}

Burtsa bare-bare badago... adi!

2001/05/25 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Burtsan gertatuko diren aldaketa eta gorabeherak iragartzea ekonomialari askoren ametsa da. Izan ere, munduaren patua euren esku egongo litzateke. Gaurdaino, ordea, behin baino gehiagotan erretiratu behar izan dute lotsatuta.

1929ko urrian Wall Street amildu aurretik, adibidez, Yale Unibertsitateko Irving Fisher ekonomialariak esan zuen ekonomia estatubatuarra "goi-lautada garai" batera iritsia zela behin betiko. Hiru urte geroago, Estatu Batuetako nazio-errenta erdira murriztu zen eta Depresio Handiaren garaia etorri zen.

1987ko urriaren 19ko astelehen beltzaren inguruko eztabaidak ere, ez dira oraindik amaitu. Ekonomialariak ez datoz bat burtsaren gainbehera bortitzak merkatuaren berezko ezegonkortasunaren isla diren ala kanpoko gertakariek eraginda hasten diren. Oxford Unibertsitateko David Lamper ikertzailearen arabera, sistemaren barneko aldaketek eragiten dituzte gehienetan galera handi horiek. Lamperren taldeak burtsaren gainbehera handiak iragartzeko gai den eredua prestatu du, sistema baten baitan iristear dagoen ezegonkortasuna antzemateko gai den eredua.

Aldaketak sistemako agenteen arteko elkarrekintzen ondorio direla uste dute, salerosle bakoitzak besteek egiten dutenaren eragina jasotzen baitu; zuzenki burtsan ematen den talde-portaeragatik eta zeharka portaera horren ondorioz gertatzen diren salneurrien egokitzapenengatik. Elkarrekiko mendekotasun horrek oso aldaketa txikiekiko sentibera egiten du sistema osoa. Kontua da, aldaketa batzuk inork ez dituela nabarmentzen, eta beste batzuek, aldiz, lurrikarak eragiten dituztela. Nor den nor igartzea da arazoa.

Lamperren ereduaren arabera, merkatua muga zehatz eta finko batzuen artean higitzen ari bada eta epe laburreko fluktuazioak fidagarritasun handi samarrez muga horien barnean gertatuko direla espero bada, adi egon! Merkatuaren egoera hori berehalako aldaketa baten seinale baita, ekaitzaren aurreko barealdia. Burtsaren fluktuazioak iragartzen errazak diren garaiak aldaketa handien atarian gauden seinale direla uste du Lamperrek eta ez da bakarra. Mexikoko Unibertsitateko Ricardo Mansillak ideia beraren aldeko zenbait ondorio atera ditu finantza-merkatuen portaera aztertuta. Bestalde, Lamperren eredua aldaketen norabidea eta magnitudea nahiko ondo iragartzeko gai da.

Dena dela, Lamperren taldearen eredua ez da espreski finantza-merkatuentzat egin. Baliabide mugatu batzuk eskuratzearren lehiatzen diren unitateez osatutako edozein sistemari ere aplikatu ahal zaio, adibidez, ekosistema bat, konputagailu-sare bat edo bakterio-koloniak bat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia