Biziaren seinale izan litezkeen zantzuak topatu dituzte Marten
2025/09/11 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

NASAren Perseverance roverrak iraganeko biziaren seinale izan litezkeen zantzuak aurkitu ditu Marten. Perseverancek iaz aurkitu zituen aztarna horiek Jezero kraterreko arroka batean, duela milaka milioi urte aintzira handi bat eta ibai-sistema bat egon ziren lekuan. Orain, Naturen argitaratu duten lan batean azaldu dute Lurrean mikrobioen jarduerarekin lotuta agertu ohi diren mineralak eta konposatu kimikoak detektatu dituztela.
Cheyava Falls izeneko arroka ikertzen ari zirela, koloretako orbanak aurkitu zituzten. Orban horietan burdinan aberatsak diren bi mineral aurkitu dituzte: vivianita eta greigita. Vivianita maiz aurkitzen da Lurrean sedimentuetan, zohikaztegietan eta usteltzen ari den materia organikoaren inguruan. Greigita ere mikroorganismo batzuek sortu dezakete Lurrean.
Ikertzaileek uste dute mineral horiek sedimentuaren eta materia organikoaren arteko elektroi-transferentziako erreakzioek sortua izan litekeela; eta hori biziaren seinale izan liteke, mikroorganismoek erreakzio horiek erabiliko bailituzkete hazteko energia sortzeko. Aitzitik, mineral horiek bizidunik gabe ere sor daitezke zenbait egoeratan, hala nola tenperatura altu iraunkorrak, baldintza azidoak edo konposatu organikoak elkartzea. Ikertzaileen esanean, ordea, Jezeroko arroka horiek ez dirudi tenperatura altuetan eta baldintza azidoetan egon direnik, eta ez da ezagutzen konposatu organikoen erreakzioak tenperatura baxuetan gerta ote zitezkeen.
Bestetik, azpimarratu dute arroka gazte samarrak direla, eta, benetan biziaren seinaleak balira, horrek iradokitzen duela Marte uste baino denbora gehiagoan bizitzeko egokia izan zitekeela. Edonola ere, ikertzaileek argi utzi dute azterketa gehiago behar direla orban horiek benetan biziaren ebidentzia ote diren baieztatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia