}

Brahe, Tycho

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1546-1601)

Astronomo danimarkar hau Knudstrup-en (oraingo Suediako hegoaldeko eta lehen Danimarkako zati zen Scania-n) jaio zen 1546ko abenduaren 14an. Anaia bikia zuen, baina jaioberritan hil egin zen.

1559 eta 1562. urte bitartean, seme-alabarik gabeko bere osaba aberatsak bidalita Kopenhage-ko Unibertsitatean zuzenbidea eta filosofia ikasi zituen eta gero 1562-1565 denboraldian, Leipzig-eko Unibertsitatean aritu zen ikasten. Libre zituen orduetan, bere osabaren aginduz astronomia aztertu zuen.

Egia esan, Tycho Braheri astronomiarako joera 1560. urtean sortu zitzaion, Eguzki-eklipsea ikusi zuenean. 1563. urtean Saturno eta Jupiterren hurbilketari begira zegoela, Alfontso X.a Jakitunaren tauletan aurrikusitakoarekiko hilabeteko aldea zegoela ikusi zuen. Beraz, bere behaketak egin ahal izateko tresna berriak erasi eta taula berriak osatzeari ekin zion.

1572an, azaroaren 11n, noba motako izar berria deskubritu zuen Cassiopeia konstelazioan. Hiparkok bere garaian izar berria jaio zela sumatu zuenean, lehen izar-mapa garrantzitsua osatu zuen. 1054. urtean agertu zen beste noba bat, baina hura astronomo txinatar eta japoniarrek bakarrik ikusi zuten. Noba izar horiek ez dira berez izar berriak, lehertutako izarrak baizik. Lehertu aurretik ordea, begi hutsez ezin ziren ikusi argi txikiegia zutelako eta teleskopioa agertu zen arte benetan izar berriak zirela ziruditen.

Tycho Brahek De Nova Stella (Izar berriaz) izeneko liburuan deskribatu zuen Artizarra baino distiratsuago bihurtu zen hura. Urte t'erdiz mantendu zuen gainera bere argitasuna hiru eragin nagusi izan zituen izar berri hark: noba izena ezarri, Brahe ospetsu bihurtu eta Aristotelesen teoria deuseztu egin baitzuen. Aristotelesen arabera, zeruak bere perfekzioan ezer aldatu gabe finko irauten zuen.

Danimarkako Federiko XI.a erregeak, astronomo gazteari laguntzea erabaki zuen eta Suedia eta Danimarka arteko Hvenn (orain Ven esaten diote) uhartean behatokia egiteko gastuak ordaindu zizkion. Tycho Brahek edifizio dotoreak eraiki eta orduko tresnarik onenez bete zituen, metro t'erdiko zeru-esfera ere barne zelarik. Gastuak ikaragarriak izan ziren, baina Europa guztiko jakitunek bisitatu zuten.

1577an, zeruan kometa handi bat agertu zen eta Brahek zehatz-mehatz aztertu zuen. Paralai bidez neurtuta, Ilargia baino urrunago zegoela frogatuz Aristotelesen zeruko perfekzio-teoria hondoraino amildu zen. Kometaren orbita aztertuz gainera, bere ibilbidea zirkularra ez eta eliptikoa zela adierazi zuen. Ideia ausarta zen hura orduan, zeren eta orbita eliptikoa bazen, planetak zeudeneko esferak (hori uste zuten orduan) zeharkatu egin behar baitzituen. Beraz, aukera bat esfera horiek zeruan ez egotea zen, baina hori Braheren berezko joeraren kontra zihoan. Tycho izan ere, Ptolomeoren ideiekin bat zetorren eta Lurra unibertsoaren zentrutzat zeukan. Bera izan baitzen astronomo ospetsutan Koperniken teoria onartu ez zuen azkena. Aldi berean ordea, Hiparko alde batera utzita, astroak begi hutsez aztertzen onena izan da. 777 izar finkoren kokalekua ere adierazi zuen.

Kometari buruz argitaratu zuen liburuan beste teoria bat plazaratze-ko kinkan egon zen. Teoria horren arabera, planeta guztiak (Lurra ezik) Eguzkiaren inguruan biraka arituko zinen eta Eguzkia berriz (bere planeta guztiekin) Lurraren inguruan.

Lehenxeago aipatu dugunez, Tycho oso zehatza zen zerua begi hutsez aztertzen. Ptolomeok adibidez behaketak hamar graduko akatsez egin bazituen, Tychok bi graduraino murriztu zituen akats horiek. Planeten higidura (Martitzena batez ere) zehatz-mehatz aztertuta Eguzkiaren higiduraz ordurarte zeuden taula guztiak baino hobeak argitaratu zituen. Urtearen iraupena segundoa baino akats txikiagoz kalkulatu zuen. Horren ondorioz, 1582an Gregorio XII.a aita santuaren agindupean egutegia aldatu eta egokitu egin zen.

Tycho Brahe izakeraz ez zen batere gozoa. Guztiekin haserre ibili ohi zen eta hemeretzi urte zituela, duelu batean sudurra moztu zioten. Harez gero, eranskin metaliko bat erabiltzen zuen beti.

Federiko II.a erregeak, pazientzia ikaragarria izaki, Tychori gorabehera asko barkatu zion. 1588an hil egin zen ordea eta bere oinordeko Kristian IV.a aspertu egin zitzaion. Astronomo berritsu eta xahutzaile hura jasan ezinik, diru-laguntza ukatu egin zion.

1597an Tycho Alemaniara joan zen Rudolf II.a enperadorearen gonbiteari erantzunez. Pragan finkatu zen eta bere laguntzaile gisa Johann Kepler aleman gaztea hartu zuen.

Tychok Keplerri bere ikerketen berri eman zion eta higidura planetarioen taulak osatzen ipini zuen. Keplerrek Tychok unibertsoaz zuen eskeman oinarrituz egin zuen lan, baina bere maisuaren teoriak aldatu egin behar izan zituen.

Tycho Brahe Pragan hil zen 1601eko urriaren 24an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia