}

Birusak, ordenagailuen gaixotasunak

2002/11/15 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa

Gizakion kasuan udazkena gaitz- eta txerto-garaia izaten bada ere, ordenadoreen kasua bestelakoa da. Horiekin urte guztian komeni zaigu adi-adi egotea birusen menpe erori ez daitezen. Haientzat ere txertoa eta antzerakoak badauden arren, birus berriak etengabe sortzen dira. Baina onena birusa zer den, nola zabaltzen den eta, batez ere, nola konpon daitekeen aurrez jakitea da kasu bakoitzean.

Birusak ez dira misterioa. Beren burua ugaltzea helburu nagusitzat duten programa informatikoak dira birusak. Ugaltzen direnean beste programa batzuen barruan ezkutatzen dira, eta programa hori irekitzean, birusa bera ere aktibatu egiten da. Horregatik, birus bat barnean daramalako esaten da fitxategia "kutsatuta" dagoela. Birusak ezkutuan ugaltzen dira, eta ahal den heinean, erabiltzailea konturatu gabe, makina batetik bestera zabalduz. Hala ere, programak direnez, beren burua ugaltzeaz gain bestelako arazoak sortzea ere izan dezakete helburu.

Sarea zabaldu arte, horien bidez hedatzen ziren birusak.

Birusek informazioa galtzea eragin dezakete, besteak beste. Gehienetan pantailan karaktere bereziak erakutsi besterik ez dute egiten, baina kasu askotan fitxategiak ezabatu, disko gogorreko informazioa nahasi edo ordenadorea trabatzera irits daitezke.

Hiru motatako birusak

Birus-mota bezainbat infekzio-mota dago, baina kutsatzen duten atalaren arabera, hiru birus-mota nagusi bereizten dira: fitxategia hondatzen dutenak, makroen funtzionamendua aztoratzen dutenak eta helburutzat sistema dutenak.

Fitxategiak kutsatzen dituzten birusak, duela gutxi arte, .COM edo .EXE luzapendun programa-fitxategietan bakarrik kokatzen ziren, baita .SYS, .OVL, .PRG et .MNU fitxategietan ere. Horrela, programa abiatzen zen bakoitzean birusa ere abiarazi egiten zen. Programa arruntak hobetzeak, ordea, beste mota bateko birusak ere sortu du:

Makrobirusak

Makro-birusek Excel eta Word bezalako programen atal edo programa txiki batzuk, makroak, hondatzen dituzte. Esaterako, Word-en zuzentzaile ortografikoa makro baten esku dago. Eta, esan bezala, birus batzuek makro horien eginbeharra aztoratzen dute eta askotan dokumentuko informazioa aldatu edo ezabatu ere egin dezakete.

Sistema horiei esker multiplataforma-birusak sortu dira, hau da, PCaren zein Mac-aren plataformei erasotzen dieten birusak. Orain arte, birus gehienaek PCei erasotzen zieten, baina Word-eko dokumentu infektatua Mac-eko Word-en PCko Word-en bezalaxe erabil daitekeenez, makrobirusa ordenagailu batean zein bestean aktibatzen da.

Ordenagailuak konektatuta daudenetik asko zabaldu dira birusak posta elektronikoaren bidez.

Azkenik, sistemari erasotzen dieten birusak daude. Disko gogorrean gordetako ezinbesteko informazioa kontrolatzea dute helburu. Hau da, ordenagailua behar bezala piztu eta erabiltzeko oinarrizko informazioa. Abioko diskoan dauden sistemaren eremu batzuk infektatzen dituzte birus horiek. Ordenadorea pizten den bakoitzean, birusa memorian aktibatzen da, horregatik dira bereziki arriskutsuak. Disketeko abio-sektorean kokatzen badira, beste ordenadore batera ugaltzeko sistema erraza da hori.

Hala ere, ez pentsa birus bat zure sisteman sartu bezain azkar zerbait hondatzen hasiko denik. Birusak ez dira kopiatu ahala aktibatzen. Batzuk data jakin batean aktibatu ohi dira (hori da Friday 13th edo Jerusalem birus ezagunen kasua) eta beste batzuk, berriz, erabiltzaileak ekintza jakin bat egiten zain egoten dira, edo ekintza-kopuru bat bete zain (word 43 aldiz zabaldutakoan aktibatzen direnak, adibidez).

Zoriz aktibatzen direnak ere badaude. Askotan, gainera, birusek egindako kaltea ez da informazio-galera izaten, gure sistemaren baliabideak alferrik galtzea baizik, disko gogorrean edo memorian toki asko hartzen baitute.

Birusen aurka... antibirusak

Biruseknifektatuta dauden fitxategietako byte-mapetan aldaketa batzuk egin ohi dituzte, eta nahikoa izaten da hori detektatzea birusa hor dagoela jakiteko. Hala ere, hori ez da erraz egiten eta, gainera, birus batzuek sortutako aldaketa nahiko arrunta izan ohi da, baina beste batzuena berriz ez; beraz arazoak sor daitezke horiek detektatzeko orduan.

Arazo eta kalteak gutxitzeko antibirus-programak erabiltzea gomendatzen da. Antibirusek birusen presentzia detektatu eta sistematik kendu edo desinfektatzen dituzte. Horretarako, ezagutzen dituzten birusen datu-base bat dute eta bertako datuak konparatzen joaten dira fitxategietako byte-maparekin. Sistema horren bidez, gainera, beren datu-baseetan agertzen ez diren birus berrien presentzia ere detekta dezakete.

Sendabide onena prebentzioa izaten denez, antibirus gehienek "txerto" moduko babes iraunkor bat ezartzen diote gure sistemari. Honela, diskete bat sartzerakoan, edo edozein aplikazio egikaritzerakoan antibirusak txekeo bat egiten du birusik ez dagoela ziurtatzeko, eta aurkituz gero mezu bat agertzen dio erabiltzaileari eta ordenadorea blokeatzen du.

Dena dela, birusek beti aurkitu ohi dute ordenagailuen sisteman sartzeko zirrikituren bat, eta, beraz, adi bili urte osoan birusekin!

Antibirus euskalduna?

Birusak sistema gehienetara zabalduta baldin badaude ere, PCen munduak jasan du birusen erasorik handiena. Hor 15.000 birusetik gora daude eta egunero 5 birus berri sortzen omen dira gainera. Mac-ek ez dute hainbeste jasan birusen erasoa, 40 birus ezagun baino ez baitaude plataforma honetan. Hala ere, komeni da horiekin ere arreta berezia izatea. PCen merkatuan zabalduen dagoen antibirusa Bilboko enpresa batek garatutakoa da, baina ez du euskarazko bertsiorik. Hala ere, plataforma bakoitzean antibirus ugari daude. Hemen batzuk gomendatuko ditugu:

PCrako antibirusak:

  • Panda Antivirus . Antibirus honek posta elektronikoz irits daitezkeen birusak ere kontrolatzen ditu. Gainera, Windows 98arekin ere badabil. ( www.pandasoftware.es ). Zorionez, euskarazko bertsio bat ere badu .
  • Norton Anti-Virus . Norton ezagunaren antibirusak ere ez du aurkezpenik behar. ( www.symantec.com/avcenter/index.html ).
  • MacAfee Virus Scan. Hau ere asko erabiltzen da antibirus ezaguna da. ( www.nai.com/default_mcafee.asp ).
  • Dr. Solomon’s Software . Hau da Erresuma Batuan gehien erabiltzen den antibirusa. ( www.drsolomon.com ).
  • IBM Anti Virus . IBM etxe ezagunaren antibirusak ere badu bere tokia merkatuan. ( www.av.ibm.com ).

Macintosh-erako antibirusak:

  • Hemen ere hainbat antibirus baldin badaude ere, Disinfectant da erabiliena. Doan jaso daiteke Internet-eko edozein gunetan.


Autoexekutagarria den e-mail birus berri bat agertu da: ‘Appix.B’

Informatika-segurtasunean diharduten enpresek posta elektronikoko birus berri bat agertu dela jakinarazi dute: Appix.B. Birus horren ezaugarria da mezua ikuste hutsarekin aktibatzen dela.

E-mailean bidaltzen den mezu erantsiaren izena PamAnderson.scr, Jolie.scr, AnnaKournikova.scr, XXX.scr, FreeSex.exe, TvTool.exe, FlashGet.exe, WarezBoardAccess.exe edo Undelivarablemail.exe izan daiteke.

Fitxategi hori aktibatuz gero, birusa Outlook Express-ko agendan dituzun helbide guztietara iristen da. Gainera, Windows-en direktorioan birusaren kopia bat, APPBOOST.EXE artxiboa, sortzen du.

Panda Softwarek oraindik ez du birus horren eragina zein den jakinarazi, baina, dirudienez, Appix.B-k memorian dauden hainbat aplikazio hondatzen ditu.

Ordenagailu berria erosi (I)

Ikasturte berria hasita, asko izango zarete ordenagailu baten beharrean, haurrek hala eskatuta, edo zuen lanerako behar duzuelako. Saiatuko naiz erosketan lagungarri izan daitezken hainbat aholku ematen.

Ordenagailua behar duzuela ziur jakinda, lehen galdera betikoa da: zein ordenagailu erosiko dut? Galdera horri beste galdera batez erantzuten zaio: zertarako behar dut nik ordenagailua?

Etxerako diren ordenagailuen % 95 hiru gauzatarako erabiltzen dira: testuak idazteko, Interneten nabigatzeko eta jolasteko. Lehen bi lanetarako nahikoa duzue edozein ordenagailu, ez azken belaunaldikoa, zahar bat baizik. Azken belaunaldiko ordenagailua jokoek eskatuko dizuete. Nik testu hau idatzi eta Internetetik bidaliko dut Pentium 133 zahar batekin. Horrekin ez dizuet ordenagailu zaharra erosteko esan nahi, punta-puntakoa erostea alferrikakoa dela baizik. Zuen helburua jolastea baldin bada, orduan bai, azken aurrerapenak dituen ordenagailua eskatzen dute jokoek etengabe.

Askok uste dute azken belaunaldiko ordenagailua erosiz gero, geroago zahartuko zaiola: gezurra! Ordenagailua 1500 Mhz-ekoa izan edo 800ekoa izan berdin-berdin zahartuko zaizue. Esaterako, duela bost bat urte, dendan Pentium 66 edo Pentium 75 ordenagailuen artean egin behar zen aukera. Garai hartan 75ak gehiago iraungo zuela pentsatzea normala zen, baina gaur egun dauden abiadurekin alderatuta barregarria da.

Beraz, ez ezazue inoiz jo azken belaunaldiko ordenagailura, oso garbi ez baduzue, behintzat. Erosten duzuen ordenagailua erosten duzuela, hiru urte barru traste zahar bat izango da. Hurrengoan gehiago.

Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia