Bosgarren funtsezko indarraren aurkikuntza
1986/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Fisika sakon samar ikasi duen edozeinek, Unibertsoaren portaera gobernatzen duten lau indarrak –grabitatea, elektromagnetismoa, indar nuklear bortitza (nukleo atomikoetakoa) eta indar nuklear ahula (zenbait erradioaktibitate-motatan dagoena) alegia– ezagutzen ditu. Eta gainera badaki lau hauek eta lau hauek bakarrik daudela ere.
Baina joan den Urtarrilean zientzilari-talde batek, (Epharaim Fischbach eta S.H. Aronsonek besteak beste), gorputz guztietan eragiten duen bosgarren funtsezko indarraren aurkikuntza iragarri dute.
Bosgarren indar misteriotsu hau ulertu ahal izateko, antzinera joan behar dugu; Galileo Galilei-rengana. 1589.ean, Galileok 25 urte zituelarik, Pisako Unibertsitateko matematika-irakasle izendatu zuten. Han zegoelarik, Pisako dorretik pisu desberdineko objektuak botata saio ezagunak egin zituen. Objektuek une berean ukitzen zuten zorua. Saio ezagun honek mundu guztia konbentzitu zuen objektu guztiak abiadura berdinaz erortzen direnaz.
Aurkikuntza berriak fisikaren printzipio hau, mendeetan zehar guztiok (Newton eta Einstein barne) onartu izan dugun hau, eztabaidan jartzen du. Hiperkarga izenaz bataiatutako indar berri hau kontragrabitatorioa da eta nahiko ahula. Gainera, ez da lanean hasten bi objektu 200 m baino distantzia motzagoetara ez dauden bitartean. Indarrak, bi objektuen protoi eta neutroiak aldaratzen ditu. Berorren sendotasuna, objektuaren dentsitatearen araberakoa da, eta horregatik burdinari hidrogenoari baino gehiago eragiten dio. Esaterako, masa berdineko burdinazko bola bat eta zurezko beste bat hutsean une berean jausiko balira, zurezkoak ukituko luke zorua lehenago, dentsitate txikiagoa duenez hiperkargak gutxiago eragingo liokeelako.
Goiz da oraindik bosgarren indar hau erreala den ala ez erabat ziurtatzeko. Hemendik aurrera arazo honi buruz berri ugari izango da ezpairik gabe.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia