Biozientzia berri bat: glikonanoteknologia
2003/11/12 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hitzaldiez gain, jardunaldi irekiak izango dira Donostia, Bilbo eta Gasteizko parke teknologikoetan eta Zientziaren Kutxaespazioan. Eta, hori gutxi balitz, bioteknologiako esperimentuak zuzenean ikusteko aukera ere izango da.
Gonbidatutako hizlarien artean, Soledad Penadés dago. Emakume ikertzaile honek Isla de la Cartuja Ikerketa Zentroan dihardu lanean, karbohidratoen lan-taldean, eta atzo biozientzia berri baten berri eman zigun: glikonanoteknologia.
Soledad Penadésen taldeak zelularen mintzean gertatzen diren gluzido-gluzido eta gluzido-proteina elkarrekintzak ex vivo ikertzen ditu. Zelularen mintzean gertatzen diren elkarrekintzak mimetizatzeko glikoproteinaz eta glikolipidoz inguratutako nanopartikula antigenikoa erabiltzen dute. Nanopartikula horren bihotzean urrea dago, eta glikoproteinak eta glikolipidoak lotura kobalente sendo baten bidez lotzen zaizkio; hala, oso egitura egonkorra lortu dute.
Zelularen mintzean gertatzen diren elkarrekintza horiek bereziki interesgarriak dira, birusek bide hori erabiltzen baitute zelulan sartzeko; eta, ez hori bakarrik, enbriogenesi- eta metastasi-prozesuak ere elkarrekintza horietan oinarritzen dira. Horregatik, besteak beste, metastasian melanoma-zelulak itsastea eragotziko lukeen terapia bat garatzeko asmoa agertu zuen Soledad Penadések.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia