}

Birekin zortzirekin baino hobeto

2005/04/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Tropikoetako bi olagarro txiki, erasotzaileetatik ihes egin nahi dutenean, bi hankan ibiltzen dira, eta gainerakoak itxura aldatzeko erabiltzen dituzte.

Octopus marginatus olagarroak, esaterako, koko-itxura hartzen du sei besoak gorputzaren inguruan bilduz, eta beste biak 'oinez' alde egiteko erabiltzen ditu. Indonesian bizi da, eta hango itsas hondoan koko ugari dago; beraz, oso mesedegarria da harentzat koko-itxura hartzea, hartara erasotzaileen aurrean ikusezin bihurtzen baita.

Beste olagarroa, Octopus aculeatus , txikixeagoa da eta alga-itxura du. Horri esker ezkutatzen da erasotzaileetatik, eta, hori gutxi balitz, bestea bezala bi hanketan ibiltzeko gai da.

Ikertzaileen ustez, olagarroei buruzko gauza asko daude oraindik jakiteko, eta litekeena da bi horiek ez izatea bi hankan ibiltzeko gaitasuna duten bakarrak. Ikerketaren berri Science aldizkarian eman dute.

Argazkia:
Roy caldwell/UC Berkeley

Bideoak:
Octopus marginatus: Sea Studios Foundation
Octopus aculeatus: Christine Huffard