}

Bizia luzatzea amets

2009/07/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Imajinatu laborategiren batean bizia luzatzen duen pilula bat asmatzen dutela. Nork egingo lioke uko pilula hartzeari? Eskuragarria izango litzateke denentzat, edo aberatsenek bakarrik izango lukete hartzeko aukera? Galdera asko sortzen dira horren harira, baina, beharbada, hau da lehenengoa: posible al da halako pilula bat asmatzea, edo amets hutsa da?

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, badirudi ametsa egia bihur daitekeela. Ikerketan rapamizina izeneko botikak saguen bizialdian duen eragina aztertu dute. Rapamizina transplantatutako organoen errefusa saihesteko erabiltzen da medikuntzan, baina ikertzaileek bizialdian eragina izan zezakeela susmatzen zuten, eta orain frogatu dute, janariarekin batera hartuz gero, bizialdia % 9-13 luzatzen dela. Saguetan.

Bizia luzatzeko pilula asmatzetik lehen baino hurbilago daude orain zientzialariak. Lortuz gero, nork egingo lioke uko pilula hartzeari?

Zahartzearen ikerketak bideratzen dituen ITP institutu estatubatuarrak zuzendu du ikerketa, eta hiru zentrotan egin dute paraleloan. Guztira 200 sagu aztertu dituzte, elkarren artean genetikoki desberdinak, emaitza sagu-motarekin lotuta ez dagoela bermatzeko.

Saguei rapamizina-dosi bat eman zieten egunero, janariarekin batera. Berez, saguak gazteak zirela hasi nahi ziren esperimentuarekin, baina janaria prestatzean arazoak izan zituzten eta, azkenean, saguek 600 egun zituztenean hasi ziren rapamizina ematen. Hauda, pertsonak balira, 60 urterekin gutxi gorabehera. Emaitza, hala ere, esanguratsua izan da: botikarik hartu ez zuten saguekin alderatuta, sagu emeen bizialdia % 13 luzatu zen, eta, arrena, % 9.

Horrenbestez, nahita izan ez bada ere, tratamendua helduaroan hasita ere eraginkorra dela ikusi dute, eta hori, noski, ona da. Hori iruditu zaio behintzat esperimentuan parte hartu duen ikertzaile bati, David Harrisoni: 67 urte ditu, eta oraindik tratamenduarekin hasteko garaiz dagoela esan du, txantxetan.

Harrisonen lankide batzuek, berriz, seriotasun osoz, kontrakoa adierazi dute, eta garbi esan dute ez dutela rapamizina hartzeko inolako asmorik, eta ez diotela inori gomendatzen. Izan ere, saguei albo-ondorio larririk antzeman ez dieten arren, oraindik oso goiz da pertsonentzat baliagarria izango dela pentsatzeko. Aurrena arazo batzuk konpondu beharko dituzte.

Arazo handienetako bat da immunologia-sistema ahultzen duela, eta, beraz, gaixotasunak hartzeko arriskua areagotzen duela. Beste arazo bat dosia da, transplantea izan duten pertsonek hartzen dutena baino askoz dosi handiagoa eman baitiete saguei egunero.

Hala, lehenik, rapamizinak zer mekanismoren bidez funtzionatzen duen argitu nahi dute. Zientzialari batzuek uste dute dieta murriztearekin zerikusia izan dezakeela, biek zelula-bidezidor berean eragiten baitute, baina oraindik ez dute baieztatu.

Gutxi jan eta luze bizi

Dieta murriztearekin, berriz, ez dute hainbeste zalantza; gero eta froga gehiago daude esateko dieta murrizteak bizia luzatzen duela. Azkena Science aldizkarian argitaratu dute, eta Wisconsingo Unibertsitatean egindako esperimentu bat da. Hain zuzen ere, nahi adina jaten zuten tximinoen eta dieta murriztua zutenen bizialdiak alderatu dituzte, 20 urtean zehar.

Dieta murriztua zuten tximinoei pixkanaka gutxitu zizkieten dietaren kaloriak, ohikoa baino % 10 gutxiagotik hasi eta % 30 gutxiagorekin bukatu arte. Hogei urte igaro ondoren, ikusi dute tximino haien % 13 hil zela. Nahi adina jaten zuten tximinoen taldean, berriz, % 37 hil ziren denbora-tarte horretan. Gainera, dieta murriztua zutenek osasun hobea zuten, eta adinarekin areagotzen diren gaixtotasun gutxiago zituzten, hala nola diabetesa, minbizia, arazo kardiobaskularrak eta garun-atrofia.

Gizakietan ere ari dira egiten epe luzeko esperimentuak ikusteko zer onura eta zer kalte eragiten dituzten dieta murriztuek. Ikertzaileek, dena den, argi utzi nahi izan dute gauza bat: esperimentuetan parte hartzen duten boluntarioak medikuen kontrolpean daude, desnutrizio-arazorik ez izateko. Badaezpada ere esango dute, inork bere kasa probatu nahiko balu ere...

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia