Bioerregaien abantailak zalantzan
2008/02/03 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Bioerregaiak landareetatik lortzen dira, artotik, azukre-kanaberatik, koltzatik eta palmatik, adibidez. Landare horiek elikadurarako erabiltzen dira gaur egun. Beraz, elikadura- eta erregai-beharrak asetzeko, horien produkzioak gora egin beharko luke. Horretarako, hiru elementu dira beharrezkoak: ura, landa-lurra eta ongarriak. Horietaz aparte, beste faktore askok eragiten dute bioerregaien ekoizpenak ingurumenean sortzen duen inpaktuan, baina hiru elementu horiei bakarrik begiratuta ere badaude desabantailak.
Uraren arazoa
Bioerregaiak garatzeko zenbat ur beharko den kalkulatu dute zenbait ikertzaile taldek, eta haietako bakoitzak helburu baten araberako azterketa egin du. Lehena, asmo handikoa: 2050. urtean, elektrizitaterako eta garraiorako erabiltzen diren erregai fosilen erdia ordezkatzea. Bigarrena, xumeagoa: 2030. urtean egungo bioerregaien erabilera 4 aldiz biderkatzea, egungo petrolioaren % 7,5 ordezkatzeko.
Lehen kasuan, urtean 4.000-12.000 km3 ur gehiago beharko lirateke. Kontuan izan behar da planetako errekek urtean 14.000 km3 besterik ez dutela garraiatzen. Bigarren kasuan, ordea, nahikoa izango lirateke urtean 180 km3 gehiago. Baina CO2 emisioak ez dira horrenbeste murrizten, noski.
Landa-lurren eskasia
Bioerregaien lehengaiak landatzeko zenbat lur dagoen ere kalkulatu dute. Horretarako, alde batera utzi dituzte eraikita edo landatuta dauden lursailak, basamortuak, basoak, landaretzarik ez dagoen lekuak, mendiak, babestutako azalerak, klima gogorreko guneak eta larreak. Hala, planetan 250-300 milioi hektarea erabil daitezke laborantzarako, hau da, Argentinaren tamainako lursaila.
2030. urtean munduko erregai-kontsumoaren % 10 bioerregaiekin ordezkatzeko, 290 milioi ha beharko lirateke. Egun erabiltzen den bioerregai-kantitatea laukoiztea helburutzat finkatu dutenek, ordea, 30 milioi ha-rekin nahikoa izango litzatekeela kalkulatu dute. Hau da, gaur egun erabiltzen dena baino 2,5 aldiz gehiago.
Laborantzarako libre geratzen diren lursailekin nahikoa izango litzateke bi kasuetan, baina kontuan izan behar da 2030ean 2-3 milioi pertsona gehiago egongo direla elikatzeko. Horretarako, 200 milioi ha beharko dira, eta beste 25 milioi ha bioerregaien industriak kokatzeko.
Batuketaren emaitza garbia da. Lehen kasuan ez dago nahikoa lursail bioerregaiak garatu eta erregai fosilen kontsumoa ordezkatzeko. Ezta etorkizuneko kontsumoaren zati txiki bat ere. Bigarrenean, posible litzateke, baina ordezkapena askoz murritzagoa da.
Ongarriak eta nitrogenoa
Lur-eremu eta ur nahikoa egongo balitz ere, beharrezkoa da landareak hazteko ongarriak erabiltzea, eta ongarrien erabileran ere arazoak aurkitu dituzte. Izan ere, ongarri horiek nitrogenoa dute. Nitrogeno horren portzentaje bat oxido nitroso (NO2) bihurtu eta atmosferara askatzen da, eta NO2-ak Lurraren berokuntzan eragina du, CO2-ak bezala. Hortaz, alderdi horretatik, ez du merezi erregai fosilen ordez bioerregaiak erabiltzea.
Aurreikuspen baikor edo ezkorragoak dauden arren, erregai fosilak noizbait bukatuko dira. Egun, zenbat adituren ustez, bioerregaiak dira aukera egoki eta garbiena; CO2 gutxiago isurtzen dute eta lehengaia berriztagarria da. Baina lor daitezkeen helburuak oso xumeak dira, uste zenaren aldean. Bioerregaien ametsa hauts bihurtzen ari ote da?
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia