}

Biodiesela ekoizten duen lehenengo instalazioa Euskal Herrian

2003/05/23 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Biodiesela ekoizten duen Euskal Herriko lehenengo instalazioa ireki du Araban Bionor Trasnformación S.A. enpresak. Urtean 20.000 tona biodiesel ekoitziko dituzte erabilitako landare-olioa lehengaitzat hartuta.

Proiektuarekin bi helburu betetzen dira: olio-hondakinei balioa ematea eta horien isurketa galaraztea. Izan ere, instalazio berriarekin erabilitako landare-olioa berreskuratu eta, gainera, pentsuen ekoizpen-katetik ateratzen da. Bestetik, nekazariei erabiltzen ez dituzten lurretan hazi oliotsuak dituzten laboreak landatzeko aukera eskaintzen zaie. Horietaz gain, energia-balantzean energia berriztagarrien parte-hartze handiagoa bultzatzen da eta garraioaren sektoreko energia-aukera zabaltzen da; izan ere, egun gasolinak eta gasolioek menperatzen dute merkatu hori.

Bionorrek jatetxe, lantegietako jangela, ospitale edota janaria prestatzen duten enpresetako olioa jasotzen du; gainera, etxeetako olioa jasotzeko egitasmo bat ere abiarazi du udalekin.

Normalean, olio-landareak eta animalien gantzak besterik gabe isurtzen dira eta ingurumen-arazo larriak sortzen dituzte. Aldiz, biodiesela ekoizteko lehengai gisa erabiliz, erregai ekologiko bat lortzen da eta olioek araztegietan sortzen dituzten arazoak saihesten dira.

Biodiesela gasolioaren pareko erregaia da, baina biodegradagarria eta emisio poluitzaile gutxiago dituena. Izan ere, biodieselak ez du ia sufrerik, ezta ia klororik ere, eta ihes-hoditik partikula gutxi isurtzen ditu. Gasolinarekin alderatuta, askoz ere gas poluitzaile gutxiago isurtzen du. CO2-aren emisioa, berriz, zeroren parekoa da; izan ere, biodieselak isurtzen duen CO2 kantitate bera kontsumitzen dute hazi-koipetsuetako landareek beren hazkuntza-zikloan.

Ikuspuntu teknologikotik, berriz, biodiesela guztiz bateragarria da Diesel motorrekin. Biodiesela erabiltzeko ez da motorretan inolako aldaketarik egin behar eta haien bizitza-iraupena eta errendimendua hobetzen ditu.

Bionor Transformación S.A. enpresa AZTIk, EVEk eta olioa jasotzeaz arduratzen den Ecogras eta Garcia Mendoza enpresek osatzen dute. Enpresa horiekin batera sektoreko enpresaburu batzuek ere hartzen dute parte Bionor Transformación S.A. proiektuan.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia