}

Biomasaren ekoizpena klima-aldaketaren seinale

2001/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsasoko ekoizpen biologikoa neurtuta, klima-aldaketen berri jakin daiteke. Hori da, hain zuzen ere, Michigango Unibertsitateko Casey Hermoyian eta Robert M. Owen ikertzaileek Ozeano Atlantikoan eta Indiako Ozeanoan egin dutena. Emaitzen arabera, duela 4-6 milioi urte itsasoko ekoizpen biologikoa nabarmen hazi zen.

Itsasoko biomasa, nagusiki, fotosintesiaren bidez eratzen da. Planktonak, eguzki-energia erabilita, karbono(IV) oxidoa eta uretan disolbatutako mantenugaiak (fosforoa, esaterako) biomasa bihurtzen ditu. Beraz, denbora-tarte luzean ekoizpen biologiko handia izaten bada, atmosferako CO2 guztia ezabatu eta, ondorioz, Lurra hoztu egin daiteke. Gertaera hori Lur osoan gertatu zela baieztatzeko, ikertzaileek Indiako Ozeanoa ez ezik Ozeano Atlantikoa ere aztertu dute, batez ere ekoizpen baxua izan ohi duten eremuak. Ikusi dutenaren arabera, Miozenoaren bukaeratik Pliozenoaren hasierara dagoen denbora tartean biomasaren ekoizpena ohi baino 2-30 bider handiagoa izan zen mundu osoan.

Orain, fenomeno hori zergatik gertatu zen jakitea falta da. Kontuan hartzen diren arrazoien artean, honako hau dago: garai hartan, hainbat mendikate sortu ziren (Himalaya, Alpeak, etab.). Mendiek, haztean, aire hezeko lasterren aurrean langa gisa jokatzen dute; ondorioz, bestela gertatuko ez ziren prezipitazioak gertatzen dira, eta ibaietara mantenugai gehiago heltzen dira. Baina beste faktore batzuk ere izan daitezke, eta zientzialariak horien bila ari dira.