}

Birus bat simulatu dute ordenagailu bidez

2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Birus bat simulatu dute ordenagailu bidez
2006/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: Kaliforniako Unibertsitatea)

Birus baten ordenagailu bidezko simulazio zehatza egin dute Illinoisko Unibertsitatean (AEB). Irudikatu dutena RNA txiki bat izan da --tabakoaren mosaikoaren birus satelitea--, milioi bat atomo inguru dituena. NAMD izeneko programa informatiko bati esker lortu dute atomo horiek guztiak banan-banan aztertzea.

NAMD programari esker, molekula biologikoak simulatzen dituzte, arrakasta handiz. Programak ehunka ordenagailu paraleloan jartzen ditu lanean, etxeko ordenagailu batek 35 urtean egingo lituzkeen kalkuluak denbora-tarte onargarri batean burutzeko. Birusaren bizitzako segundo baten 50 mila milioirena aztertu dute, eta irudiak hartu dituzte femtosegundo bakoitzeko (10-15 segundo). Simulazioak argitu duenez, birusa simetrikoa den arren, pultsazioak ditu modu irregularrean, eta ugaltzeko modu ezohikoa dauka.

Etorkizunean birus handiagoen eta sistema biologiko konplexuagoen simulazioak egitea espero dute, bai eta simulazio luzeagoak egitea ere. Baina, horretarako, ordenagailu- generazio berriaren zain egon beharko dute; bost urte inguru barru etortzea espero dute.

1
221
2006
6
010
Mikrobiologia; Programazioa; Softwarea
Berriak labur
4