}

Bizaldikoa, ikono bat baino gehiago

2011/02/13 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Citr en 2CV autoaren lehen modeloak 8 zaldi-potentzia zituen. Gaizki-ulertu baten ondorioz, ordea, 2 zaldi-potentzia zituen ustea errotu zen herri-tradizioan, eta horrek eman zion autoari kaleko jendeak aspalditik erabiltzen duen izena. Frantsesez, deux chevaux ; gaztelaniaz, dos caballos ; eta, euskaraz, bizaldikoa esaten diote.

1950ko hamarkadan saldu zen modeloa.
Irudia: Josst J. Bakker

Baina 2CV izenak ez zuen adierazten potentzia, baizik eta bi zilindroko motorra zuela, V-forman jarrita. Guztira, 375 cc. Motore txikia da gaurko estandarretatik begiratuta, baina, garai hari begiratuz gero, Citr enek erabat asmatu zuen. Motor horrek oso kontsumo txikia zuen, eta auto egokia zen herritarrentzat.

Bizaldikoa diseinatu zen garaian, 1930eko hamarkadan, Frantzia gehienbat nekazari-herri bat zen. Horregatik, Pierre Boulanger Citr en enpresako zuzendari nagusiak haientzako moduko auto bat diseinatzeko eskatu zien ingeniariei. Agindua oso argia izan zen; funtzionatzeko ezinbesteko osagaiak izan behar zituen autoak , besterik ez. Lau gurpil aterki baten azpian , esan zuen. Eta, horrez gain, baldintza sinple batzuk bete behar zituen: alde batetik, bi lagun txapeldunentzako tokia izan beharko zuen; bestetik, 50 kiloko zama eramateko gauza izan behar zuen; eta, gainera, arrautzez betetako kaxa bat garraiatu behar zuen laborantza-eremu batean, arrautzak puskatu gabe. 1936an sortu zuten lehen prototipoak, 8 zaldi-potentziako modelo hark, baldintza horiek guztiak betetzen zituen. Arrautzak garraiatzearen proba bera ere filmatuta dago.

Eta ez zen hori bakarrik. Nahitaez auto merkea izan behar zuen, esan bezala, nekazariek erosi ahal izateko. Horretarako, diseinuak minimoetara jo zuen. Esate baterako, aurreko argi bakarra zuen, Frantzian ez baitzuten legez eskatzen bi argi izatea . Eta aluminiozko karrozeria zuen, oso metal merkea. Arazoa zen aluminioa ez dela oso material gogorra; horregatik, Citr enek uzkurtu egin zuen aurrealdeko txapa, eta gogortasuna handitu zuen, autoa asko garestitu gabe.

Bizaldikoaren diseinua erraz ezagutzen da
Irudia: James Vilija

Bizaldikoa ez zen garai hartan merkaturatu; Parisko autoen azokan aurkeztu nahi zuten 1939an. Baina, urte hartan, Citr enek prototipoak fabrikatu bitartean, Hitler Polonian sartu zen. Irailaren 3an, Frantziak eta Ingalaterrak gerra deklaratu zioten Alemaniari, eta azoka bertan behera utzi zuten frantsesek.

Bizaldikoak, nekazarien lanerako hain aproposa zen ingeniaritza-lan hark, alemaniarren eskuetan bukatuko ote zuen beldur ziren Citr enekoak. Ordurako, 250 ale eginda zituen, eta Boulangerrek denak suntsitzea erabaki zuen, ale bakar bat izan ezik (lau ale, iturri batzuen arabera). Auto hura desmuntatu, eta piezak granja batean ezkutatu zituzten, gerra bukatu arte.

Gerra bukatu eta Frantziak normaltasuna berreskuratu arte, urte batzuk igaro ziren. Citr enekoek berriz osatu zuten bizaldikoa, eta egokitzapen batzuk egin zizkioten. Adibidez, urik gabeko hozte-sistema bat jarri zioten motorrari. Urik behar ez duen motor batek ezin du ur-faltarengatik matxurarik izan. Bestetik, aluminiozko txaparen ordez altzairua jarri zioten.

Irudia: Ian Ashdown

1948ko Parisko azokan aurkeztu zuen Citr enek autoa. Modelo berriak 9 zaldi-potentziako autoa zen, bost litro baino gutxiago kontsumitzen zuen 100 kilometroan, orduko 65 kilometroko abiadura hartzen zuen, eta esekidura-sistema harrigarria zuen, autoa ez iraultzeko modukoa. Salmentak ikaragarriak izan ziren. 1950ean, bizaldiko bat erosteko, sei urteko itxaron-zerrenda zegoen.
Bizaldikoa arraskasta handiz iraun zuen 1990 arte. Guztira 3.800.000 ale saldu zituen Citr enek.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia