}

CAF-Elhuyar 2017 sariak banatu dira gaur arratsaldean

2017/05/12 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientziazalez bete da gaur arratsaldean Tabakalera. Zientzialarien, kazetarien eta artisten topaleku bihurtu da, eta agerian geratu da haien artean dirudiena baino gertuago daudela. Urtero bezala, zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea izan dute helburu sariek.

caf-elhuyar-2017-sariak
CAF-Elhuyar 2017 sarietako irabazleak Arg. Iñigo Ibañez

Hauek izan dira aurtengo CAF-Elhuyar sarietako irabazleak:

Dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria: “Intuizioaren bide ilunak argitzen, Gorka Azkune Galparsoro.

Egilearen tesian oinarritutako artikuluen saria: “Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: bide optimoa aurkitzen duten algoritmoak”, Josu Doncel Vicente.

Lehen sektoreko NEIKER-Tecnalia saria: “Udara bat ardiekin, senari jarraika”, Mikel Etxeberria Okariz.

Kazetaritza-lanen arloko saria: Minbizia eta beronen metastasia” izeneko irrati-pieza, Xabier Monasterio Torre.

Zientzia gizartean sorkuntza-beka: “Armintxe 2017” izeneko proiektua, Armintxe Animazio Taldea.

Elhuyarren Merezimendu Saria: Maria Jesus Esteban Galarza matematikaria, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lanagatik.

 

Halaxe hasi dute aurkezleek ekitaldia: “batzuetan, errealitatea ez da dirudiena. Ez da erraza egiaren eta irudikapenaren arteko muga bereiztea. Horretarako, ezinbestekoa da begien bistakoa zalantzan jartzea, bestelako hipotesiak proposatzea, eta haiek egiaztateko probak egitea. Hori da zientzialarien lana. Zalantza egin zutelako, gehiago dakigu orain. Zalantza egin zutelako, eta gero egia topatu zutelako, eta egia hori kontatu egin zigutelako gero”.

Horixe egin dute CAF-elhuyar sarietara aurkeztu direnek. Beren ikuspuntua ematera ausartu dira.

 

Intuizioaren bide ilunak argitzen

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Gorka Azkune Galparsorok irabazi du, adimen artifizialari buruzko artikulu batekin: “Intuizioaren bide ilunak argitzen. Azkunek (Azpeitia, 1982) iaz aurkeztu zuen doktore-tesia adimen artifizialean, eta gaur egun DeustoTech Institutuan ari da ikertzaile, arlo bereko ikerketetan sakontzen.

Gaurkotasun handiko gaia iruditu zaio epaimahaiari, eta zer esana emango duena. Artikulua oso ondo idatzita dagoela ere nabarmendu du. Egilea lehendik ere ezaguna da CAF-Elhuyar sarietan; izan ere, hainbat aldiz irabazitakoa da.

Gorka Azkune Galparsoro

Hala dio Azkunek bere lanean: "Albert Einstein fisikari handiak esan zuen intuizioa dela benetan balio duen gauza bakarra. Einsteinek ez ezik, badirudi beste guztiok ere intuizio-gaitasun itzelak ikusten ditugula zientzialari, politikari eta era guztietako estratega nabarmenenen atzean. Esan genezake arazo konplexuak askatzeko behar-beharrezkoa dela intuizioa, arrazonamenduarekin eta ezagutzarekin batera. Baina zer da intuizioa? Gizakiok soilik dugun ahalmen berezi bat al da?". Eta hausnarketari heltzeko, makinen ikasketa eta erabakiak hartzeko modua hartu ditu abiapuntu.

Saria jaso duenean hitz hunkigarriak izan ditu Azkunek amarentzat. Eskerrak eman dizkio, beti lagundu diolako sinisten duen horretan aurrera egiten; beti ondoan izan duelako. Saria amari berandu iritsi zaiola ere aitortu du.

 

Udara bat ardiekin, senari jarraika

Mikel Etxeberria Okariz

Aurten, lehen aldiz, lehen sektoreko lan onenari eskainitako NEIKER-Tecnalia Saria ere banatu da. Mikel Etxeberria Okariz beasaidarrak irabazi du sari hori, “Udara bat ardiekin, senari jarraika” artikuluarekin. Etxeberria biologoa da eta gaur egun Madrilen ari da Ekologiako Masterra ikasten. Dibulgazioan ere aritzen da, EuskalNatura blogean idazten baitu 2016az geroztik.

Etxeberriak ere senari egin dio erreferentzia bere lanean: "Lehen artzainek ardiak Euskal Herrira ekarri zituztenetik, milaka urte pasatu dituzte ingurura moldatzen. Hobekien moldatutako ardiek ondorengo gehiago utzi dituzte, eta, beraz, gaur egun ditugun ardiek ezin hobeki ezagutzen dute bizi diren ingurua. Beste era batera esateko, sena moldatu dute Euskal Herrian ahalik eta ondoen bizirauteko. Senari esker, euria egiten duenean zelaian jarraitzen badute ere, txingorra datorrenean, berehala jartzen dira babesean, dela ukuiluan, dela harkaitz baten azpian. Baina jateko ere senari jarraitzen al diote? Zein habitat aukeratzen dute? Edo aukeratu beharrean parean egokitutakoa jaten al dute?". 

Epaimahaiak nabarmendu du hautatutako lana sariketa honetan aintzat hartzen diren bi alderdiak bikain uztartzen dituela: zientzia-edukia alde batetik, eta kontatzeko trebezia, bestetik. 

 

Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: bide optimoa aurkitzen duten algoritmoak

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria Josu Doncel Vicente getxotarrak eskuratu du, “Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: bide optimoa aurkitzen duten algoritmoak” lanarekin. Matematikan doktore da Doncel, eta matematika aplikatuan espezializatuta dago. Frantziako zenbait ikerketa-zentro eta unibertsitatetan lanean aritu ondoren, EHUko matematika aplikatua eta estatistika saileko irakaslea da gaur egun.

Hau da epaimahaiak nabarmendu duena hautatutako lanari buruz: testuingurua oso ondo azaldu du, gaia modu erakargarrian aurkeztuz eta hizkera aproposa erabilita. Hala, gaiari buruz ezer ez dakienak ere, erraz jarrai dezake artikulua.

Doncelek bere lanean dio telekomunikazio-sare modernoetan garrantzitsua dela informazio-paketeak sareko bide arinenetik bidaltzea. "Bide optimoa aurkitzeko, hala ere, sare osoaren unean uneko egoera ezagutu behar da, eta hori, zoritxarrez, ezinezkoa da, ezin baitugu aurreikusi zenbat erabiltzaile izango diren sarean, ez eta zer zerbitzu eskatuko duten ere". Artikuluan Bide Optimoaren Aurkikuntza (BOA) deritzon eredu matematikoaren gainean hitz egin du; izan ere, haren bidez, ordenagailu-multzoen arteko komunikazioak bizkortu daitezke. Funtsean, algoritmo optimoa aurkitzean datza Doncelek proposatzen digun ariketa.

Saria jaso duenean aitortu du lagunek eta etxekoek ez zutela ezer ulertzen bere lanaz galdetzen ziotenean. Doncelentzat erronka handia izan da hau idaztea eta poz bikoitza eman dio saria irabazi izanak. Finean konturatu da zein garrantzitsua den dibulgatzea eta besteok ulertzea zertan ari diren lanean zientzialariak. 

Josu Doncel Vicente Arg. Iñigo Ibañez

Minbizia eta beronen metastasia

Kultura zientifikoa gizartean hedatu dadin ezinbestekoa da kazetarien lana ere. Aurten, zientzia-kazetaritzaren arloan Xabier Monasterio Torre irrati-esatari bilbotarra izan da saritua, “Minbizia eta beronen metastasia” izeneko piezarengatik. Monasterio idazlea eta itzultzailea da, eta Bilbo Hiria Irratian aritzen da esatari-lanetan.

Xabier Monasterio Torre

Epaimahaiaren ustez, irratian hitza baino ez dago; ezin dira grafikoak, irudiak eta bestelakorik gehitu, eta, hala ere, hitz soila erabilita, lortu du eduki zientifikoa komunikatzea. Pieza hori egitasmo zabalago baten zati dela ere aintzat hartu dute, eta, horrekin batera, esatariaren lana goraipatu dute.

Monasteriok adierazi du sariak poz handia sortu duela Bilbo Irratian, 20. urteurrenaren ospakizunetan jaso baitute. "Hiru euskarritan eusten den proiektua da: batetik Kultura Zientifikoaren Katedrarekin duten hitzarmena, haiek aukeratzen baitituzte gaiak eta ekartzen baitituzte zientzialariak irratsaiora; bestetik, Bilbo Irratia bera, lantalde polita duena; eta azkenik, zientzialariak, ixilean eta ia oharkabean lan egiten duten gizon-emakumeak, beren ikerketak euskaraz eginez, gure hizkuntzari orain arte ezezagunak genituen esparruak zabaltzen dizkiotenak; bereziki, Iker Badiola, hark egin baitzuen saritutako saio hura. Egin zuenean, berehala konturatu ginen berezia zela. Hain gai konprometitua eta irristakorra izanik, Badiolak jakin zuen uneoro muzin egiten halakotan ohikoak diren alarmismo, itxaropen faltsu eta morbositate guztiei, eta zientziaren lekzio ikaragarri bat eman zigun".

 

Armintxe 2017

Zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen dute Caf-Elhuyar sariek. Aurtengoan  Armintxe Animazio Taldeak irabazi du, “Armintxe 2017” izeneko proiektuarekin.

Armintxe Animazio Taldea Leioako Arte Ederretako fakultateko ikasle, ikasle-ohi eta irakaslek osatzen dute, eta animazio-lanak egiten dituzte. Kasu honetan, Armintxe kobazuloan oinarritutako proiektu bat aurkeztu dute, hango irudiei bizia emango dien fikziozko lan bat.

Hauek osatzen dute taldea: Patxi Azpillaga, Bego Vicario, Usue Egia, Uxue Reinoso, Oihana Leunda, Miriam Inza, Leire Elizari, Laida Ruiz, Jugatx Astorkia, Jaione Mitxelena, Itsaso Navarro, Iris Santos, Iker Orueta, Ibon Markaida, Esti Ibarra, Eider Hernandez, Arrate Lopez Apellaniz, Andoni Ramos eta Alex Morgan.

“Duen kutsu artistikoagatik eta gizartean piztu dezakeen interesagatik” egin du epai-mahaiak aukeratutakoaren alde, eta beste ezaugarri interesgarriak badituela azpimarratu du: egingarritasuna, talde-lana, diziplinartekotasuna, izaera esperimentala… 

Armintxe Animazio Taldea Arg. Iñigo Ibañez

 

Armintxe Animazio taldekideek saria hartu dutenean Bego Vicariok adierazi duenez "hasieran hainbat materialen inguruko ikerketa egin genuen: nola konportatzen ziren harria, buztina eta gure grabatuak, gure marrazkiak. Orain grabatu horietan agertzen diren animaliekin animazio bat egiteko asmoa dugu". 

"Azken urteotan asko hurbildu dira artegintza eta zientzia. Azken batean, alor esperimentaletik oso antzekoak dira lan egiteko garaian. Gero eta gehiago ari da gizartea eta zientzia ere bai gero eta gehiago ari da baloratzen intuizioa. Duela gutxi arte gutxietsi egin da, baina orain berdefinitzen ari da. Eskarmentuaren bidez lortutako razionalizazio instantaneo bat da intuizioa. Zentzu horretan, uste dut artistok oso pertsona arrazionak garela eta gure lan egiteko sistemak ere arrazionalak direla, baina instantaneoak".

Elhuyarren Merezimendu Saria

Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ere ematen du urtero. Haren bidez, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lana aitortzen du. Eta, aurten, Maria Jesus Esteban Galarza matematikariari ematea erabaki du.

Alonsotegin (Bizkaia, 1956) jaioa da, baina Parisen bizi da aspalditik, Matematika Aplikatuen CEREMADE ikerketa-zentroko ikertzaile baita. EHUn lizentziatu zen Matematikan, eta aitzindari izan zen euskara erabiltzen arlo horretan. Hori amaitutakoan joan zen Parisera, eta han egin zuen doktore-tesia. 1981etik, Frantziako Ikerketa Zentroko ikertzaile da, eta Europako Matematika Elkarteko Matematika Aplikatuaren Batzordeko buru izan da. Jakiundeko kidea eta Euskal Herriko Unibertsitatean honoris causa doktorea ere bada.   Izendapen ugari jaso ditu; berriki, ICIAM Matematika Industrial eta Aplikaturako Nazioarteko Kontseiluko lehendakari izendatu dute. Curriculum ikaragarria du eta aipatutako horiek egindako lanaren eta jasotako izendapenen adibide batzuk baino ez dira.

Maria Jesus Esteban Galarza

Elhuyar Fundazioko lehendakari Txema Pitarke De La Torrek hala definitu du: “Dirudiena zalantzan jartzen duen horietakoa da Maria Jesus Esteban; gehiago jakin edo hobeto ulertu nahian, galderak egin eta erantzun posibleen bila jarduten duenetakoa. Unibertsitatean euskara gutxi egiten zen sasoi horretan, Maria Jesusek matematika euskaraz egiten ahalegin zen eta hainbat ekimenetan parte hartu zuen”. Unibertsitate mailako euskarazko lehen matematika liburua idatzi zuen, beste emakume batzuekin batera.

“Bere ibilbidean matematikei, batez ere arlo tekorikoan, egindako ekarpenengatik, eta bereziki, matematika euskaraz egiten ez zen garaian alor horretan euskara erabiltzen aitzindari izateagatik eta lehen urte horietan utzitako ondare garrantzitsuagatik” jaso du 2017ko CAF-Elhuyar Merezimendu Saria.

Saria jasotzeak denboran atzera egiteko balio izan dio Estebani: "Gazteek ez duzue sinistuko zer egoera zegoen unibertsitatean duela 40 urte. Garai hartan hasi ginen pentsatzen matematika euskaraz irakats zitekeela, baina konturatu ginen ez zegoela lexikorik. Ikastoletan bazegoen landuta lexikoa, baina unibertsitate-mailarako ez genekien nola esan hainbeste kontzeptu. Orduan hasi ginen pentsatzen liburuak idazten eta hiztegia lantzen hasi beharko genukeela, eta bi talde hasi ginen horretan: talde bat Donostian -Elhuyarren-, eta beste bat Zientzia Fakultatean -Leioan-. Momentu horretan guretzat oso pertsona garrantzitsua izan zen Joxerra Etxebarria. Gero 6 neskako talde bat hasi ginen matematikaren hiztegia lantzen. Lan handia izan zen, matematikako alor guztietako hitzak landu nahi genituelako. Urte haiek oso politak izan ziren, dena egiteke zegoelako. Lan handia zen, baina ilusioz egin genuen."

 

Festa amaitzeko, txalaparta

Sariak banatu ondoren, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jasotako proiektuaren emaitza erakutsi du egileak, Enrike Hurtado Mendietak: “Txalaparta digitala eta interaktiboa”. 

Hurtadok lanaren nondik norakoak azaldu ditu: "Hasieran doktore-tesian txalapartaren eta musika garaikidearen arteko lotura aztertu nuen. Gainera, txalapartaren erritmoak ordenagailuan sartu nituen, txalapartaren algoritmoa jorratu nahi nuelako. CAF-Elhuyar bekari esker, programa horiek hobetu eta sendotu ahal izan ditut, eta orain programa horiek aukera ematen dute txalaparta ordenagailuarekin inprobisatzeko. Edozeinek erabil ditzake programak txalaparta jotzen ikasteko, txalaparta ikertzeko edota agian txalaparta jotzeko modu berriak asmatzeko. Baita poesia egiteko txalapartaren erritmoa erabiliz, esaterako". 

Jarraian, Txalaparta Digitalaren programarekin erakustaldi bat egin dute, eta txalaparta jo dute ordenagailu bat bikote dutela, inprobisatuz, ikusleek entzun dezaten zer erritmorekin erantzuten duen ordenagailuak.

Arg. Iñigo Ibañez

Nahi izanez gero, Teknopolis saioan proiektuari buruz egindako erreportajea dago ikusgai.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia