}

Boligrafoa

1997/04/01 Irureta Azkune, Onintza Iturria: Elhuyar aldizkaria

Asmakuntza sinplea dirudi boligrafoak, ezta? Tapa kendu, puntaz behera eskuan hartu eta idatzi, besterik gabe. Ez lukete hori esango boligrafoaren asmatzaileek gaur egun gure artean baleude. Ia mende bat behar izan zuten papera tinta-orbanez zikinduko ez zuen boligrafoa egiteko. Zeinek esango!

Guk esku artean darabiltzagun tresna askok oso sinpleak eta asmatzen errazak dirudite. Alabaina, gaur egun arruntak diren tresna asmatzeak izerdi eta neke asko eskatu die makina bat ikerlari nekagaitzei.

1888an John Laud izeneko larru-ontzaile batek puntan tinta-bola egiten zitzaion boligrafo moduko zerbait patentatu zuen, bereziki larruaren gainean idazteko. Patentatu bai, baina ez zen sekula salgai jarri. Boligrafo hura sarritan tinta zeriola tantaka hasten zen eta beste askotan berriz, tinta atera ezinda geratzen zitzaion.

Asmatzaile ugari saiatu zen boligrafo antzeko zerbait egiten, baina guztiek arazo beretsuak izan zituzten. Boligrafo erabilgarria egin bitartean guztira 350 boligrafo desberdin egin zituzten, inork eroso erabiltzeko moduan asmatu ez bazuen ere. John Laud saiatu eta handik berrogeita hamar urtera bi hungariar anaiek heldu zioten boligrafoa egitearen lan gogorrari. Ladislas Biro, anaietako bat, egunkari bateko argitaratzailea zen eta nazkatuta ei zegoen beti luma erabili beharraz. Lumari tinta etengabe jarri behar zitzaion eta kontu handiz ibili behar zuten papera tinta-orbanez ez zikintzeko. Bere anaia Georg kimikaria zen eta bien artean lumaren buruhausteari amaiera ematea erabaki zuten.

Zorioneko topaketa

1938rako bi anaiek prestatua zuten boligrafoa. Lortutako arrakasta ospatzeko edo, bi anaiek oporrak hartu zituzten. Hondartzan pasiatzen ari zen adineko gizon bati erakutsi zioten anaiek boligrafo maitea. Gizon hori Augustine Justo, Argentinako presidentea izatea suertatu zen. Presidenteak bi asmatzaileak gonbidatu zituen Argentinan boligrafo fabrika eraiki zezaten. Europan Bigarren Mundu-Gerra lehertu zenean, Birotarrek Argentinara ihes egin zuten. 1943rako zenbait dirulaguntza lortu eta boligrafoak ekoizten hasi ziren. Lehenengo boligrafoak nahikoa deserosoak ziren; tinta ondo ateratzeko eta ondo idazteko boligrafoa zuzen-zuzen hartu behar zen eskuan.

Denborarekin boligrafo hobea ere egin zuten. Boligrafoak puntan zuen bolatxoak belakiarena egiten zuen. Tututik tinta-kantitate justua heltzen zen bolatxora eta horrela, papera behar bezala tintaztatzen zuen, orbanik utzi gabe. Gainera, idazteko boligrafoa zuzen eduki beharrik ez zegoen jada. Hungariar anaien boligrafoak arrakasta handia izan zuen Britainia Handian. Britainia Handiko Aireko Armadak, batik bat, asko estimatu zuen boligrafo hori. Armadako langileek altitude altuetan, presio baxuan, tinta isuriko ez zitzaion boligrafoa behar zuten eta, noski, azken asmakuntza oso ondo etorri zitzaien. Hungariar anaiek, gainera, asko estimatu zuten Armadak boligrafoak erostea. Bake garaian ohartu ziren horretaz; salmentek behera egin zuten eta boligrafoak dendetan pilatzen hasi ziren.

Argentinako presidenteari boligrafoa erakusteko zoria izan zuten bezala, garai horretan Milton Reynols enpresariak ikusi zituen Biro boligrafoak Argentinako dendetako biltegietan. Txikagoko saltzaileak boligrafoak hartu eta Estatu Batuetara eraman zituen. 1945. urtea zen, Bigarren Mundu-Gerra amaitu berria eta Biro boligrafoek berriro ere, porrot egin zuten. Tinta-orbanak ezin zituzten eragotzi eta lehen gertatzen zen bezala, askotan tinta atera ezinda geratzen zen.

Paper Mate boligrafoa

Ordenadorea ezinbestekoa omen zaigu gaur egun: lantegian, bulegoan, eskolan… pantaila omen da nagusi; zereginik modernoenetan, hala ere, ez da inoiz falta boligrafoa.

Hungariar anaiek boligrafo arrakastatsurik lortu ez bazuten ere, Fran Seech kimikariak lan horri heldu zion. Lanik gabe geratu ondoren, etxean aritu zen probak egiten. 1949an kimikariak Patrick Frawley merkataria topatu zuen. Azken honi izugarri gustatu zitzaion kimikariaren lana eta etxean sortutako boligrafo-mota berria komertzializatzea erabaki zuen. Boligrafo horrek ez zuen tinta-orbanik uzten. “Paper Mate” izena ipini zioten boligrafoari eta hainbat urtetan ehundaka milioi ale saldu zituzten.

Frawley merkatariak izan zuen arrakastagatik jeloskor edo, Marcel Bich frantziarrari ere, boligrafo-diseinu berria egitea otu zitzaion. Mikroskopioaren laguntzaz bi urte eman zituen merkatuan zeuden boligrafo-diseinuak aztertzen.

1952. urtean guk ezagutzen dugun “Bic”a merkaturatu zuen. Boligrafoa gardena zen, fin idazten zuen eta behar baino tinta gehiagorik ez zitzaion jausten. Hori guztia garrantzitsua izan zen, noski, baina beste zerbaiti zor zaio boligrafo hauen arraskata: bere prezio merkeari, hain zuzen.

Gaur egun dendetan mota askotako boligrafoak egoten dira salgai, baina oraindik ere “Bic”ak ikusten dira. Ez dira kalitatez punta-puntakoak, ados, baina beren zerbitzua egiten dute. Lantokietan, bulegoetan eta, zer esanik ez, poltsikoa arin duten ikasleek “Bic” gorriak, berdeak, urdinak zein beltzak eskura izaten dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia