}

Bioterrorismoa eta zientzialariak

2005/04/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

AEBetan irailaren 11n izandako erasoaren ondoren, barruan hauts zuria zuten gutunak jaso zituzten hainbat agintarik. Hauts hori bakterio bat zen, antraxa edo karbunkoa sortzen duen bakterioa. Gaixotasun horrek birikak hartzen dituenean hilgarria da, baina gutun baten jasotako esporekin hori gertatzea ia ezinezkoa zen. Normalean, gaixotzekotan, azaleko gaitza izango litzateke, eta hori ez da hain larria. Hala eta guztiz ere, nahiko hauts harrotu zuten kontu harekin. Hura eta gero, bioterrorismoaren aurkako neurriak gogortzea erabaki zuten AEBek.
Mikrobiologiako laborategietan ez da zaila gaixotasun hilgarriak eragiten dituzten bakterioak egotea.

Mikrobiologoak, ordea, ez daude batere gustura horrek ekarri dituen ondorioekin. Izan ere, ordutik arma moduan erabil daitezkeen mikroorganismoak ikertzera bideratu da dirua, eta oinarrizko ikerketa zein beste mikroorganismoena baztertuta gelditu dira. Orain, AEBetako gobernuaren politikarekin ados ez daudela adierazteko, gutun bat idatzi dute ikertzaileek. 750 ikertzailek sinatu dute gutun hori.

Sinatzaileen esanean, bioterrorismoarekin lotutako mikroorganismoak ikertzen dituen erakundearen aurrekontua % 47 handitu zen 2003an. Hain zuzen ere, 1.700 milioi dolar jaso zituen biodefentsarako. Aldiz, bioterrorismoarekin lotuta ez dagoen ikerketetarako lehen baino diru gutxiago eman zuen gobernuak.

Adibidez, Mikroorganismoen Fisiologia eta Genetika, eta Bakteriologia eta Mikologia sailetan 1.117 ikerketak jaso zuten diru-laguntza 1996-2000 urteetan. Gero, ordea, 746 ikerketak bakarrik jaso dute diru-laguntza. Hau da, diruz lagundutako ikerketak heren bat gutxitu dira.

AEBetako mikrobiologoak kexu dira ikerketarako dirua bioterrorismoarekin lotutako lanetara bideratzen delako.

Aldiz, diru-laguntza handiak jaso dituzte arma gisa erabil daitezkeen bakterioekin lotutako ikerketek. Bakterio horiek oso gaixotasun larriak eta ezohikoak sortzen dituzte. Horrexegatik, aproposak dira eraso terrorista batean erabiltzeko. Sei dira bioarma nagusiak —tularemia, karbunkoa , izurria, murmua, melioidosia eta bruzelosia sortzen dituzten bakterioak—, eta horiei buruz egin diren diruz lagundutako ikerketak 33 izatetik 497 izatera pasatu dira 2000. urtetik hona.

Horrek ondorio txarrak ekarri ditu, ohiko gaixotasunak sortzen dituzten bakterioen gainean askoz ikerketa gutxiago egiten baitira orain. Halaber, E. coli eta beste hainbat bakterio eredu dira, eta haiekin egindako ikerketak oinarrizkoak dira antibiotikoak eta botikak egiteko. Baina oinarrizko ikerketa horietako asko ere bertan behera gelditu dira diru faltagatik.

Alabaina, bioterrorismoan erabiltzeko moduko bakterioak ikertzeaz arduratzen den erakundearen esanean, datu horiek ez dira zuzenak, eta mikrobiologiako bi sail jakini begiratu beharrean oro har aztertuz gero, aldea ez da hain nabarmena.

Sarrera-irteerak, ez hain estu

Eraso bioterrorista bat izateko beldurrak eraginda, kontrol-neurriak oso zorrotzak dira AEBetan.

Nolanahi ere, bioterrorismoa ez da AEBen kezka bakarra; terrorismo-mota guztien beldur dira. Horregatik, neurri oso gogorrak jarri dituzte aireportuetan eta mugetan, jendearen joan-etorriak zorrotz kontrolatzeko. Horren ondorioz, AEBetan lanean edo ikertzen ari diren atzerriko zientzialariek benetako zailtasunak izan dituzte herrialdetik ateratzeko, eta, ateraz gero, baita sartzeko ere. Beraz, ez dute kongresuetara eta bileretara joateko aukerarik izan, eta zientzialarien arteko harreman zuzenak asko mugatu dira.

Ondorioa nabarmena izan da: ikerketak moteldu egin dira. Hortaz, aurrera egiteko oztopo bihurtu dira terrorismoaren aurkako neurri estuak. Azkenean, zorrotzegi jokatu duela aitortu du gobernuak, eta hemendik aurrera errazago sartu eta atera ahalko dira zientzialariak eta ikerketan ari diren ikasleak. Ez uste, hala ere, bidea erabat libre izango dutenik, kontrol eta galdeketa dezente pasatu beharko baitituzte, baina AEBetako mugak lehen baino zertxobait errazago zeharkatzeko aukera izango dute behintzat.

Benetako arriskua?

Europatik begiratuta, askori harritzekoa iruditzen zaie AEBek hainbeste diru eta ahalegin jartzea bioterrorismoan, orain arte izan dituzten eraso gehienak bonba bidezkoak izan baitira. Baina Europan ere gero eta kezkatuago daude arma biologikoekin. Beldur handiena janarien eta ur-horniduraren bidez zabal daitezkeen mikroorganismoek sortzen dute, bide hori erabilita oso erraz iritsiko bailirateke populazio osora, eta haien aurka egitea benetan zaila izango bailitzateke.

Zer gertatuko litzateke mikroorganismo hilgarri eta kutsakor terroristen eskuetara iritsiko balira? Horren beldur dira gobernuak.

Interpolen iritziz, bioterrorismoaren arriskua benetakoa da, eta diruak ez luke aitzakia izan behar ahal diren neurri guztiak ez hartzeko. AEBetan irailaren 11koa gertatu eta gero, Europan ere zabaldu zen izua, eta hauts zuria zuten gutun eta pakete ugari aztertu zituen poliziak, karbunkoa sortzen zuten bakterioaren esporak izan zitezkeelakoan. Ez zuten kasu bakar bat ere topatu, baina arriskua egon badagoela uste du Interpolek. Adibide gisa, 2003ko urtarrilean Londresko etxe batean aurkitutakoa aipatzen dute: errizinoa atzeman zuten, toxiko hilgarri bat.

Aurten bertan, martxoaren lehen egunetan, Interpolek bioterrorismoari aurre hartzeko biltzarra egin zuen Frantzian, eta datozen hilabeteetan beste kontinenteetan ere egingo dira antzeko biltzarrak. Hortaz, bioterrorismo hitza behin eta berriro azalduko da komunikabideetan, eta seguru asko segurtasun-neurriak zorroztuz joango dira, ustezko arriskua saihesteko asmoz. Orduan, zientzialariek berriro emango dute iritzia agian, ez berez polizia-neurrien aurka daudelako, baizik eta ikertzen jarraitu nahi dutelako. Eta ez preseski bioterrorismoari buruz bakarrik.

7K-n argitaratua.