}

Botox toxina hilgarria zirujauen eskuetan

2007/01/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Botoxa zimur-lisatzaile ospetsuena bihurtu da. Baina baditu beste erabilera batzuk; agian ez hain ezagunak, bai, ordea, garrantzitsuak. Dena dela, are ezezagunagoa izango da askorentzat jatorria. Izan ere, botoxa muskuluak paralizatzen dituen toxina hilgarri bat da, eta horrexeri zor dio eraginkortasuna.
Botox toxina hilgarria zirujauen eskuetan
2007/01/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Botoxa zimur-lisatzaile gisa ezagutzen da gehienbat, baina badu beste alde bat ere.
Artxibokoa
Botox toxina botulinikoari ematen zaion izena da. Clostridium botulinum bakterioak ekoizten du, eta oso eraginkorra da. Sortzen duen intoxikazioari, berriz, botulismo deitzen zaio; hain zuzen, saltxitxa latinez botulus da, eta ikertu zuten lehenengo intoxikazioa saltxitxen bidezkoa izan zen.

1820an gertatu zen intoxikazio hura. Alemaniaren hego-ekialdeko herri batean, ehunka pertsona intoxikatu ziren saltxitxak janda. Urte batzuk geroago, Belgikan, ikertzaileek lortu zuten frogatzea lotura zegoela intoxikatuen paralisi neuromuskularraren eta jan zuten urdaiazpikoan zeuden esporen artean. Esporak bakterio batenak ziren, Clostridium botulinum bakterioarenak.

Nonahiko bakterioa

Clostridium botulinum bakterio-talde bat da. Zortzi barietate bereizten dira (A, B, C1, C2, D, E, F eta G), eta denak anaerobioak dira, esfera-itxura dute, eta esporak sortzen dituzte. Edozein lekutan egon daitezke, eta erraz aurkitzen dira fruten eta barazkien azalean, itsaskietan, eta lurrean zein itsasoko jalkinetan.

Esporak suntsitzea ez da erraza; esate baterako, bost ordu iraun dezakete 100 °C-an; 120 °C-an, berriz, nahikoak dira bost minutu esporak suntsitzeko. Inguruaren kondizioak egokiak direnean, esporak erne eta bakterio toxina-sortzaileak hazten dira. Kondizio horien artean daude oxigeno gutxi egotea eta ingurua ez izatea oso azidoa. Bestetik, bakterioa hazteko tenperatura egokiena 25-37 °C bitartekoa bada ere, mota batzuk 4 °C-an ere hazten dira.

Clostridium botulinum bakterioaren izena saltxitxekin erlazionatuta dago; hain zuzen ere, aztertu zen lehen intoxikazioa saltxitxen bidezkoa izan zen, eta latinez saltxitxa botulus da.
hgca

Kondizio horiek ohikoak dira janari-kontserba batzuetan. Kontserbak ondo eginda badaude, ez dago inolako arriskurik; aldiz, kontserbazio-tratamendua desegokia izan bada, litekeena da Clostridium botulinum haztea. A eta B barietateek elikagaiak degradatzen dituzten entzimak ekoizten dituzte; ondorioz, kutsatutako janariak itxura eta usain txarra izaten ditu. Beste barietateek, ordea, ez dute itxura, usaina edo zaporea aldatzen, eta, beraz, ezaugarri horiek aztertuta ezin da jakin janaria kutsatuta ote dagoen.

Toxina paralizatzailea

Zortzi barietateetatik, A, B, E (eta gutxi batzuetan F eta G) barietateek egiten diete kalte pertsonei. Zehazki, horien toxinak sortzen du gaitza. Nabarmentzekoa da toxinaren indarra: bakterio-toxina eraginkorrena da, eta, seguru asko, gizakiak ezagutzen duen pozoi indartsuena. Laborategiko sagua hiltzeko dosi hilgarria 0,0003 mikrogramo/kilogramo da. Kurarearena, berriz, 500 da. Kalkuluen arabera, aerosolez hedatutako gramo bat toxinak 1,5 milioi pertsona hiltzeko gaitasuna du.

Toxina polipeptido bat da, eta ez du usainik ez zaporerik. Espora ez bezala, erraz desnaturalizatzen da beroaren bidez (80 °C-an), eta baita ur kloratuan ere. Aldiz, gai da urdaileko azidotasuna eta entzima gastrikoak jasateko.

Toxina hainbat bidetatik sar daiteke organismora. Kutsatutako janarien bidezkoa da bat. Horrez gain, gertatu daiteke zauri bat infektatzea eta zaurian bertan bakterioak toxina sortzea. Eta, ohikoa ez bada ere, inhalazioz ere sar daitezke esporak biriketara. Bidea bat ala bestea izan, toxina odol-zirkulazioan sartzen da, eta nerbio-bukaerak muskuluarekin elkartzen diren lekura iristen da. Hor eragiten du. Ondorioa: paralisia.

Medikuntzan eta kosmetikan erabiltzen den dosietan, botoxak ez du botulismoa eragiteko arriskurik.
Allergan
Intoxikazioa janari kutsatuen bidezkoa bada, sintomak 12-36 ordutan azaltzen dira. Badaude hainbat sintoma orokor (goragalea, urdaileko mina, beherakoa, ondoeza...), baina adierazgarriena paralisia da. Burutik hasi eta beherantz hedatzen da: aurrena ikusmenari eragiten dio, gero aurpegiko muskuluak erori egiten dira, ondoren besoetakoak eta bularrekoak, arnasa hartzea galarazten du... eta horrela oinetara iritsi arte. Kasu larrietan, gaixoa 24 ordutan hiltzen da.

Gaur egun, ordea, arraroa da horretara iristea. Intoxikazio gutxi gertatzen dira; kasu gehienak Georgian, Errusian eta AEBn izaten dira, gehienbat etxean egindako janariengatik eta infektatutako zauriengatik. Azken intoxikazio handia 2006ko martxoan gertatu zen, Thailandian: 163 pertsona intoxikatu ziren etxean ontziratutako banbu-kimuen erruz. Zorionez, tratamendu egokia eman eta arnasa hartzeko aparatuak jarri zizkieten; horri esker, ez zen inor hil. Oro har, botulismoaren heriotza-tasa asko jaitsi da.

Gaitza tratatzen ez ezik, ikertzaileek toxina erabiltzen ere ikasi dute, eta orain nahi duten muskuluak paralizatzeko baliatzen dute. Hain zuzen ere, erabiltzen duten A barietateko Clostridum botulinum -aren toxina purifikatuari deitzen zaio botox.

Kirurgia estetikoan erabilgarri

Botoxa neurologian hasi ziren erabiltzen duela hogei bat urte. Espasmoak tratatzeko erabiltzen zuten, muskuluen neurriz kanpoko uzkurdurak eragozteko. Gerora konturatu ziren tratamenduak pazientearen aurpegiera ere asko hobetzen zuela kasu batzuetan, eta pentsatu zuten hori interesgarria izan zitekeela kirurgia estetikoan.

Horrelakoak sarritan gertatzen dira. Esate baterako, Propecia eta Rogaine produktuak burusoiltzearen aurka erabiltzen dira, baina, berez, bata prostatako tumore onberak tratatzeko garatu zen, eta bestea presio arterial altua kontrolatzeko.

Pedro Cormenzana Gipuzkoako Poliklinikako aditua da eta, haren esanean, botoxa probatu duten pertsonen % 90ek berriro egiten du tratamendua.
A. Galarraga

Botoxaren kasuan, duela 5-6 urtetik erabiltzen da kirurgia estetikoan, aurpegia gaztetzeko tratamenduen osagarri gisa. Gipuzkoa Poliklinikako Pedro Cormenzana espezialistak azaltzen duenez, aurpegia gaztetzeko tratamenduetan, helburua aurpegia hobetzea da, alde batetik muskuluen biguntasuna zuzenduz, eta, bestetik, zimurrak ezabatuz.

Muskuluen biguntasuna kirurgia bidez zuzentzen da, adibidez, lifting batekin. Zimurrak leuntzeko, berriz, bete egin daitezke, eta beste aukera bat 'bisturi kimikoa' erabiltzea da, botoxa alegia.

Botoxak zimurrak ezabatzen ditu, baina gehiago ere egiten du: aurpegierari eragiten dio. Izan ere, begitartea erlaxatzen du. Eragin hori nabarmena da bekainen arteko zimur bertikaletan. Hain zuzen, bekainen muskuluak gehiegi uzkurtzeagatik, zimur sakonak sortzen zaizkie pertsona batzuei, eta, gainera, haserre-itxura izaten dute. Botoxaren bitartez muskulu horiek lasaituz gero, zimurrak desagertu egiten dira eta bekokia argitu.

Efektu hori lortzeko, ordea, ondo jakin behar da zer muskulutan injektatu botoxa. Bestela, nahi ez diren ondorioak eragin daitezkeela ohartarazten du Cormenzanak, hala nola muskuluren bat eroria gelditzea. Horrelako arazorik ez izateko, ezinbestekoa da botoxa injektatzen duen sendagileak anatomia funtzionala ongi ezagutzea.

Emaitzarik onenak aurpegiaren goiko herenean lortzen dira oraingoz. Beste leku batzuetan, nahi ez den efektua sortzeko arrisku handiagoa dago. Dena dela, aipatzekoa da nahi gabeko efektuak desagertu egiten direla denborarekin. Hain zuzen ere, botoxa injektatu eta gutxi gorabehera lau egunera hasten da hautematen eragina, eta bospasei hilabete irauten du.

Bertikalak, horizontalak eta zeharkakoak

Toxina botulinikoaren lehen aplikazioetako bat estrabismoa tratatzeko izan zen. Hain zuzen ere, estrabismoa begi-globoa mugitzen duten muskuluen hiperaktibitateagatik gertatzen da.
Artxibokoa
Botoxa bekaineko muskulu egokietan injektatuta, beraz, bekokia argitzea eta bekainen arteko zimur bertikalak leuntzea lortzen da. Horrez gain, kopetako zimur horizontalak leuntzeko ere baliagarria da. Kasu horretan, bekoki-muskuluetan injektatzen da botoxa, dosia 8-10 puntutan banatuz. Betiere gutxienez bi zentimetroko tartea utzi behar da bekainetara, bestela nahi ez den efektua sortzeko arriskua dago eta (esaterako, betazala erorita gelditzea).

Azkenik, begi-ertzeko zimurrak ezabatzeko erabiltzen da botoxa. Horretarako, begia inguratzen duen muskuluan injektatzen da, lau bat puntutan. Cormenzanak zehazten duenez, puntu horiek aukeratzean garrantzi handia du pazientearen adinak: "pertsona gazteetan, begiaren behealdean ere jar daiteke, baina helduagoetan ez da komeni, bestela beheko betazala eroria gelditzen da".

Puntuak ondo aukeratzea bezain garrantzitsua da dosi egokia erabiltzea eta ondo banatzea. Aplikazio horietarako, botoxa Vistabel izenarekin merkaturatzen da, eta salmenta kontrolatuta dago, ospitale-farmazietan bakarrik eskura baitaiteke.

Injektatzen den dosia sexuaren eta helburuaren araberakoa da. Normalean, gizonezkoetan emakumezkoetan baino dosi handiagoak behar izaten dira. Nolanahi ere, Cormenzanaren paziente gehienak emakumezkoak dira, "nahiz eta gero eta gizonezko gehiago animatzen ari diren azkenaldian, estetikako beste tratamenduetan gertatzen den bezala". Botoxaren erabilera hazi egingo dela uste du; gainera, haren esanean, probatu duten pertsonen % 90ek berriro egiten du.

Orain, probak egiten ari dira aurpegiko beste leku batzuetan, adibidez, sudurrean. Aurpegiaren beheko herenean, berriz, emaitzak ez dira hain errazak aurreikusteko. Hala ere, ezpain-ertzak altxatzeko erabil daiteke, eta baita lepoan ere, baina pertsona nahiko gazteetan.

Botoxak zimurrak leuntzen ditu, eta aurpegiari ere eragiten dio, begitartea erlaxatzen baitu.
Sharley

Oso kontuz eman behar da botoxa leku horietan, oso zehatza izan behar da. Esaterako, barra-kodean, alegia, ezpain gaineko zimurrak leuntzeko, dosi oso txikiak erabili behar dira, lauzpabost puntutan banatuta.

Estetikaz haratago

Hala ere, zirujauek zehaztasun are handiagoz aritu behar dute beste kasu batzuetan, adibidez, asimetriak zuzentzean. Oro har, estetikaz haratagoko aplikazioetan, kasuan kasuko tratamendua egin behar da. Ez da ahaztu behar botoxa neurologian hasi zirela erabiltzen lehenik, eta orain ere oso baliagarria dela zenbait asaldura tratatzeko.

Mariano Sota Donostia Ospitaleko zirujau plastikoa da, eta, haren esanean, gero eta aplikazio gehiago aurkitzen ari dira ikertzaileak. Dena den, hemengo ospitaleetan toxina botulinikoa ez da asko erabiltzen praktikan; Sotari, esaterako, nahiz eta horretarako prestatuta egon, ez zaio inoiz egokitu Donostia Ospitalean toxina ematea. Kontuan hartu behar da tratamendua ez dela iraunkorra; eraginak hilabete batzuk bakarrik irauten du, eta gero berriro aplikatu behar da. Horregatik, beste irtenbide bat badago, hori erabiltzen da botoxaren ordez.

Alabaina, zenbaitetan botoxa izan daiteke irtenbide onena, adibidez, muskuluen nahi gabeko mugimenduek sortutako asaldura batzuk tratatzeko. Horietan ohikoena tortikolia da: lepoaren alde bateko muskuluei erasaten die, eta burua alde batera edo bestera okertuta geratzen da. Horren ondoren dator betazaletakoa: betazaletako bat nahi gabe itxi egiten da, eta gerta daiteke beti hala geratzea, baita bi begiak itxita gelditzea ere.

Botoxa baliagarria da muskuluen tentsioak sortutako migraina arintzeko.
Artxibokoa
Era horretako asaldura arruntenak bi horiek badira ere, badira beste asko, eta ondorio larriak izaten dituzte. Adibidez, mihiari, laringeari edo masailezurrari eragiten dienean, pazienteak ezin du ondo hitz egin edo jan. Horietan denetan, toxina botulinikoak mesede handia egin dezake.

Halaber, baliagarria da estrabismoa zuzentzeko, dardarak gelditzeko, muskuluen tentsioak sortutako migraina arintzeko, eta guruinen neurriz kanpoko jariatzeak sortzen dituen arazoak eragozteko, hala nola listu gehiegi ekoiztea edo neurri gabe izerditzea.

Azkenaldian, beste kasu askotan probatzen ari dira: errefluxua gutxitzeko ultzeretan, zauriak ixtean orbainik ez geratzeko, obesitate morbidoan... Gainera, B barietateko Clostridium botulinum -aren toxina ere ari dira erabiltzen hainbat tratamendutan. Argi dago, bai, botoxa zimur-lisatzaile bat baino zerbait gehiago dela.

Muskuluen paralisia
Toxina botulinikoa neurotoxina bat da. Nerbio-bukaerak muskulura heltzen diren lekuan eragiten du, eta neuronen arteko transmisioa edo sinapsia eteten du. Izan ere, sinapsian neurotransmisoreen bidez transmititzen da nerbio-bulkada. Adibidez, muskuluren uzkurdura eragiteko, muskulura heltzen den neuronak azetilkolina askatzen du.
Neurona bat neurotransmisorez beteta.
(Argazkia: R. Duncan L. Sharp)
Toxina botulinikoak, ordea, azetilkolina askatzea eragozten du. Hala, muskuluko nerbioek ez dute neurotransmisorea jasotzen, eta, ondorioz, ez da uzkurtzen. Gauza bera gertatzen da guruinetan: listua edo izerdia jariatzea eragozten du toxinak, guruinera iristen diren neuronek azetilkolina askatzea galarazten duelako.
Eragina ez da iraunkorra, denborarekin nerbio-bukaera berriak sortzen baitira. Horregatik, botoxaren bidezko tratamenduak eraginkortasuna galtzen hasten dira injektatu eta hiruzpalau hilabetera, eta erabat desagertzen da sei hilabete igarotzerako.
Arma biologikoa
Hain hilgarria izanik, ez da harritzekoa norbaiti bururatzea toxina botulinikoa arma gisa erabiltzea. Bada bai, botoxa arma izan daiteke.
(Argazkia: Artxibokoa)
Interneten, esaterako, botoxa arma arriskutsua dela aipatzen duten gune ugari daude, eta, dirudienez, asmo gaiztoekin erabili izan da. Adibidez, 1961ean CIAk Fidel Castroren gustuko zigarroak kutsatu zituen toxinaz, erretzean pozoitu zedin. Bistan denez, operazio hark ez zuen arrakastarik izan.
Badaude adibide gehiago, eta hainbat defentsa-departamentuetako ikertzaileak toxina indargabetzeko moduaren bila ari dira aspalditik. Oraindik ez dute emaitza onik lortu. Hala ere, badirudi ez dela hain kezkagarria. Toxina erraz desnaturalizatzen da kanpoan edo tenperatura altuekin, eta ez da erraza edonork ekoiztea. Hortaz, ez gara alferrik beldurtuko, ezta?
Galarraga Aiestaran, Ana
3
227
2007
1
032
Medikuntza; Osasuna; Anatomia/Fisiologia
Artikulua
32