}

Biziaren jatorria argitzeko estrategia berri bat proposatu dute

2023/08/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

biziaren-jatorria-argitzeko-estrategia-berri-bat-p
Fumarola bat, itsas hondoan. Arg. NOAA/Jabetza publikoa

Bizitzaren jatorria ikertzeko bi estrategia nagusi erabili ohi dira: kimika prebiotikoa, eta biologia ebolutiboa. Orain, nolabait biak batzen dituen estrategia berri bat proposatu dute PNAS aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Berez, urteetako lana da, eta elektroien garraio-katearen azterketan oinarritzen da.

Kimika prebiotikoa behetik gorako estrategia da, eta, batez ere, esperimentala da. Hain zuzen, esperimentuen bidez, ikertzaileak saiatzen dira probatzen ea bizia sortzen den, Lurrak bizidunak izan aurretik zituen ezaugarrietatik abiatuta. Nolanahi ere, frogatzekotan, abiapuntuko baldintzetatik bizia sortzea posible zela frogatuko lukete esperimentuek; ez horrela gertatu zenik. Biologia ebolutiboa, berriz, goitik beherakoa da, eta historia genetikoa atzerantz berreraikitzean datza. Arazoa da gaur egun irauten duten geneetan oinarritzen dela, eta ezin dituela ezagutu desagertu direnak.

Argitaratu berri den lanean, hutsune horiek betetzen saiatu dira, bi estrategiak batuta eta arreta elektroien garraio-katean jarrita. Elektroien garraio-katea sistema metaboliko bat da, organismo guztiek darabiltena (bakterioetatik gizakietara), energia kimikoa sortzeko. Sistema hori era askotakoa da, bizidun-motaren eta erabilitako energia-metabolismoaren arabera. Baina, aldeak alde, goitik beherako estrategiak erabilita, ikertzaileek erakutsi dute lehen bizidunek ere sistema metaboliko horiek baliatzen zituztela. Eta, behetik gorako estrategieetan, berriz, ikusi dute ozeano primitiboetan posible izango zela sistema horiek sortzea eta baliatzea. 

Horrenbestez, egileek iradoki dute elektroien garraio-katea ikuspegi horrekin ikertzea oso emankorra izan daitekeela, biziaren jatorria argitzeko bidean.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia