}

BioSasieta: energia zaborretik sortua

2000/05/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Beasaingo Sasieta Mankomunitateak energia berriztagarrien alde egin nahi du lan. Aurten 10. urteurrena ospatuko duen mankomunitateak Urola Garaia, Deba Garaia eta Goierriko 30 udalerrietan (125.000 pertsona) sortutako zarama biltzen du. Guztira, 42.000 tona inguru urtero. Hortik ateratako hondakin organikoetatik, orain, elektrizitatea ekoitzi nahi da.

Zaramak isurtzen duen gasa (metanoa, gehienbat) izango da sorgailuen erregaia eta sortutako elektrizitate hori etxebizitzetan erabiliko da. Proiektuaren ardura EEEk (EVEk) eta mankomunitateak sortutako BioSasieta sozietatearena da. Proiektua ondo baldin badabil, Tolosako zarama ere zabortegi horretara eraman liteke.

Euskal Herrian elektrizitatea zaborretik ekoizteko beste bi instalazio daude. Guztiak EEEren laguntzaz hasi ziren lanean. Lehenengoa, Bizkaiko BioArtigas, Bilboko zabortegian bildutako zarama du lehengaia eta 1992. urtean jarri zen martxan. Bestea Gipuzkoako BioSanMarkos da, beranduagokoa eta prozesu zertxobait desberdina duena. Estatu-mailan, bi proiektu horiek aitzindari izan dira energia berriztagarri mota horretan.

Nola lortzen da?

BioSasietak aurrekoaren sistema bera izango du. Oinarria oso sinplea da. Papera, plastikoa eta metalak banatuta, gelditzen den gehiena materia organikoa da, elikagaiak batez ere. Materia hori pilatzen denean, oxigenorik gabeko ingurunean dago. Pixkanaka eta bertako mikroorganismoen eraginez hartzitu egiten da. Hartzidura oxigenorik gabe gertatzen denez, batez ere metanoz osatutako gas-nahasketa sortzen da. Gas-nahaste horri biogasa deritzo. Oro har, biogasa jaso egingo da eta elektrizitatea sortuko duten motor handien erregai gisa erabiliko da.

Baina prozedura gertutik ikusita, beste hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Legez, zabortegietan metanorik ezin da atmosferara isuri. Beraz, energia bihurtzeko aukera baldin badago, hobe. Baina biogasa ez da metano soila. Martxan dauden plantak eraiki baino lehen, biogasaren analisia burutu zen. Aurkitutako osagai ugarienak metanoa, nitrogenoa, karbono dioxidoa eta oxigenoa dira, baina kontzentrazio txikiagoan beste hainbat konposatu aurkitu dira, besteak beste, azido sulfhidrikoa, toluenoa eta beste konposatu arriskutsuak. Hezetasun-maila zehaztea ere prozedura antolatzeko ezinbestekoa izan zen. Urak, konposatu organokloratuak eta azido sulfhidrikoa korrosiboak dira. Kontzentrazio handietan egonez gero, motorrak honda ditzaketen substantziak (azido klorhidrikoa, eta abar) sor ditzakete. Beraz, biogasa ezin da besterik gabe erabili.

BioSanMarcos-eko biogasaren analisiaren ondoren, nahastea gas naturalez aberastea erabaki zen. Horixe da instalazio horren ezaugarri bat. Biogas-iturria kontrolatzeko, osagai nagusiak sentsoreen bitartez detektatu egiten dira eta, zuntz optikoaren bidez, ordenagailuetara bidaliko da informazioa. Handik, adibidez, sarrerako metanoaren kontzentrazioa egokitu daiteke.

Ez da prozesu konplexua. Gasa putzuetatik aspiratzen da. Putzu horiek kolektore nagusira biogasa garraiatuko duten lineetara banaka edo binaka lotuta daude. Lehenengo oxigenoaren kopurua eta gero metanoarena analizatzen dira. Kontrola putzuetatik ateratzen den linea bakoitzean kokatutako automataz egiten da. Gainera, lineetan kondentsatuak purgatzeko sistemak daude eta galdara zikloniko banatzaile bat kolektore nagusiaren gainean. Gasa handik erausketa-plantara doa.

Sistemaren ihesguneak

Batzuetan, mantenimenduak eta matxurek behartuta metanoa ezin da motoreetara bideratu. Jarioa eten beharrean, zuzian erretzen da atmosferara isuri baino lehen. Izan ere, metano-isurketa legeak mugatzen du, berotegi-efektuan parte hartzen baitu. Zuzian dagoen tenperatura eta emaria neurtzen dira eta ordenagailura igorri. Datu horiek beharrezkoak dira zuziak gutxieneko emariari eutsi behar diolako.

Motorrek iraupen handia izan dezaten, biogasa guztiz lehortu egin behar da. Horixe da hurrengo pausoa. Biogasari hezetasuna kentzeko instalaziotik pasarazten da. Instalazio horretan gasa 20 ºC-raino hozten da. Gero, tanten banaketa egiten da eta, bukatzeko, gasa 50 ºC-raino berotzen da berriz. Hortik, gasa iragazi eta etengabe martxan ari diren motore-alternadoreetara bideratzen da, bertan elektrizitatea sortzeko. BioSasieta-k 475 kW-eko potentziako motor bakarra izango du. Urteak pasa ahala, sozietatearen helburua ekipamendu gehiago martxan jartzea izango da.

Motor-alternadorearen automatismoei kontzentrazioei buruzko informazioa duten seinaleak igorri behar zaizkio. Zuzian jasotako informazioaren arabera, motorretara sartutako gas-emaria egokitu egin behar da. Horretarako, sistema osoan dauden sentsoreak eta balbulak zuntz optikoz elkar komunikatuta daude, ordenagailu batek kontrolatuta. Ordenagailu pertsonala (PC) nahikoa da horrelako lana egiteko. Horrela, sistemaren puntu guztietan dagoen presioa, tenperatura eta emaria neurtu eta metatu egiten dira.

Bestalde, instalazioak ere segurtasun-elementu asko ditu, besteak beste, lurrera hartzea, gas-ihesen detektagailuak eta eztandak saihesteko babesguneak.

Ekoiztutakoa denontzat

BioSasietak ekoiztuko duen elektrizitatea sareari salduko zaio Erregimen Berezian energia berriztagarrien bidezko energia elektrikoaren ekoizpenari buruzko Errege-Dekretuaren arabera. Elektrizitate hori, gutxi gorabehera, 8.800 lagunentzat hornituko da. Lehenengo urtean motorrak 2,3 milioi kWh ekoiztuko dituela eta 25 milioi pezetako sarrera izango dela aurreikusten da; bigarren urtean 2,8 milioi kWh ekoiztuko dira eta hirugarrenean 3,4 milioi kWh. 2003. urtean bigarren motor-alternadorea instalatzea espero da. Motor horrek aurrekoaren antzerako ezaugarriak izango ditu.

Gure gizarteak ekoizten duen zarama-kopuru erraldoiarekin zer egin daitekeen aspaldiko galdera da. Honako hau dugu irtenbide ederra. Zabortegiari etekina atera dakioke. Ezin hobeto. Baina energia berriztagarri horrek neurri batean denok lan egitea eskatzen du. Biogasa errentagarria izan dadin zabor-moten banaketa egin beharko da, gure ohiturak eskaintzen duena baino zehatzago. Beraz, erronka denona da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia