}

Biojogurten erasoa

2004/02/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Jogurten publizitateari esker, mikroorganismo batzuk ari gara ezagutzen. Teorian bakterio gehienek gaixotasunak ekartzen dituzte; jogurtetakoek, ordea, ez. Onuragarriak omen dira. Baina zein da onura hori?
Zalantzan jarri dute produktu garestienen ustezko onura.

Harritzekoa da gizakiak milioika urtez bizirik irautea jan behar izan dituenak janda. Baina, orain, egoera zeharo aldatu da. 'Bifidus aktiboak' ditu lagun. Eta, dietan sartu ditugunetik, alde ederra dago. Bakterio miresgarri horiek digestioan laguntzen dute, sistema immunologikoari eragiten diote eta abar. XXI. mendeko elikadura teknologikoan sartu da gaurko gizakia.

Eta, lehen, ez zen horrela? Non egon dira bifidus-ak orain arte? Laborategiko produktuak dira? Eskerrak jorgurtak egiten dituzten enpresen eskuetara iritsi diren, ezta?

Azkenaldian, Europako Batasuneko adituak kezkatuta daude mikroorganismo horien erabilerarekin. Baina ez arriskutsuak direlako; ez dira arriskutsuak. Kezkatuta daude publizitateak erabili egiten dituelako. Kezka hori hainbat biologo europarrek adierazi dute, eta horregatik erabaki dute agintariek dirua jartzea jogurtak eta bifidus-ak ikertzeko. Haien kezka nagusia da 'biojogurtek' onurarik ekartzen duten ala ez jakitea, eta, izatekotan, onura zein den argitzea.

Jogurtetako bakterioak kaltegarriak, behintzat, ez dira. Baina onuragarriak ere ez badira, iruzur komertziala salatu beharko lukete kontsumitzaileen aldeko erakundeek. Jakina, biojogurtak beste jogurtak baino garestiago saltzen dira, eta diru-gehigarri hori zerbaiten truke ordaintzen dela baieztatzen dute publizistek.

Zalantzarik gabe, argitu beharreko gaia da.

Zer alde dago da biojogurten eta ohiko jogurten artean?

Jakina, kontu hori argitzeko ardura zientzialariek dute. Biologoek. Ikerketa serio eta independenteak egin behar dituzte, jogurten enpresen diruaren mende ez dauden ikerketak. Biologoek hasieratik hasi dute ikerketa, hesteetatik, alegia.

Gezurra badirudi ere, hesteetako bakterioak ez dira orain arte asko ikertu. Esan daiteke zientzialariek gehiago dakitela Marteri buruz beren heste-florari buruz baino. Ez dago argi zein bakterio-espezie bizi diren hesteetan, zer eragin duten espezie horiek edo zein den bakterio horien arteko harremana. Hala eta guztiz ere, biojogurtak saltzen dituztenek goraipatu egiten dituzte jogurtetan sartzen dituzten bakterioak, bifidus-ak, kasu.

Hesteak ikertzeko, gorotza ikertu behar da; kaka, alegia. Ez da oso atsegina, baina bada arrazoi sendo bat. Gorotzetan egoten da hesteetako mikroorganismoei buruzko informazioa. Horregatik ekin diote ikerketa horri, besteak beste Reading-eko Unibertsitateko biologo batzuek, Ingalaterran.

Emaitzak deigarriak izan dira; baina, noski, oso aztertuta ez dagoen gai batean erraz agertzen dira emaitza deigarriak zientzialariak aztertzen hasten direnean. Emaitza deigarri horietako bat heste-floran dauden eta egon daitezkeen espezieen analisitik azaleratu da. Alde batetik, biologoek aurkitu dute ehun bat espezie bizi direla gutako bakoitzaren hesteetan. Gehienak bakterioak dira, baina tartean legamia batzuk ere badira.

Zer bakterio bizi dira giza hesteetan?

Beste alde batetik, gorotza ikertzeaz gain, 'heste robotiko' bat egin dute zientzialari ingelesek, hau da, hesteetako kondizioak laborategian simulatzen dituen gailu bat. Horren bidez, hesteetan milaka bakterio-espezie bizi daitezkeela aurkitu dute.

Milaka espezie aukeran, beraz, baina pertsona bakoitzak ehun bat baino ez ditu. Eta ehun horiek aldatu egiten dira pertsona batetik bestera; alegia, ez daude bi pertsona heste-flora berdina dutenak. Bakoitzak berezko bakterio-konbinazio bat du, eta, hatz-markak bezala, flora ere pertsonaren bereizgarria da.

Gainera, bizitza osoan ez da aldatzen flora hori. Izan ere, bizitzaren lehen bi urteetan finkatzen da zer bakterio biziko diren hestetan eta zer harreman izango den haien artean. Eta, handik aurrera, ez dago aldaketarik. Beraz, zertan lagun dezake jogurt bat janda beste bakterio bat gehitzeak? Onartuko ditu gorputzak bifidus horiek, edo arrotzak izango dira gure sistema immunologikoarentzat? Hori izan da, hain zuzen ere, zientzialari europarren bigarren aztergaia.

Bestalde, argitu behar da ea heste-florakoak ez diren bakterioek gorputzean eraginik izaten duten ala sistema immunologikoak hiltzen dituen ezer egin baino lehen. Bide horretan egin diren ikerketetan, ez dute emaitza garbirik lortu. Batzuetan ematen du hainbat bakteriok eragin onuragarria zutela, baina beste batzuetan ez da onurarik aurkitu.

Oinarrizko esnekia bada ere, zientzialariek ez dute ondo ezagutzen jogurtaren eragina.

Gainera, biojogurten publizitateak agindutakoaren arabera, sistema immunologikoari lagundu egiten diote bifidus-ek. Baina zientzialariek ez dute horren arrastorik aurkitu.

Salbuespen bat badago. Ikerketa finlandiar batek haurdun zeuden emakume batzuk ikertu zituen, denak alergiak garatzeko joera zuten familietakoak. Biojogurtak janda, jaiotako umeek ez zituzten hainbeste alergia garatzen. Deigarria, baina adibide bat besterik ez da.

Beraz, ez dago argi zein diren biojogurten onurak, ez digestioari, ezta sistema immunologikoari dagokienez ere. Are gutxiago, publizistek esan gabe esaten dituztenei dagokienez, ustezko onura sexuala barne.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia