}

Botilako ura ala iturrikoa?

2001/11/11 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ura edatea osasungarria dela behin eta berriz gogorarazten dute sendagileek. Baina hainbeste ur motaren artean nola egin hautaketa? Zein da osasuntsuagoa, botilako ura ala iturrikoa? Eta botilako ura edan nahi izanez gero zein aukeratu behar da, merkeena ala garestiena? Horra hor, uraren kalitatearen eta publizitatearen pisuaren artean balantza jarri eta erantzun beharreko galdera zenbait

Egunero 1,5 litro ur edatea gomendatzen da. Urak, besteak beste, zelulen arteko trukeak optimizatzen ditu, gorputzaren tenperatura erregulatzen laguntzen du eta toxinak eliminatzeko, adibidez azido uriko-kopurua kontrolatzeko, lagungarria da. Baina esan ohi den bezala iturriko ura baino onuragarriagoa al da benetan botilako ura? Zein diferentzia dago, prezioaz gain, bi ur horien artean? Sailkapena egin eta ur-industriaren zenbakietan murgilduta, erantzuna aurkitu diegu galdera horiei.

Iturriko ura, merkea eta kalitatekoa

Botilako uraren industriak garapen handia izan du azken hamarkadetan eta publizitatearen eragina garbia da. Iturriko ura baino osasungarriagoak direlakoan, gero eta gehiago kontsumitzen dira botilakoak. Botilako uren eta iturrikoaren artean bi diferentzia nagusi daude; lehena konposizio kimikoa eta bigarrena prezioa. Botilako ura iturriko ura baino 400 aldiz garestiagoa izan daiteke, eta kontsumoaren gizartean prezio garestia kalitate onaren bermea dela uste den arren, botilako uren aldeko apustua egin aurretik komeni da gauzak argi eta garbi edukitzea.

Publizitateari kasurik egin gabe, badira iturriko uraren alde aipatu behar diren puntu batzuk. Iturriko urak, botilako urek bezalaxe, edangarri izateko hainbat baldintza bete behar ditu. Europan, herrialde bakoitzak iturriko ura edangarria dela bermatzeko legeak ditu eta, etxeetako iturrietara heldu aitzin, ur horrek hainbat kontrol pasatzen ditu. Beraz, istripu puntualen bat gertatu ezean, inongo beldurrik gabe edateko moduko ura da iturrikoa.

Baina, botilako ur gehienek ez bezala, iturriko urak, baldintza horiek betetzeko, gehienetan tratamendu bat baino gehiago pasatzen du. Lehenik, ezpurutasun handienak kentzeko iragazi egiten da. Ondoren, urak amoniako, burdin edo manganeso gehiegi badu, gehigarri batzuei esker hauspeatu edo oxidazioari esker maila egokira jaistea lortzen da.

Azkenik, bakteria, birus eta germenik egon ez dadin, derrigorrezkoa da ura desinfektatzea. Horretarako, ozonoa, izpi ultramoreak edo kontsumitzailearentzat hain identifikagarria den kloroa erabiltzen dira. Lehen bi metodoak ez dira oso erabiliak, garestiagoak izateaz gain ez dutelako iraupen luzeko efekturik. Kloroak, berriz, urari iturriraino heldu arte eragiten dio. Egia da herri batzuetako urak kloro usain eta zapore handiegia izan dezakeela, baina derrigorrez gehitu behar den produktua da.

Horren guztiaren emaitza etxebizitzetara edateko ura bideratzea da. Baina edangarri izanagatik ere zapore txarrarengatik edo beste arrazoi batengatik botilako ura edatea nahiago duen horietakoa bazara, botilako uren artean zein alde dagoen jakin behar duzu.

Botilako uraren hastapenak

Bai iturburuko urek bai mineralek ez dute bat ere mikroorganismorik.

Ura botiletan jartzeko ideia bainuetxeetara joaten zirenengandik dator. Pertsona horiek uraren onurekin beraien etxean ere gozatu nahi zuten eta botiletan garraiatzen hasi ziren. Denborarekin, eta batez ere azken 50 urteetan, jarduera hori industria bihurtu da. Frantzian, adibidez, 1947tik 1998ra, ur mineralen ekoizpena 20 aldiz biderkatu eta 270 milioi litrotik 5,5 miliar litrora pasa da. Gaur egun, Europan 30 miliar litro ur ekoizten da urtean eta ekoizle nagusiak Alemania, Italia eta Frantzia dira. Azken herrialde horretan, uraren industriak 13 miliar libera (325.000 milioi pezeta) mugitzen du urtero.

Industria horren garapena ikusirik, ez da harritzekoa dendara joan eta hamar bat ur markarekin topo egitea. Prezio desberdinetakoak, diseinu politekoak, ur mineralak eta iturburuko urak..., aukera zabala da, eta mundu horretan ez galtzeko urak sailkatzen jakin behar da.

Botilako uren artean, oro har, bi ur mota nagusi bereizten dira. Alde batetik, iturburuko urak eta, bestetik, ur mineralak. Batzuek zein besteek ez dute batere mikroorganismorik. Legearen arabera, ur-iturria poluzioetatik babestuta egongo da, horrela, urak nitratorik, pestizida arrastorik eta metal astunik izan ez dezan. Gainera, botiletan sartu aurretik, Europako araudiaren arabera, urari ezin zaio inongo gehigarrik erantsi. Urak jaso ditzakeen tratamendu bakarrak mekanikoak dira, hau da, iragaztea, dekantazioa eta aireztatzea.

Bi ur mota horien arteko diferentzia konposizio kimikoan datza. Lehenak, ez dute aparteko berezitasunik eta ur mineralek, berriz, ezaugarri terapeutikoak ematen dizkieten mineralak dituzte. Ur mineralen artean ere, mineraletan nahiko pobreak eta oso aberatsak bereizten dira. Akuiferora iristeko bidean zeharkatzen dituen geruza geologikoen arabera aberasten da ura mineraletan.

Dena dela, jakin prezioak ez duela uraren kalitatearekin zerikusirik. Izan ere, prezioa ura ateratzeko, botilan ezartzeko eta garraiatzeko gastuen arabera igotzen da.

Kasu berezietarako aholkuak

Botilako ura iturriko ura baino 400 aldiz garestiago izatera iristen da.

Mineralak beharrezkoak dira, eta gorputzak egunero eliminatzen dituenez, elikadura egokiari esker egunero berritu behar dira. Mineral ezagunenak kaltzioa, fosforoa, sodioa, magnesioa, burdina,... dira. Esan bezala, elikadura orekatua nahikoa da mineralen eskasiarik ez izateko, baina kasu batzuetan, haurdun dauden emakumeen kasuan esaterako, ekarpena ur minerala edanez osa daiteke.

Bestalde, haurrentzako biberoia prestatzeko ur-minerala erabiltzea aholkatzen dute aditu batzuek bakterio eta germenik ez izateko berme handiagoa eskaintzen duelako eta, bestetik kloro-dosia ongi zaintzen bada ere, segurtasun handiagoa ematen duelako.

Azkenik, sodioaren kasu berezia aipatzea ere komeni da. Izan ere, sodioa giza gorputzeko likidoen elementu garrantzitsuena izanagatik ere, gehiegi izateak presio arteriala igotzea dakar. Ondorioz, bihotzeko arazoak dituztenek, sodiorik gabeko ura edatea gomendatzen da.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia