Bizi-ohitura egokiekin, diabetes-arriskua % 31 murriztu daitekeela frogatu dute

2025/08/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bizi-ohitura-egokiekin-diabetes-arriskua-31-murriz
Dietarekin batera, ariketa fisikoak eta pisu-galerak dituzten ondorioak ikertu dituzte. - Arg. Myriam BT/CC40

Dieta mediterraneoa, ariketa fisikoa, eta pisu-galera batzen dituen programa baten bidez, 2 motako diabetesa garatzeko arriskua % 31 murrizten dela frogatu dute PREDIMED-Plus azterketaren barruan. 

Dietaren eta bizi-ohituren eragina aztertzeko Europan egiten ari diren azterketarik zabalena da PREDIMED-Plus, Espainiako hainbat zentroren bitartez, eta milaka pertsonaren epe luzeko partaidetzarekin. Aurretik egin zuten beste ikerketa batean, jada ikusi zuten dieta mediterraneoak eragin osasungarria zuela, eta, horren baitan, lagungarria zela diabetesa prebenitzeko. Orain, beste pauso bat eman dute, eta, dietarekin batera, beste bizi-ohitura osasungarri batzuen eragina aztertu nahi izan dute.

Hala, PREDIMED-Plusen parte hartzen ari diren 7.746 boluntario aukeratu (55-75 urtekoak), bi taldetan banatu, eta sei urtez jarraipena egin diete. Denek jarraitu zuten dieta mediterraneoa, baina kontrol-taldekoek beste ezer egin behar ez zuten bitartean, beste taldekoek programa bat bete behar zuten. Programa horretan, kaloriak mugatuta zituzten, intentsitate ertaineko ariketa fisikoa egin behar zuten, eta pisua galdu behar zuten, profesional baten gidaritzapean.

Sei urteko epea igarotakoan, frogatu dute bigarren taldeko partaideen % 31 gutxiagok garatu dutela diabetesa. Gainera, kontrol-taldekoek baino pisu gehiago galdu dute (3,3 kg; kontrol taldekoek, 0,6), eta gerri-zirkunferentzia gehiago txikitu dute (3,6 cm; besteek, 0,3).

Ikertzaileek azaldu dutenez, dieta mediterraneoak modu sinergikoan eragiten du, intsulina-sentikortasuna hobetzen eta hantura arintzen. Orain ikusi dute ariketa fisikoak eta pisua galtzeak eragin hori areagotzen dutela.

Annals Of Internal Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Zenbaki beraren editorialean, ikerketaren balioa azpimarratu dute egileek, eta beste testuinguru batzuetan bestelako pausoak ere eman behar direla ohartarazi dute. Adibidez, AEBn egiturazko oztopoak eraitsi beharko lirateke, hala nola janari osasungarria eskuratzeko zailtasunak, hiri-ingurunearen mugak, profesionalen formazio-gabezia… Horri guztiari aurre egiteko, eta ikerketan azaldutako programa ezartzeko, politika eraginkorrak behar direla aldarrikatu du.





 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia