Bizilekua nomada egiten denean
2000/05/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Estatu Batuetako Glaziar Parke Nazioanalean 150 bat glaziar handi zeuden 1850ean. 37k bakarrik iraun dute gaur egun arte, baina horiek ere urtzen ari dira eta daramaten abiaduran glaziarrak erabat desager litezke 2050erako. Glaziarrak urtzea ez da Montanako parkearen arazo bakarra. Ibai eta errekek gero eta elur-ur gutxiago jasotzen dute udaberrian eta batzuek epeltzen ari dira, iraungitze arriskuan dauden amuarrainen elikagai-katean oinarrizko diren ornogabeen bizia mehatxatuz. Uda erdirako lehortzen diren errekak gero eta gehiago dira, asko euriaren arabera hustu eta betetzen diren putzu bilakatu direlarik. Parkeko hezeguneen azalera murrizten ari da, bertako landareen artean bizi diren basasaguak etxerik gabe eta basasaguez elikatzen diren txori, hartz eta bestelakoa animaliak zer afaldurik gabe utziz.
Glaziar Parke Nazionala bizitzen ari den klima-aldaketa munduan zehar biologo kontserbazionistek duten arazoaren argazkia besterik ez da, planetaren beroketak eragin berezia duen gune guztietan agertu baita problematika berbera. Parke nazionalek, erreserba naturalek edo basbizitzaren babesguneek animalien eta landareen ekosistemak gordetzen dituzte, baina tenperaturak igotzen ari dela eta, bertako bizilagunek migratzea erabakiz gero, nola bete dezakete babesguneek euren eginbeharra?
Metodologia
Klimaren aldaketak parke naturalak kudeatzeko arau berriak eskatzen ditu, ikerketen arabera munduko erreserba natural handienen bostenak paisaia erabat desberdina izan baitezake 30 urte barru. Kanadan, esaterako, eragina oso handia izango da. Bertako klimak hotza maite duten animaliak bultzatu ditu, hala nola karibua eta hartz zuria, baina tenperatura igo heinean, animaliok sorpresa desatsegina jaso dezakete. Kanadak, bestalde, 39 ingurune-mota dauzka eta horietarik 24 parke natural izendatu ditu. Baina inguruneen mugak klimarekin batera aldatzen badira, urteen baitan parke naturalek hasieran babesten zituzten ekosistemekin zerikusirik ez duten inguruneak babes ditzakete; denboraren poderioz, gorde beharreko inguruneak beste norabait migra dezake.
Glaziarrak urtzeaz gain, itsas mailaren igoerak babestutako zingirak estal ditzake eta larre handiak zuhaitz inbaditzaileen presioaren eraginez desager daitezke. Costa Ricako Monteverde Hodei basoan txori eta anfibioak desagertu egin dira mendi gailurretarantz ihes egin duten hodeiek sortutako hezetasunarekin batera. Munduko makina bat eskualdetan gertatzen ari dira halakoak. Planetaren beroketak babestutako ekosistema asko suntsi ditzake baina ekologokoak jakinaren gainean dauden arren, ezer gutxi edo ezer ez egin da arazoari aurre egiteko.
Badira 15 urte zientzialariak planeta beroagoan babestutako ekosistemek izango zuten patuaz kezkatzen hasi zirela, baina parke horiek zaindu behar dituztenentzat, suteak eta autoktonoak ez diren espezieak zabaltzea dira eguneroko borroka eta klimaren aldaketa hortzean oso urrun agertzen den erronka da, garatzeko hamarkada asko behar dituena.
Zenbait ikertzaile eta ekologo etrokizunerako gakoak iraganean aurkitu nahian dabiltza. Animalien fosilen eta zuhaitzen eraztunen bidez Lurrean lehenago ere gertatu diren klima aldaketak ikertzen ari dira; beste batzuk, berriz, parkeetan jadanik izan diren aldaketak bildu eta aztertzen ari dira eta gutxi batzuk konponbideak bilatzen ari dira, erreserba naturalak diseinatzeko modu berriak asmatuz eta babestutako gune horien mugetako lurren jabeekin elkarlanean.
Iraganak, esaterako, badauka zer kontaturik. Komunitate ekologikoak ez dira bateraturik iparralderantz (edo zerurantz mendien kasuan) higitzen eskualde hezeago edo hotzagoen bila; alderantziz, klima aldaketak su artifizialen eztandaren antza handia du: ekosistema mila zatitan puskatzen da eta animalia eta landareek norabide desberdinetan egiten dute ihes, bakoitzaren beharren arabera. Halako zerbait gertatu zen duela 400.000 eta 800.000 urte bitartean Coloradoko Mendi Harritsuetan, baina aldaketa hauek ez dira beti kaltegarriak, garai hartako berregituratzea batra egungo Mendi Harritsuen flora eta fauna aberatsaren erruduna.
Korridore naturalak
Hurrengo berregituratzea, ordea, aurreko guztien erabat desberdina izango da. Iraganean, bizidunek kontinente osoak zituzten eskualde hezeago, hotzago, lehorrago edo beroagoen bila libre pasiatzeko. Gaur egun, berriz, landetxeak, hesiak eta hiriak dauzkate tartean eta animali eta landareek nora jo ez dutenez, euren iraupena arriskuan egon daiteke klima aldaketak bizilekua eraldatzen badie. Horregatik, erreserba naturalak elkarrekin lotuzko dituzte korridoreak egitea proposatzen du zenbaitek, animaliek nundik higi izan dezaten. Europan "erreserben sareak" egin nahi dira, habitat batetik bestera higitzen ari diren animaliak jasotzeko eta Israelen herrialde guztia zeharkatzen duten linea elektrikoen lur sailak korridore bezala erabiltzea iradoki dute. Ideia horietako oso gutxi igaro dira, ordea, paperetik errealitatera.
Ekimenak aurrera eraman edo ez, argi dago zenbait parkek ezingo dituztela luzaroan babestu euren espezie eta habitatak (ez baitira parkea dagoen lekuan egongo) baina gakoa parke hauek identifikatzean dago, egungo modelo klimatikoak orokorregiak baitira eta ez baitira baliogarriak erreserba natural jakin batentzako. Eta nahiz eta fisiologian edo egungo banaketan oinarriturik zenbait espezieren etorkizuna iragarri daitekeen, espezien arteko elkarrekintzak nola aldatuko diren jakitea da garrantzitsua, eta hau iragartzea oso zaila da. Arriskuan dauden zuhaitzen hazia klima egokiagoko eskualdetara garraia daiteke baina animalia-talde osoak alde batetik bestera higitzea oso neketsua izan daiteke. Beraz, zenbait espezie higitzerik ez badago, erreserbak mugikorrak izan daitezen diseina al daitezke? Honetarako bide bat iparraldetik hegoalderantz doazen eskualdeak aukeratzea da (ohiko parkeen ardatza ekialdetik mendebalderakoa da), gune bateko klima berotuz gero animaliek iparraldeko lur hotzagoetara joateko aukera izan dezaten. Era berean, altitude handi eta txikiko lurrak dauzkaten eskualdeak erabili daitezke erreserbak osatzeko, hotzagoak eta ziur asko hezeagoak diren guneetara igo daitezen beharra duren animaliak.
Erreserba natural berriak diseinatzeko unean printzipio hauek kontuan hartzea klimaren aldaketaren aurka borrokotzeko modua da., faktore hau ere kontsideratu beharreko izango baita hemendik aurrera. Bestela, erreserba naturalak hautatzen eta ezartzen egindako urtetako lana hutsean gera liteke. Basabizitza babesteko izendatu ziren gune naturalak baina beharbada ezin izango dute euren funtzioa bete. Iratzartzeko ordua iritsi da.
Arriskuan dauden parkeak
Artikoko Basabizitzaren Babesleku Nazionala (AEB) Permafrosta urtzen bada tundra desager daiteke
Groenlandiako ipar?ekialdea Elurte handiagoek udaberria atzeratu eta hegaztien ugaltze?aroa labur dezakete
Yellowstone Parke Nazionala, AEB Eguraldi beroago eta lehorragoak eragindako sute handiek aspaldiko basoak mehatxatzen dituzte
Everglades Parke Nazioanala, AEB Itsas mailaren igoerak eta ugaritzen ari diren ekaitzek ekosistema hau kaltetu dezakete
Belizeko koral?hesia, Belize Ur beroek gaixotasunak eragiten dituztemunduko bigarren koral?hesi handienean
Manu, Peru Hodeiek goruntz egiten duten heinean lainozko basoak desagertzeko arriskua areagotu egin da
Waddenzee, Herbeherak Itsas mailaren igoerak hezegune aberats hau estal dezake
Suitzako Parke Nazionala Glaziarrak oso azkar urtzen ari dira
Majella, Italia Elurteak murrizteak mugo pinuz estalitako eskualdeak desagertarazi ditzake
Malawi aintzira, Malawi Aintzirako uren zirkulazio?patroia aldatzeak produktibitatea murriztu eta aintzirako arrain?espezie endemikoak arriskuan jar ditzake
Moremi Game Erreserba, Botswana Eguraldi lehor eta beroagoak ur gutxiago ekarriko du uholde?lur hauetara bertako flora eta fauna aberatasarentzat
Baleen Santutegia, Antartika Ur epelagoek baleen elikagai nagusia diren krillen (ganba txikien) populazioa gutxiagotu dezakete
Pechoro-llych Erreserba, Errusia Uda beroagoek baso borealak suntsitzen dituzten kakalardoen ugaritzea eragiten dute
Wolong Erreserba Naturala, Txina Panda eta beste espeziek arriskuan izan daitezke euren gune?klimatikoak migratzen ari baitira.
Sagarmatha, Nepal Aintzira izoztuak urtzen ari diren glaziarretako urez betez gero, uholde ikaragarriak eragin ditzakete
Kanha, India Monzoi ahulagoek tigrearen bizileku diren baso hezeak arriskuan jar ditzakete
Kutai, Indonesia Lehorte eta suteek bertako basorik gehienak suntsitu dituzte
Kakadu, Australia Itsas mailaren igoerak ur gazia bidal dezake lurralde baxuetako ibai eta hezegunetara
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia