Boilurrak, erretako lurrak baso bihurtzeko
2005/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nafarroako Unibertsitateko Botanika Saileko bi ikertzailek ikerketa bat egin dute erretako lurrak berreskuratu eta baso bihurtzeko. Horretarako, Tuber melanosporum (Perigord-eko boilur edo trufa beltza) onddoaz kolonizatutako edo mikorrizatutako landareak erabiltzea proposatu dute.
Nazar-eko artadia (Lizarraldea) berreskuratzeko egindako lana abiapuntutzat hartuta, mikorrizadun eta mikorrizarik gabeko landareen hazkuntza eta biziraupena aztertu dituzte bi ikertzaileek. Mikorriza landare baten sustraiek eta onddoak eratzen duten sinbiosia da. Hala, zuhaitza eta boilurrak aldi berean hazten dira.
Hiru urteko ikerketaren ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute T. melanosporum onddoaz mikorrizatutako arteek biziraupen-tasa handiagoa dutela mikorrizatu gabekoek baino. Hala, erretako lurrak berreskuratzeaz gain, boilurrak landatzeko egokiak diren lurrei bultzada ekonomikoa emateko aukera dago. Gainera, boilurrek zuhaitzen hazkuntza bultzatzen dute eta gaixotasunekiko erresistenteago bilakatzen dituzte.