}

Boyle, Robert

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1627-1691)

Fisikari eta kimikari britainiar hau Irlandako Lismore Castle-n, Waterford konderrian, jaio zen 1627ko urtarrilaren 25ean. Corck-eko kondearen hamalaugarren semea izanik, txiki-txikitatik nabarmendu zen zientzi arloan.

1635.ean Eton-go eskolara bidali zuten eta 1639-1644 bitartean Europan ibili zen. Hamalau urte zituela Italian zen zuela gutxi hildako Galileoren lanak aztertzen. Genoan zegoela ekaitz batean beldurra sartu zitzaiolako, erlijio aldetik anglikano zintzoa izan zen bere bizialdian.

1645.ean etxera itzulita, Francis Bacon-ek modan jarritako esperimentazioaz eztabaidatzeko jakitunekin bilerak egin zituen. Jakitunen elkarte hark 1663.ean Karlos II.a errege egin zutenean, "Royal Society" izeneko erakunde famatua sortu zuen.

1657.ean, Guericke-ren saiakuntzen berri izanda, huts-ponpa egiten ahalegindu zen. Robert Hookeren laguntzaz lortu zuen helburua eta tutu batean hutsa egin ondoren pisu desberdineko objektuak sartu zituen- Hutsean objektu guztiak abiadura berdinez erortzen direla frogatu zuen, Galileoren hipotesia egiaztatuz.

1662an frogatu zuenez, airearen konprimagarritasuna eragiten zitzaion presioarekiko alderantziz proportzionala zen. Boyle-Mariotte-ren legea esaten zaio horri. Ondorio garrantzitsuena ordea, honoko hau zen: airea konprimagarria zenez, hutsean sakabanatutako partikula txikiz osatuta egon behar zuen. Konpresioan beraz, partikula horiek elkartu egiten ziren. Atomismoa indar hartzen hasi zen harez gero, hau da, Demokritok adierazi eta bi mila urte ondoren.

Boyle alkimian ere aritu zen. Urrearen transmutazioan sinesten zuen eta 1689an gobernuari urrea fabrikatzea debekatzen zuen legea ken zezan eskatu zion. Sortzen zen urreaz gobernuak aprobetxatu egin behar zuela uste zuen eta zientzilariak urrea fabrikatzera bultza behar zituela ere bai. Hala ere, Boylek 1661ean alkimia kimika bihurtu zuen Kimikari Eszeptikoa liburua argitaratuz. Elementuak substantzia mistikoz osatuta zeudela zioen teoria grekoa alde batera utzi zuen. Boylerentzat elementua substantzia materiala eta metodo analitikoez identifika zitekeena zen. Beste bi sinpleagotan bana ezin zitekeen edo-zein substantzia zen elementua.

1680an gernutik fosforo elementua isolatu zuen, baina Brand bost edo hamar urte aurreratu zitzaion, aurkikuntza isilpean zeukalako.

Erlijio-zaletasuna denbora igaro ahala Boylerengan hazi egin zen. Erlijioaz entseiuak idatzi eta misiolari batzuk Ekialdera bidaltzeko gas-tuak ordaindu zituen.

1680.ean "Royal Society" erakundeko lehendakari izendatu zuten, baina karguari uko egin zion zin egiteko sistemarekin ados ez zegoela-ko.

1691 ko abenduaren 30ean hil zen Londresen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia