Birziklapena garestia?
1994/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Batuetan oraindik orain egin den ikerketa batek hiri-hondakin arruntak birziklatzea gaur egun estatubatuarrei zenbat kostatzen zaien eman du jakitera. Goiko diagraman ikusten denez, papera eta paperaren eratorriak dira merkeen birziklatzen direnak, plastikozko ontziak garestienak direlarik. Datuek tona bat material bildu eta birziklatzeak zenbat dolar balio duen adierazten dute.
Ikerketa merkatu-parametroetan egina dago; sosei begira alegia. Esan nahi baita, birziklapenak bere alde dituen gainerako aldeak (ekologikoak, alegia) kontutan hartu gabe egin dela.
Datu horien arabera, gaur egun birziklatutako ia produktu guztiak ez dira birziklatu gabekoei merkatuan lehia egiteko gai. Fabrikatzaileei merkeago zaie oraindik lehengaiak (petrolioa, zura, mineralak...) erosi eta eraldatzea. Garbi daude, ordea, birziklapenaren onurak. Onura hauei balioa ematea arazo politikoa da: zenbait lehengairi "zerga ekologikoa" ezartzea nahikoa litzateke birziklatutako produktuak lehiakor bihurtzeko. Halaber, egun birziklapenaren kostuaren zati handia den hondakina bildu eta beste hondakinetatik bereiztearen arloan hobekuntza asko egin daitezke oraindik.
Adibidez, gaur egun zaborra ibaira edo bide-bazterrera isurtzea debekatuta dagoen bezala, hiritarrok zabor-mota guztiak nahasian ateratzea debekatu egin liteke. Azkenik, teknologi ikerketak ere birziklapenaren kostuak merkeagotzera bideratzeak lehentasunezko helburu izan beharko luke. Honelako neurriak ezarriko balira, diagramako zenbakiak errotik aldatuko lirateke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia