Biodiesela, mesedez
2004/05/12 Pikabea Amundarain, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Oraingoz, Euskal Herriko hiru gasolindegitan aurki daiteke: Bilbon, Gasteizen eta Andoainen. % 15 biodiesel eta % 85 petrolio-gasoilez osatutako nahasketa har daiteke gasolindegi horietan. Nahasketak Bionor Mx-15 izena du, gasolioaren kostua bera du eta era guztietako Diesel motorretan erabil daiteke. Bionor Transformación enpresak ekoizten du eta urtean 30.000 tona ekoiztea espero dute. AZTI Fundazioak, Energiaren Euskal Erakundeak, eta sektoreko beste enpresari txiki batzuek osatzen dute enpresa.
Ohiko dieselarekin alderatuta, ingurumenari kalte txikiagoa egiten dio biodiesela erretzeak. Miguel Angel García, Bionorko zuzendari nagusiaren arabera, sufre oxidorik ez da isurtzen autoaren ihes-hoditik, eta kedarrak % 55 gutxitzen dira gutxi gorabehera. Horrez gain, "gasolioak batzuetan izaten duen usain txarr
a desagertu egiten da biodieselarekin. Eta, azkenik, motorra lubrifikatu eta garbitu egiten du bio
dieselak, garbitzeko ahalmen handia baitu. Horren ondorioz, motorraren bizitza luzatu egiten duela esan daiteke, eta mantentze-kostuak murriztu egiten dituela".Kontuan hartu behar da, bestalde, biodiesela erregai berriztagarritzat hartzen dela, autoan erretzean landarearen hazkuntzan hasitako karbonoaren zikloa ixten delako nolabait. Hau da, landareak hazteko atmosferatik xurgatu duen CO 2 kantitate bera isurtzen da berriz atmosferara hura erretzean eta, beraz, balantze osoa zero dela jotzen da. Dieselaren kasuan berriz, erregai-fosila izaki, ekuazio hori ez da betetzen. Horregatik ohiko diesela baino hobea da, perfektua ez bada ere .
Esan beharra dago, dena den, aipatutako onura horiek guztiak % 100 biodiesela den erregaiari dagozkiola eta, ez egun saltzen den nahasteari,
nahastearen % 85 betiko gasoila baita.
Sukaldetik erregai-tangara
Biodiesela ekoizteko, lehen lana lehengaia, hau da, olio begetala, biltzea da. Rafrinor eta Ecogras enpresak arduratzen dira olioa biltzeaz eta Bizkaiko, Arabako eta Kantabriako 1.500 jatetxetan egiten dute bilketa. Horiez gain, zazpi udal ere hasi dira lan horretan. Izan ere, landare-olioarekin –birjinarekin nahiz erabilitakoarekin– egin daiteke biodiesela.
Olioa bildu ondoren, lehen egitekoa solidoak eta gehiegizko ura kentzea da eta, ondoren, olioa eraldatu egiten da glizerina eta ester metiliko bihurtzeko, hau da, biodiesela ekoizteko. Erreakzio egokia gerta dadin, garrantzitsua da osagai bakoitzaren proportzioa zehatz-mehatz neurtzea. Luis Ferreiro, Bionorko gerentearen ustez kontuan izan behar da lehengaia ez dela oso erregularra. "Prozesua oso ezaguna da bibliografía; transesterifikazio bat da, hitz potoloa benetan. Baina erreaktibo bat gehitzea besterik ez da, kasu honetan olioari alkohola gehitzea; erreakzioa oso azkar gertatzen da, ordubeteren buruan amaituta dago, eta azkenean bi fase lortzen ditugu: bata organikoa, ester metilikoen nahasketa bat, biodiesela alegia, eta bestea fase urtsua, glizerola alegia". Bukatzeko, fase horiek banatu eta biodiesela garbitu eta lehortu egiten da. Eta baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, ohiko gasolioarekin nahasi eta, erregaia gasolindegira eramaten da, bezeroaren esku jartzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia