}

Burrunba egin eta soinuak entzun, aldi berean

2005/07/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Porichthys notatus arraina gai da zarata egiteko eta, aldi berean, kanpoko soinuak entzuteko. Arrain hori Ipar Amerikaren mendebaldeko kostan bizi da, eta sistema berezi bati zor dio gaitasun hori: soinua sortzen ari den unean, garunak blokeatu egiten du entzumena. Hartara, sortzen duen zaratak ez dio trabarik egiten. Hurrengo milisegundoan, berriz, blokeoa bukatu egiten da eta entzumena libre geratzen da, eta, beraz, kanpoko soinuak entzuteko aukera du arrainak. Nolabait, entzumenaren blokeoa eta bokalizazioa sinkronizatuta daude.

Ahalmen hori oso berezia eta arraroa da. Arrain gutxik dute soinuak sortzeko gaitasuna, eta horien artean aipatzekoa da Porichthys notatus espeziearen arra. Egin kontu: ugaltze-sasoian igortzen dituen soinuak hain dira ozenak, San Frantziskoko badian bizi den jendea kexatu egiten da, zarata dela eta. Haien esanean, ur azpian abiadura handian dabilen motor batekin pareka daiteke arrainak sortzen duen burrunba.

Zientzialariak ez dira San Frantziskoko biztanleen egoeraz arduratu, baina, behintzat, Cornell Unibertsitateko ikertzaileek aurkitu dute nola moldatzen diren arrainak berek sortutako burrunbak eragozpenik ez eragiteko. Gainera, uste dute ikerketa baliagarria izan daitekeela gorreriaren zenbait alderdi ulertzeko.

Argazkian, nerbio-bulkaden grafikoa agertzen da. Horiz azaltzen dira ahots-giharretara doazen bulkadak; horien ondorioz sortzen du burrunba. Soinua, hala ere, pittin bat geroago sortzen da, bi punta horiren artean, hain zuzen. Une horretan, garunak seinalea bidaltzen du arrainaren belarrira (grafikoan, gorriz). Seinale horren bidez, entzumena blokeatuta gelditzen da, juxtu soinua igortzen den unean.

Argazkia: © Cornell Unibertsitatea