artzainak ardiekin batera ibiltzen ziren mendian eta artzanorak edo mastin arrazako txakurrak erabiltzen zituzten haragijale handiei aurre egiteko. Neurri hauek hartuz gero, nekez eraso zezaketen pizti hauek.

Azken urteotan ordea, eta hartzak eta otsoak gutxitzearekin batera, abereen erabilera guztiz aldatu da. Artzainak, jadanik, ez dira aziendekin erabat egoten eta artzanorik ia ez da jartzen. Hainbat kasutan gainera, artaldeak egunetan egon daitezke mendian inork ere ikusi gabe, eta hartzak orduan nahi duena egin dezake. Artzainen errua beraz? Egoera latz honetan ez da errudunik bilatu behar. Haragijale handiak desagertzen diren leku gehienetan bezala, Erronkarin ere abereak gobernatzeko modua guztiz aldatu da, eta hartzak erraztasun handiegia du nahi bezala jokatzeko. Dena den, kaletarrok 35 orduko lan--astea eskatzen dugun aldi berean ez dugu hartzaren erasoei aurre hartzeko artzainei egunero 24 orduko lana eskatzeko eskubiderik. Beraz, arazoari edozein irtenbide proposatzekotan, artzainen lanbidea eta bizimodua kontuan hartu behar dir, eta hauen pentsakera ulertzeko gai izan. Izan ere, nekazaritza inguruetako biztanleen onespenik gabe, hartza kontserbatzeko saiakera guztiak alferrikakoak izanen dira.

Zenbat hartz ditugu Pirinioetan?

Hartzak atzerakada ikaragarria pairatu du Europako herrialde gehienetan eta gutxi batzuk baino ez dira hartzak mantendu dituzten eskualdeak. Horietako bat da, hain zuzen, ere Pirinioetako mendikatea eta bertan, sei ale besterik ez dira gelditzen: Erronkari, Oza, Aspe eta Lescun inguruetan ibiltzen den Camille ospetsua, eta beste bost Ossau--ko bailaran. Dirudienez, Somport--eko errepidea tartean duelarik, Camille ez da Ossau aldera pasatzen eta beraz, ez du harremanik hango hartzekin.

Bestalde, hartza berreskuratzeko plangintzaren barnean 1996 eta 1997an Esloveniatik ekarritako 3 hartz askatu ziren Frantziako Pirinio Zentralean. Honela gaur egun, hartz eslovenoetariko bi, eta haiek sorturiko lau gehituta, beste 6 hartz bizi dira Melles (Garona Garaia) eskualdeko mendietan.

Zein da Camilleren etorkizuna?

Gure azken hartz arrearen etorkizuna, zoritxarrez, beltz--beltza da. Camille 20 urte inguruko "mutilzahar" bat da eta emerik gainera, nekez aurkituko du Ossau aldetik bakarren bat inguratzen ez zaion bitartean. Pirinioak ere, ez dira garai batekoak bezalakoak. Gizakiok ingurunea etengabe aldatzearen ondorioz, errepideek, pistek, turistek, mendizaleek eta abarrok presio handiegia ezartzen dugu mendi hauetan. Horiek horrela, hartzak bezalako animalia sentikorrek azken "santutegietan" ezkutatu behar dute, baina gero eta gutxiago dira lasaitasuna eta kalitatea eskain diezaieketen txokoak. Beraz, ustekabeko miraririk gertatzen ez bada, eta bestelako neurririk hartzen ez den bitartean, Pirinioetako hartzak desagertu egingo direla esan behar da.

Hau ekiditeko bide bat bertako populazioa kanpotik ekarritako aleekin indartzea izan daiteke. Hau da, Pirinio Zentralean egin zutenaren antzeko zerbait egitea, alegia. Dena den, eta Erronkariko aferera itzuliz, oraindik daukagun ale bakarrarekin halako istiluak ditugunean eta kaltetuekin adostasunik lortzen ez den bitartean, kanpoko aleak sartzeak ez du zentzu handiegirik. Arazo larrienek gainera, hots, Pirinioetako habitat galerak eta legez kanpoko ehizak, bere horretan jarraitzen dute eta beraz, hartzak askatuta ere, hagitz zaila izanen da populazio iraunkorrik lortzea.

Baina… axola ote du Camille edota Pirinioetako gainontzeko hartzak desagertzea?

Bertako azken sei aleak gutxi, gutxiegi dira. Leku gehienetan jendeak hartzak bizi daitezen nahi badu ere, Izaba edo Gardeko artzainek, azken hartzak dauden lekukoek hain zuzen ere, ez dute halakorik nahi. Hauen bizitza askoz lasaiagoa da hartzik gabe: gauetan ardiak zaindu beharrik ez, buruhauste gutxiago... Gainera munduan milaka hartz arre daude eta espeziea orokorrean, ez dago desagertzeko zorian. Merezi ote du hortaz, hain ale gutxi dagoen lekuan hartzak zaintzeko ahaleginik egitea?

Bai horixe! Hartza berebiziko garrantzia duen espeziea da. Ingurunearen osasun-egoera onaren adierazle garbiena, animalia enblematikoa, kondaira zoragarrietako protagonista, garai bateko zuberotarren ustez gizakion arbasoa, eta gure faunaren ondare handienetakoa da. Beraz eta zalantzarik gabe, babesten saiatu behar dugu, hartzik gabeko Pirinioak, Mendietako Erregerik gabeko Pirinioak alegia, ez baitira sekula izan zirena izanen. Horregatik, Camille aparteko garrantzia duen animalia da. Galtzen bada, Euskal Herriko azken hartza baino askoz ere gehiago galduko baita. Izan ere, gure lurraldean hartzak edukitzeak, garapena eta ingurunearen kontserbazioaren arteko oreka posible dela adieraziko bailuke. Gure aldetik, Camilleri zorte onena opa diogu, beharko du eta...

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia