Birus-kantzerraren eboluzioa
1992/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pariseko Pasteur Institutuko ikerlari-talde batek, birusek eragindako zenbait kantzerren garapena gorputzeko defentsek eragindako kontrolaren araberakoa dela esan du.
Papilomabirusek eragindako tumoreen eboluzio positiboa edo negatiboa, inmunizazio-sistemaren zenbait osagairen araberakoa da.
Papilomabirusetan 66 mota desberdin dira ezagunak eta larruazaleko eta aho-muki, muki genital zein faringe-mukietako zelulak infektatzen dituzte.
Birus hauek, animaliengan eta gizakiengan tumore onberak sortzen dituzte. Oro har tumore hauek ez dira gehiegi hazten eta tratamenduren batez sendatu egiten dira. Baina, batzuetan kantzeroso bihur daitezke eta kartzinoma gisa bukatu.
Ikertzaileek, batez ere kantzerigeno izan daitezkeen papilomabirusek sortutako lesio hauen eboluzioa aztertzen dute. Lesio hauetan birus-kantzerra azal daiteke eta une horretan gure inmunizazio-sistemak berebiziko garrantzia du. Onkologoek badakite garatxo eta kartzinoma gehiago izaten dela pertsona inmunodeprimituengan giltzurrun-transplantea izan dutenengan edo HIES dutenengan, besteengan baino.
Are gehiago, garatxo-mota hauek joaten direnean, bapatean desagertzen dira. Zientzilariek esan dutenez, sendatzen ari diren garatxoen barnean linfozitoak eta makrofagoak izaten dira. Beraz, zelula hauek zeresanik izango dute sendabide honetan.
Pasteur Institutuko ikerketa-buru den Orth doktorearen arabera, papilomabirusek sortutako lesioen eboluzioan kontrol inmunologikoa dago.
Beraz, gaur egun susmoa besterik ez dena, laster frogatzea espero da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia